Gobernu bazkideen arteko ika-mika soila zirudienak lurrikara politiko handia sortu du Nafarroan, hauteskundeetarako urtebete eskas falta den honetan. Iragan osteguneko eztabaida biziaren ostean, urak bere bidera ekartzeko ahaleginetan ari dira Maria Txibiteren gobernuari eusten dioten taldeak, baina kostako da zauriak ixtea eta birrindutako zubiak berreraikitzea.
Ekaitzaren erdi-erdian zera dago: hezkuntza ereduen kudeaketa, eta zerbitzu publikoen «zentraltasuna» ulertzeko modu ezberdinak. Eta gai horrek sortutako kalapitaren erdian, izen bat: Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarena. Orain arteko gobernu krisi ia guztien oinarrian egon dira Gimenoren erabakiak eta jokamolde harroa, eta hezkuntzako eragileek eta euskalgintzak behin baino gehiagotan eskatu diote dimisioa eman dezala.
Horra auzia ulertzeko hainbat gako, galdera-erantzunen bidez:
UPNk proposatutako hezkuntza lege bat aurrera atera da parlamentuan. Zer da, zehazki, onartu dutena?
Joan den asteko osoko bilkuran aurrera atera zen UPNren lege proposamena, EH Bilduren zuzenketa batzuk barne hartuta. Hortaz, onartu dutenaren arabera, itunpeko ikasgelak ixteko erabakia urtebetez geroratu beharko du Hezkuntza Departamentuak. Horrez gain, itunak berritzeko irizpideak aurretik zehaztu beharko dira aurrerantzean; beraz, matrikulazio prozesuetan, sare pribatuko ikastetxeek aukera izanen dute justifikatzeko zergatik eutsi behar zaien itunduak dituzten unitateei: argudiatu dezakete, adibidez, inklusioa bermatzeko balio dutela, berrikuntza pedagogikoan inbertitu nahi dutela edo esku hartze soziala sustatu nahi dutela. Era horretan, errazago justifikatuko dute itunpeko ikasgelei eustea. Steilas sindikatuak salatu du horrek erabateko askatasuna emanen diela sare publikotik kanpoko eskolei beren ikasgelak diru publikoarekin finantzatzeko.
Azkenik, legeak gobernua behartuko du ratioak apaltzeko irizpideak parekatzera. Zer esan nahi du horrek? Bada, ratioak apaltzeko orduan, neurri berean apalduko direla bai sare publikoan bai itunpekoan. Horrek ez du esan nahi, hala ere, gobernua behartua egonen denik ratioak apaltzera.
Gobernua zergatik ez da behartua egonen ratioak apaltzera?
UPNren jatorrizko proposamenak ez zuelako halakorik jasotzen. EH Bildu saiatu zen legea nolabait doitzen, zazpi zuzenketa aurkeztuta, eta hain zuzen, horietako batean jasota zegoen ratioak apaltzeko betebeharra: Nafarroako Gobernua behartu nahi zuten hemezortzi hilabeteren buruan ratioak sare guztietan apaltzeko lege bat ontzera. EH Bilduren zuzenketa horrek Geroa Bairen babesa jaso zuen soilik, eta ez zen aurrera atera.
Hortaz, legeak zer eragin izanen du egiatan?
Gaur-gaurkoz, inor gutxik erantzuten ahal dio galdera horri. Gauza bakarra dago argi: ixteko zorian ziren itunpeko ikasgelak ez dituztela itxiko datorren ikasturtean. Aurten bezala segituko dute, urtebetez. Gainerako guztia espekulazio hutsa da. Nafarroako Gobernuak esan du aurtengo matrikulazio prozesu osoa berriz egin beharko dela agian, eta balitekeela ikasle asko lekurik gabe geratzea. Beste iturri batzuen arabera, ordea, ez da halakorik gertatuko. Matrikulazio prozesua legearen araberakoa izan zen hasi eta buka —gerora legea aldatu badute ere—; baldintzak aldez aurretik zehaztuta eta onartuta zeuden, eta prozesua burutu ostean beste lege bat onartzeak ez du ekarriko aurretiko prozesuak baliogabetzea. Hori hala bada, UPNren legeak hurrengo matrikulazio aldian izanen du eragina, ez honetan.
