Paueko Dei Auzitegiak zigor gogorragoa ezarri dio Alexis Jureti, Baionako Louis de Foix lizeoko lankide bati eraso izana leporatuta. Ici Pays Basque irratiak zabaldu duenez, sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote epaileek, gibelapenarekin.
Iazko azaroan epaitu zuten Juret, Baionako auzitegian, eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri, baina defentsak erabaki zuen epaiari helegitea aurkeztea.
Laure Zacchelloren senarra da Juret. Zacchello Urruñakoa (Lapurdi) da, desagertuta dago iazko ekainetik, eta Juret behin-behineko espetxealdian dago horregatik. Hura da emaztea hiltzearen eta desagerraraztearen susmagarri nagusia.
Ikusi gehiago
Juret fisika eta kimikako irakasle aritu zen Baionako Louis de Foix lizeoan emaztea desagertu zenetik atxilotu zuten arte. Urte hartako apirilean, lankide bati eraso egin zion, materiala behar bezala prestatu ez ziolakoan. Lepotik heldu zion. Auzitegiak bere egin du, beste behin, fiskaltzaren zigor eskaera; defentsak kargutik kentzeko eskatu zuen, argudiatuta «artifizialki muntatu afera bat» dela.

