Maria Txibitek ez du inongo asmorik Carlos Gimeno kargutik kentzeko. Nafarroako Gobernuko lehendakariak argi utzi du gaur, parlamentuko osoko bilkuran, «oso harro» dagoela Hezkuntza kontseilariak departamentuan eginiko lanaz: «Izen oneko kudeatzailea da, eta politikari konprometitua hezkuntzako zerbitzu publikoarekin. Argi dauka eskola publikoa dela gure hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea, eta hala izan behar duela aurrerantzean ere», esan du Txibitek, PPko eledun Javier Garciaren galderei erantzunez.
Ikusi gehiago
Are, lehendakaria «oso harro» dago urteotan Gimeno kontseilariak Hezkuntza alorrean ezarritako «aurrerabideez»: «Nafarroako hezkuntza eredugarria da, eta, alor askotan, erreferentziazko sistema Espainian. Herritarrek hobekien baloratutako zerbitzu publikoa da. Gatazkak ere izan ditu, noski, baina egoera ez da zuek aurkeztu duzuen bezalakoa: existitzen ez den kaos bat islatu nahi izan duzue», aurpegiratu dio PPko legebiltzarkideari. Horregatik, gobernu barruko krisia hauspotzeko ahaleginetan dabiltzanei esan die «esperantza oro galtzeko»: «Nafarroak ez du PPk gobernatutako erkidegoen bidea hartuko. Gimeno kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak ez dute deseginen hezkuntza publikoa, eta ez dituzte pribatizatuko ez Lanbide Heziketa, ez Batxilergoa, ezta unibertsitate sistema ere».
«Gobernuak aurrera eginen du»
Itunpeko ikasgelen itxierak sortutako krisiari buruz, Txibitek esan du egoera «neurriz kanpo» estutua zela, baina gobernuari eusten dioten taldeek asmatu dutela «urak bere bidera ekartzen». 2023ko itun programatikoa «indarrean» dela berretsi du lehendakariak, eta legealdia osorik egiteko borondate osoa agertu: «Aurrera eginen dugu, funtzionatzen duen proiektu bat delako gurea, eta, batez ere, ez dagoelako gehiengo alternatiborik. Ez dago aurrerabidea bermatuko duen beste biderik».
Txibitek gaineratu du Nafarroa dela «pluraltasunaren adibiderik garbiena», eta bere gobernua jarri du adibidetzat: «Koalizioen koalizio bat da, eta gutxiengoan dago parlamentuan, baina, hala ere, zazpi aurrekontu eta 189 ekimen legegile atera ditugu aurrera».
Joan den asteko krisia «gainditua» dagoela uste du lehendakariak, baina onartu du bazkideen arteko komunikazioa landu beharra dutela: «Denok ikasi dugu zerbait, eta batez ere, ulertu dugu barne lankidetzarako eta komunikaziorako mekanismoak hobetu behar ditugula, betiere proiektuarekin leial jokatuz. Eztabaida abiapuntutzat hartuta, gizarteari hitzeman dioguna eta adostu duguna bete behar dugu».