Getxoko epaitegiak atzeratu egin ditu Irurak Bat jauregiko auzian inputatuen deklarazioak

Otsailaren 25ean deklaratu behar zuten hamar auzipetuek, tartean EAJko hiru zinegotzi. Epaileak oraindik ez du zehaztu noiz deklaratuko duten.

Irurak Bat jauregia zegoen orubea, eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irurak Bat jauregia zegoen orubea, eraitsi ostean, 2024ko abuztuan. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU
14789412 kepa
2026ko otsailaren 9a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsailaren 25ean epailearen aurrean aurkeztekoak ziren Irurak Bat jauregia eraisteagatik auzipetutako hamar lagunak —tartean, EAJko hiru zinegotzi—. Epailea aldatu dute, ordea, eta, ondorioz, deklarazioen eguna ere aldatu dute. Marcos Amorrek hartu du Getxoko (Bizkaia) 2. Instrukzio Epaitegiaren ardura, Neus Galobardes ordezkatuta; eta epaile berriak aintzat hartu ditu ikertutako hiru udal funtzionarioen abokatuek egindako eskaerak. Horiek horrela, bertan behera utzi ditu otsailaren 25erako aurreikusitako deklarazioak: «Agendaren arabera erabakitako data berria aldeei jakinaraziko zaie», ebatzi zuen otsailaren 3ko autoan.

Irurak Bat jauregia Getxoko ondare historikoaren parte zen, eta 2024ko abuztuan eraitsi zuten, luxuzko etxebizitzak egiteko. Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiak hamar pertsona inputatu zituen auzi horrekin lotuta, tartean udaleko hiru zinegotzi: Irantzu Uriarte, Ignacio Uriarte eta Iñigo Urkitza. Bi delitu zantzu atzeman dituzte. Bata, ondare historikoari buruzkoa, eta bestea, ondare historikoarekin lotutako prebarikazioa. Ondorio politikoak ere izan ditu auzi horrek: EAJko hiru zinegotziak kargutik kendu dituzte dagoeneko. Amaia Agirre alkateak, ordea, dimititzeari uko egin dio, oposizio guztiak hori eskatzeko mozioa onartu arren.

Epaile baten ordez ari den Neus Galobardes Getxoko epaitegian, eta hark agindu zuen, urtarrilean, udal bulegoak miatzeko eta Getxoko EAJko bederatzi zinegotzietatik hiruri eta goi funtzionarioei zitazioak egiteko. Lehenagotik ere ikertzen ari ziren Irurak Bat jauregiaren lurretan egin nahi dituzten luxuzko etxebizitzen sustatzaileak. Etxeetako bat bi zinegotzik erosi zuten. Galobardes, baina, Kataluniara joan da harrezkero, eta Amorrek hartu du haren lekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA