Gogora-ko zuzendariak dio Itxasok borondatea duela Martuteneko espetxean «memoria elementuren bat» uzteko

Ser irrati kateak Martuteneko espetxe zaharretik egin du irratsaioa. Itxasori ez diote galderarik egin espetxea izan zena memoria leku izendatzeari buruz.

Martuteneko espetxea, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Martuteneko espetxea, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
nerea intxausti
2026ko urriaren 16a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jendaurrean egin dute Ser irratiko goizeko saioa, Martuteneko espetxe zaharretik. Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari eman dio lurra, eta babespeko laurehun etxebizitza inguru eraikiko dituzte kartzela izandako tokian. Hoy por hoy saioara gonbidatu dituzte Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria, besteak beste. Lehenak ez du espetxe zaharra memoria leku izendatzeko aipamenik egin, horri buruzko galderarik ere ez baitiote egin; bigarrenak, berriz, pozik esan du Itxasok Martuteneko espetxean «memoria elementuren bat» uzteko borondatea erakutsi duela: «Hala, gogoratua izango da; uste dut ezinbestekoa dela».

Martuteneko espetxearen pisu historikoari buruz galdetu dio Aimar Bretos aurkezleak Alonsori, eta nabarmendu du kartzela hori «frankismoa eraikitzen duen erregimen errepresibo baten parte» izan zela: «Inoiz ez litzateke ahaztu behar existitu zela, indarrez eraiki zutela presoek. Ez da ahaztu behar demokraziarik eta ongizate estaturik ez dagoenean jendea torturatua izan daitekeela».

Memorialisten eskea

1948an ireki zuten Martuteneko presondegia, orain 78 urte, frankismo betean —presoek eraiki zuten—. Joan den martxoan, Euskal Herriko 24 erakunde memorialistak eskaera bat egin zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Memoria Historiko eta Demokratikoari Buruzko 9/2023 Legea aintzat hartuta: Martuteneko espetxea memoria gune izenda dezatela eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari. Eskaera hori berretsi zuen ekainean Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, gogoratuz eraikinaren historiaren «elementu adierazgarriak» babestu behar direla. Horiek horrela, erakunde publikoei eskatu zieten ondarea babesteko neurriak hartzeko.

Memorialisten irudiko, errepresio frankistaren «adierazle nabarmena» izan da, «bereziki salbuespen egoeretan». Izan ere, Martutene tortura ugariren lekuko izan dela adierazi zuten, eta egia historikoa errespetatzea «ezinbestekoa» dela.

Martuteneko espetxearen ateak ekainaren 24an itxi zituzten, eta astebete lehenago inauguratu zuten Zubietako espetxea, ekainaren 15ean. Presoak, beraz, Martutenetik kilometro batzuetara daude jada, eta hasiak dira presondegi hori eraisteko plana abian jartzen: Itxasok jakinarazi du hurrengo urtean hasiko direla eraisketa lanak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA