Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk erantzukizun politikoa hartzeko eskatu diote PSNri

Kontu hartzaile nagusiak ebatzi du Belateko tunelaren obretan izandako zortzi milioi euroko gainkostutik 6,2 milioi ez daudela behar bezala arrazoituta. PSNk emandako azalpenak ez ditu asebete ez gobernuko bazkideak, ez EH Bildu.

(ID_15320368) ESPAÑA PALAMENTO NAVARRA
Pablo Azkona eta Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2025eko abenduaren 1a
19:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belateko tunelen obrak, azkenik, pitzadura handi bat sortu du Nafarroako Gobernuaren barruan. Kontu hartzaile nagusiak ondorioztatu du herri lan horretan izandako zortzi milioi euroko gainkostutik 6,2 milioi ez daudela behar bezala arrazoituta. Ondorio nagusi horren larritasuna ikusirik, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak kontuak eskatu dizkiote PSNri, eta, EH BIldurekin batera, erantzukizun politikoak hartzea galdegin diote. Sozialisten azalpenek ez dituzte alderdiak asebete.

Arratsaldean, 16:00etan, Nafarroako Gobernuko hiru bazkideak parlamentuaren egoitzan bildu dira. Krisiaren tamainaren adierazle, talde bakoitzak goi ordezkaritza bat bidali du: PSNren izenean, Maria Txibite gobernuko lehendakaria, Felix Taberna lehendakariordea, Esther Iso Antolamendu idazkaria eta Ainhoa Unzu eleduna; Geroa Bairen izenean, Ana Ollo lehendakariorde bigarrena, Unai Hualde Parlamentuko presidentea, Uxue Barkos senataria eta Pablo Azkona eta Blanca Regulez parlamentariak; Zurekin Nafarroaren izenean, Carlos Guzman eta Miguel Garrido legebiltzarkideak eta Eneko Larrarte Tuterako hautetsia.

Belateko tunelaren lanak Acciona, Oses eta Servinabarren arteko aldi baterako enpresari esleitu zitzaizkion, 76 milioi euroko eskaintza irabazle atera baitzen. Cerdan auzian ikertutako bi enpresa izanik tartean, orain parlamentuko ikerketa batzordea adjudikazio prozesua aztertzen ari da xehe-xehe, kontratazio mahaian tirabira handiak izan baitziren.

«Beharrezkoa da azalpen guztiak ematea gobernuko bazkideen arteko konfiantza berrezarri dadin»

PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna

Haatik, behin tuneleko lanak hasita, Accionak eta Osesek —Servinabar elkartetik kanporatua izan da— arrazoitu zuten 8,5 milioi euroren gainkostuak zituela. Kostuen igoera %10etik gorakoa zenez, prozedura bat ireki da: Uztailean, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritzak bere egin zituen argudioak, eta tramiterako onartu zuen kostu igoera. Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak urrian onartu zuen gainkostu horiek «ustekabeen ondorio» zirela.

Haatik, orain, kontu hartzailetza nagusiak txosten batean hankaz gora jarri du gobernuaren eta enpresen tesia, eta ondorioztatu du hasierako aurrekontuan izandako aldaketak ez diela erantzuten ustekabeko nondik norakoei, baizik eta enpresen «komenigarritasun eta aukera arrazoiengatik» gertatu zirela. Orotara, 6,2 milioi eurorainoko igoera jarri du zalantzan.

Geroa Bai, haserre

Goizean, parlamentuko eledunen batzordean, Geroa Bai oso kezkatuta azaldu da alde handia dagoelako kontu hartzaileak eta Lurralde Kohesioko Departamentuak diotenaren artean. Txostenak dioena goitik behera aintzat hartzeko eskatu dio gobernuko sail horri, zeina PSNk zuzentzen baitu. Zalantzen jakitun, UPNk Geroa Bai xaxatu du: «Geroa Bairen adierazpenekin puru bat erreko du PSNk. Hark dioenak ez duenez ondoriorik, iseka egiten diote». Azkonak erantzun du ez dela UPNren eta PPren jokoan sartuko.

Haatik, arratsaldeko bileran, sozialisten azalpenek ez dute asebete Geroa Bai. Lehenik eta behin, azaldu diote gobernuak zergatik onetsi zuen enpresa elkarteak proposatutako %10etik gorako kostu igoera. «Bigarrenik, jakin nahiko genuke kontseilariak zergatik ez zuen egia esan aldaketa horiek azaltzeko orduan», aipatu du Pablo Azkonak. Berretsi du neurriak hartzeko eta erantzukizuna hartzeko exijitu diotela PSNri. «Lehendakariak eta PSNk egin dizkiguten proposamenek ez gaituzte inondik ere asebete». 

