Gibelapenezko lau hilabeteko kartzela zigorra galdegin dute Laure Zacchelloren senarraren kontra, lankide bati erasotzeagatik

Defentsak kargugabetzea galdegin du, eta epaimahaiak azaroaren 20ean emanen du erabakia. Alexis Juret behin-behineko atxiloaldian dago aitzinetik, bere emaztearen erailketaren eta desagertzearen lehen susmagarria delako.

Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako auzitegia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko azaroaren 7a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo epaitu zuten, Baionako auzitegian, 2024ko apirileko gertakarien harira: biak Baionako Louis de Foix lizeoan lanean ibiltzen zirela, Alexis Juret Fisika eta Kimika irakasleak bere lankideari eraso zion, materiala behar bezala prestatu ez ziolakoan; gizona, haserre, lankidea lepotik hartu zuen eskuekin. Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra galdegin du haren kontra, gibelapenarekin, eta azaroaren 20an emanen du epaimahaiak deliberoaren berri. Defentsak kargugabetzea eskatu du.

Ici Pays Basque irratiak agertu duenaren arabera, auzia publikorik gabe iragan da. Biktimaren auziko mintzaldia jaso dute: «Eskuak lepora ekarri zizkidan, biziki lasaiki, tinkatu gabe, eta lasaitzea galdegin zidan. Itzuli erdi egin, eta joan zen». Bere senarrarekin hitz egin, eta urte bat beranduago erabaki zuen salaketa ezartzea, pentsatuz agian itotzen ahalko zuela.

Jureten abokatuen ustez, «asmakuntza bat da» auziaren arrazoia, eta istorio horren beste azalpenik ez dago, Zacchelloren aferaren testuinguruan «erruduna betiko errudun» izendatzea ez bada. 

Zeren salaketa testuinguru zabalagoan ulertzekoa da: Laure Zacchello urruñarra iazko ekainaren 20an desagertu zenetik, preso dago Juret; prokuradoreak ez du pistarik baztertu nahi, baina ezkor dago Zacchelloren zoriari buruz, eta Zacchelloren erailketa eta desagerraraztea egozten dio Jureti, hain zuzen. Behin-behineko atxiloaldian dago Mont-de-Marsango espetxean, Frantziako Landetan.

Senarrak bezala, 43 urte ditu Zacchellok; «ezkondua eta dibortzio bidean» da, Bourrier prokuradoreak zehaztu zuenez. Senarrak eta biek hiru haur dituzte, 5, 7 eta 9 urtekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.