Aintzane Ezenarro. Gogora-ko zuzendaria

«Gertatu zenaren gaineko egia gizarte osora zabaldu behar da»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Joan den uztailean onartu zuen memoria historiko eta demokratikoaren lege proiektua Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, eta Gernikan izan diren jardunaldietan Gogora institutuko zuzendariak izan du lege proposamenari buruzko nondik norakoak aurkezteko ardura. Ezenarrok azaldu duenez, «urte amaierarako» espero dute legea indarrean sartzea.

Zer berrikuntza ekarriko ditu legeak?

Instituzioen arteko akordio bat eta desberdinen arteko akordio bat sustatu nahi du, memoria historikoaren egia instituzionalizatzeko. Eta hori esaten dugunean ondokoa esaten ari gara: denok onartu dezagun demokrazia bat indarrean egonik altxamendu faxistak demokraziaren kontra egin zuela eta demokrazia defendatzen dugunok garela haien oinordeko. Beraz, haien memoria eta haiek defendatu zituzten balioak berreskuratu behar ditugula, hori delako azken batean memoria demokratikoa berreskuratzea.

Zer ekarpen egiten du egia instituzionalizatzeak?

Egiaren aitortza instituzionala legez eskatzeak garrantzi handia du. Esaterako, asteartean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari entzun geniona hori bera zen: egiaren aitortza instituzional bat. Ba gauza bera behar da: hemen 1936tik 1978ra egon zen altxamendu faxista eta diktaduraren gaineko egia instituzionalizatzea akordio plural batekin.

Zer neurri konkretu bilduko ditu legeak hori lortzeko?

Esaterako, planteatzen dugu aitortza indibidualizatuak ematea eskatzen diguten kasuetan; adierazpen moduko bat izango litzateke.

Aipatu izan duzu jada egiten ari diren hainbat gauza ere bilduko dituela legeak. Zertarako ezarri lege bidez orduan?

Adibidez, desobiratzeak jada egiten ditugu, baina orain hori legez ezarriko da, eta horrek babes publikoa ematen dio. Batasun zentzu bat ere eman nahi diegu egiten diren gauza guztiei, baina baita babes juridikoa ere.

Zertan jarri duzue indarra?

Batez ere, dibulgazioan. Aipatu dugun egia hori zabaldu ere egin behar da, ikastetxeen bidez, adibidez. Baina ez hori bakarrik, gizarte osora ere zabaldu behar da. Besteak beste, Gogoraren egoitzan jarriko ditugun erakusketen bidez, edo Martxoaren 3aren inguruan sortuko dugunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.