Geroa Baik egindako proposamena aztertuko duela esan die PSNk. Gobernua hautsiko ote den galdetuta, Geroa Baik ez du ezezko irmorik eman: «Gure eskakizunei erantzun arte, itxaron egingo dugu». Azkonak gaineratu du bazkideei eta herritarrei azalpen osoago bat zor diela gobernuak, «konfiantza berrezarri dadin».

«Uste dugu ezin dela kontu hartzailetza nagusiak benetan aitortutakoak baino euro bakar bat gehiago ere ordaindu» 

EH Bildu 

Antzera mintzatu da Zurekin Nafarroako Miguel Garrido. Haren esanetan, intentsitate handiko bilkura izan da, eta sozialistek euren eskaerei erantzutea nahi dute. «Espero dugu gobernuak eta lehendakariak erantzun irmo bat ematea eta gardentasunez jokatzea». 

Bilera hasi aurretik, EH Bilduk larritzat jo du kontu hartzailearen txostenak dioena, eta argi utzi du ezin dela hark dioena baino «euro bat gehiago» ordaindu. «Izan ere, bestela, prebarikazio delitu argia egin daiteke, bai eta Ogasun Publikoarentzako ageriko kaltea ere. Hori ondasun publikoak bidegabe erabiltzearen beste delitu bat izan daiteke, funts publikoak bidegabe erabiltzearen ondoriozkoa. Eta, batez ere, funts publikoen kudeaketa gardena, egokia eta bidezkoa defendatzea dagokigu, herritar guztienak baitira». 

Zer dioen txostenak

Zehazki herri lanaren hiru atal jarri ditu auzitan. Batetik, tunela sostengatzen duen armadura sarean eta hura estaltzen duen hormigoi lodieran aldaketa batzuk egitea planteatu zuen enpresa elkarteak, eta ondorioz 4,5 milioi handituko zen kostu igoera. Herri Lanen Zuzendaritzak arrazoitu zuen aldaketa hori gobernuko meatze atalak ezarritako baldintzak betetzeko asmoz egina zela, baina, orain, kontu hartzaile nagusiak ukatu egin du hori. Haren esanetan, meatze atalaren eskakizunetako batek ere ez du hori agintzen.

Bigarrenik, tunela zulatzeko, bi metodo proposatu zituen enpresak bere proiektuan. Bata, tarterik zailenetan erabiltzeko (%30ean), eta bestea, gainerakoan (%70ean). Meatze atalak ontzat jo zuen, baina tarte zailenetarako metodoa gehienez %40an erabiltzea proposatu zuen. Azkenik, eskakizun hori jaso aurretik, enpresak erabaki zuen tarte zailenetarako metodoa baliatzea tunel osoan, ezustekoak argudiatuta. Kontu hartzaileak dio aldaketa hori ez dela irizpide teknikoen araberakoa izan, komenigarritasunaren araberakoa baizik. Eta esan du enpresak hasieratik hori proposatu izan balu beste puntuazio bat izango lukeela. Haren arabera, zulatze metodo horrekin lau milioi euro aurreztu ditzake enpresak, eta gobernuak 1,2 milioi euro galdu. Hor «kontraesana» dagoela nabarmendu du.  

Hirugarrenik, hasierako proiektuan, enpresa elkarteak proposatu zuen tunela zulatzeko erabilitako lehergaia haien kontu izango zela. Lehergaia biltegiratzeko toki txikiak ezartzea proposatu zuen, eta proposamen tekniko-ekonomiko hori interesgarritzat jo zuen kontratazio mahaiak. «Pentsa liteke eskaintza lehiakorragoa izan zela horregatik, beste enpresek tamaina handiagoko biltegiratzeak proposatu zituztelako», dio kontu hartzaileak.

Santos Cerdan, berriro ere senatuan

PPk eskatuta, abenduaren 17an, Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria berriro Espainiako Senatuko ikerketa batzordera joango da, auziari buruzko azalpenak ematera. Aurretik ere Senatuan izan zen, eta, defentsa eskubidea arrazoituta, azalpen gutxi eman zituen Cerdanek. Espetxetik atera ostean, gaur lehen aldiz Tafallako Auzitegitik pasatu da, eta esan du azalpenak emango dituela hala dagokionean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.