Gizon batek salatu du berrehun euroko isuna jarri diotela autoko matrikulan 'EH' pegatina edukitzeagatik

Gizonaren esanetan, bi aldiz geratu dute Ertzaintzaren kontroletan. Lehenengoan, ez zuten zigortu; bigarrenean, ordea, bai. Helegitea jarri du.

Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ertzaintzaren kontrol bat, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko urtarrilaren 8a
11:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autoen matrikulek hura nongoa den identifikatzeko hizki bat eramaten dute Europako banderaren gainean: E Hego Euskal Herrikoek eta F Ipar Euskal Herrikoek. Alta, bada hori estali eta gainetik 'EH' jartzen duenik. Erabaki horixe hartu zuen Jon Larrañagak; alabaina, BERRIAn salatu du Ertzaintzak berrehun euroko isuna —segituan ordainduz gero, ehunekoa— ipini diola kontrol batean.

Hain zuzen, BERRIAko artikulu bat irakurrita animatu zen Larrañaga matrikulan pegatina hori jartzera. Orain bi urte, Ibon Aginaga Imazek salatu zuen arrazoi berarengatik zigortu nahi izan zutela, baina, azkenean, isunak bertan behera utzi zizkioten. «Zera esan nuen: 'Euskal herritar bat ari bada saiatzen Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan libreki ibiltzen pegatina horrekin, ni ere animatu egingo naiz'».

Eta halaxe egin zuen. Larrañagak, pegatinak erosi, eta autoko aurreko eta atzeko matrikuletan jarri zituen. «Hortik lauzpabost hilabetera, goizeko ordu txikietan, norbaitek lana hartu zuen ezkutuan makurtzeko eta pegatinak kentzeko bai aurreko matrikulatik bai atzekotik». 

Baina berean jarraitu zuen Larrañagak, eta berriro itsatsi zituen pegatinak. Azaldu duenez, handik pare bat hilabetera, Zarautz (Gipuzkoa) inguruan autoan zihoala, Ertzaintzaren patruila bat atzetik joan zitzaion, eta geratzeko eskatu zioten. «Ni gidari nengoen; ertzain bat atera zen, eta hurreratu egin zitzaidan. 'Kaixo' esan nion, eta berak erdaraz erantzun, beti bezala. Ni tematu egin nintzen euskaraz, eta, itxuraz, ulertu zidan». Larrañagak azaldu duenez, ertzainak adierazi zion lehenengo aldia zuela «horrelako matrikula bat» ikusten zuena, «bitxia» iruditu zitzaiola, baina ez zion aparteko arazorik jarri, eta aurrera jarraitzeko agindu zion.

Alabaina, orain dela pare bat aste berriro geratu zuten ertzainek kontrol batean. «Esan zidaten ezin nuela pegatina eraman, matrikula aldatzen ari nintzela, eta hori ez dela legezkoa». Larrañagak gerora pentsatu du azal zezakeela pegatina horrek ez zuela eragozten ez autoa bera ez gidaria identifikatzea, baina, momentuan, ez zitzaion bururatu hori esatea: «Esan nion: 'Orain dela pare bat hilabete zure lankide batek gelditu ninduen, eta esan zidan lasai jarraitzeko». Baina isuna ipini zioten, berrehun eurokoa —berehala ordainduz gero, ehunekoa—. Berriki helegitea jarri du, eta erantzunaren zain dago.

Beste kasu batzuk

Larrañagarenaz eta Aginagarenaz gain, egon dira antzeko beste gertakari batzuk ere. Azkenean, baina, Espainiako Barne Ministerioak 2022an erabaki zuen Poliziak ezin duela zigorrik ezarri autoen matrikulako 'E' letra norbere nazioarenarekin estaltzeagatik, eta, horrenbestez, bertan behera utzi zituen galiziar bati arrazoi horrengatik hainbat urtetan ipiniak zizkioten isunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.