Badago kontuan hartu beharreko beste ondorio posible bat ere: zer gertatuko den ixteko arriskuan diren ikasgela publikoekin. Printzipioz, UPNren legeak babestu beharko lituzke unitate horiek ere, baina Steilas sindikatuak, adibidez, ez du uste halakorik gertatuko denik: esan dute Hezkuntza Departamentua behartua dagoela publikoak ez diren ikastetxeekin dituen itunak berritzera, baina ez duela betebeharrik ikasgela publikoei eusteko. Hortaz, legeak eragotziko luke ikasgelak ixtea itunpeko eskoletan, baina ez publikoetan. Itxiko liratekeen ikasgela gehienak landa eremuko D eredukoak direla salatu du Steilasek.
Polemika honek eragina izanen du gobernu barruko harremanetan?
Auzi honek agerian utzi du gobernuari eusten dioten alderdien artean konfiantza falta dela, eta lehendik bazegoen arrakala hori handitu egin da. PSN eta Zurekin Nafarroa daude alde batean, eta Geroa Bai bestean. EH Bildu ez dago gobernu barruan, baina lehentasunezko bazkidea da aurrekontuak eta bestelako legeak aurrera ateratzeko tenorean. Hortaz, baliteke harremanetan eragina izatea. Gaur bertan, bilera egitekoak dira gobernuari eusten dioten alderdiak, eta iragarri dutenez, gobernu itunarekin duten konpromisoa berritzeko izanen da.
Konpromisoa berritzen ez badute, zer?
Aukerak ez dira izanen inorentzat onuragarri: orain gobernua haustea eta hauteskundeak urtebete aurreratzea kaltegarria izan daiteke hala PSNrentzat nola Geroa Bairentzat. Eta bestalde, inork ez du jendaurrean agertu nahi gobernua hautsi duen indarra balitz bezala; hortaz, denek esan dute Txibiteren gobernuari eustea dutela lehentasun, besteak beste, eskuina eta eskuin muturra agintera ailega ez daitezen. Dena den, argi dago aldaketa batzuk egin beharko dituztela, ostegunekoaren pareko hausturarik eta jendaurreko eztabaidarik ez dadin izan berriz, eta hor Gimeno ageri da: Hezkuntza kontseilaria polemiken erdigunean dago aspalditik, eta hainbat desadostasun sortu ditu gobernu bazkideen artean. Txibitek aztertu beharko du komeni zaion halako soslai bati eustea gobernu barruan.
Zergatik ematen du hainbesteko zeresana Gimenok?
Kontseilari izan aurretik ere, ezaguna zen Nafarroako Parlamentuan, Uxue Barkosen gobernuari egin ohi zizkion kritika zorrotzengatik eta eztabaidetan erabiltzen zuen tonu zakarrarengatik. Euskara gaietan aritzen zen gogorren, eta behin baino gehiagotan erabili zuen euskararen «inposizioaren» diskurtsoa, gobernuaren hizkuntza politikak kritikatzeko. 2018an, Iruñean eginiko manifestazio euskarafoboan parte hartu zuen, PSNko beste kide batzuekin batera.
Kontseilari denetik, bi fronte izan ditu kontra. Batetik, aurka izan du euskalgintza, euskarazko hezkuntzari jarritako trabengatik; eta bestetik, hezkuntzako sindikatuek ere estu hartu dute, irakasleen lan baldintzak okertu izana egotzi baitiote. Gimeno kontseilari denetik, Hezkuntza Departamentuak trabak jarri dizkio D eredu publikoa zabaltzeari, besteak beste Correllan, Oibarren, Lerinen, Larragan, Faltzesen, Mendigorrian, Iruñeko Lezkairu auzoan eta Barañaingo Alaitz institutuan. Euskarazko lerroak zabaldu izan direnean, beti zabaldu dira herritarrek presio egiteagatik edo parlamentuko taldeek horretara behartzeagatik.
Hezkuntza komunitatean zer iritzi dute kontseilariari buruz?
Azken zazpi urteetan, Gimenok lortu du sindikatu ia guztiak ados jartzea bere kontra. 2024-2025eko ikasturtean, hiru lanuzte egin zituzten hezkuntza publikoko langileek, eta aurten, greba orokor bat eta sektorekako zenbait protesta, besteak beste, Lanbide Heziketa dualarekin, 0-3 zikloarekin eta ikasgelak ixtearekin lotuta. Gimenok hezkuntza publikoaren defendatzaile sutsu gisa aurkezten du bere burua, baina sare publikoko eragileak kalean izan ditu egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Sindikatuek salatzen dute, besteak beste, langileek lan gainkarga izugarri handia dutela, ratioak apaldu egin behar direla, eta kontseilariaren formak ere txarrak direla, uko egiten diolako langileen ordezkariekin eta bestelako eragileekin biltzeari eta negoziatzeari.