Gonzalezek EAJ eta PSE-EEren arteko koalizioa defendatu du, eskuin muturraren aurkako tresna delakoan

Araban, legegintzaldiko azken politika orokorreko bilkura «azken hamabi urteetako koalizio gobernuen» balantzea egiteko baliatu du ahaldun nagusiak. «Populismoaren» eta «kanpoko krisien» aurka, «elkarrizketa» eta «aniztasuna» defendatu ditu Gonzalezek.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, gaurko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, gaurko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko irailaren 22a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur, legegintzaldi honen balantzea egitea dagokit, baina azken hamabi urteetako koalizio gobernuen balorazioa ere egin nahi nuke». Horrela ekin dio Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak legegintzaldiko politika orokorreko azken bilkurari. Ez du argitu datorren urteko hauteskundeetara aurkeztuko den edo ez, baina haren hitzei etapa oso baten balorazio kutsua zerien. Eta, nola ez, balorazioa positiboa da, ahaldun nagusiaren ustez.

Gonzalezen arabera, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak «ultraeskuina politika serio eta neurrizkoekin gelditzeko» tresna izan dira, eta «etorkizunean ere jarraipena izateko borondatea» du. «Arabako gizartea babestu nahi izan dugu elkarbizitza eta pluraltasuna mehatxatu dituztenengandik», esan du ahaldun nagusiak, eta bi gobernukideen arteko harremana «elkarrizketa zintzo eta tolesgabean» oinarritzen dela ere adierazi du.

Ahaldun nagusiak ekonomian zentratu du hitzaldia. 80 minutu inguruko diskurtsoa egin du, eta erdia afera ekonomikoei eskaini die. «Kanpotik etorritako» krisiak ikusita, Arabak izandako «erresilientzia» goraipatu du. Egoera on horren adierazle, azken urteetako datu makroekonomikoak aipatu ditu: Arabako BPGa %2,2 handitu zen iaz; Alemaniakoa, berriz, %0,3 soilik. Eta azpimarratu du haren gobernuak «lurraldeari hazten lagunduko» diola aurrerantzean ere.

Langabezia datuen bilakaera positiboa ere goretsi du Gonzalezek, Araba «erabateko enplegu teknikora» igaro baita. «Baina ez da nahikoa», gehitu du, eta hemendik aurrera ere enplegua sortzeko politika egingo dutela esan du. Gizarte segurantzan afiliatuta daudenen kopurua «inoiz baino altuagoa» izatea «oso positibotzat» jo du; 173.233 pertsona daude afiliaturik Araban, azken datuen arabera.

Hala ere, datu ekonomiko positiboek ez dituzte Arabako hainbat lurraldek pairatzen dituzten arazoak ezkutatzen, eta horien aurka egiteko neurriak hartzeko prest azaldu da ahaldun nagusia. Industriaren sektoreak zenbait lekutan pairatu duen krisia da kezka nagusia; Aiaraldean, batez ere. Guardian eta Tubos Reunidos enpresen itxierak edota egoerak txarrak kolokan jarri dute lurraldeko egitura ekonomikoa. Horri aurre egiteko, defendatu du «lurralde ikuspegia» aplikatu behar dela garapen politiketan, eta sortu den «irudi negatiboa» irauli behar dela, gizarte dialogoa bultzatzearekin batera.

Neurria zehatzagoei dagokienez, bi egitasmo garrantzitsu iragarri ditu Gonzalezek eskualderako. Batetik, tren industriarako «berrikuntza zentroa» sortuko dute Laudion, sektoreko enpresa ugariren parte hartzea dela medio. Bestetik, aldundiak «ikus-entzunezkoen gune» bat bultzatuko du Amurrion, «lehen mailako nazioarteko ekoiztetxe baten parte hartzearekin». Ez du adierazi ekoiztetxe hori zein izango den, baina egitasmoa «hiru edo lau hilabete barru» martxan egotea espero du.

Lehen sektorea

Ahaldun nagusiak aipatu duen beste eskualde bat Arabako Errioxa da. Ardogintzaren sektorea krisian da Europa osoan, eta, hortaz, eskualde horretako ardogileentzat «laguntzak» egongo direla iragarri du Gonzalezek. Arabako Errioxa berpizteko urratsik garrantzitsuena «jatorri izendapen babestu propioa» lortzea litzateke, ahaldun nagusiaren ustez. Halere, onartu du ez dutela arlo horretan nahi bezainbeste aurreratu. Izan ere, Espainiako erakundeek Errioxa jatorri izendapen babestua baino ez dute onartzen, eta Arabako Errioxa izendapena sortzeko saiakerak blokeatu dituzte. Hala ere, horren alde lanean jarraituko duela hitzeman du.

Lehen sektorearen erronka orokorrei ere egin die erreferentzia Gonzalezek. Aurtengo udan pairaturiko lehortea izan du gogoan, eta, horren harira, «lehortearen ondorioei aurre egiteko laguntza lerro» bat prestatzen ari direla iragarri du. Sektorearen beste erronka nagusitzat «belaunaldi aldaketa» ezarri du, eta Arabako Foru Aldundia alor horretan egiten ari den lana goraipatu du.

Gizarte politikak

Erakundearen erronka nagusia «biztanleriaren zahartzeri aurre egitea» dela azpimarratu du. Ahalegin horren erakusgarri, adinekoentzako egoitza publikoetan 140 leku gehiago sortu izana jarri du ahaldun nagusiak, eta datozen hilabeteetan «beste ehun toki» sortzeko asmoa ere iragarri du. Horretaz gain, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen aurrekontua nabarmen emendatu izana —3 urtean 48 milioi euro gehiago— eta hainbat zerbitzutan 280 leku sortu izana ere nabarmendu ditu.

Etxebizitzaren alorrean egindako lana ere aipatu du Gonzalezek, eta esan du legegintzaldiaren azken hilabeteetan aldundiaren jarduna horretan zentratuko dela. Orain arte egindakoei dagokienez, gazteentzako alokairuaren hobari fiskalek «13.790 gazteren emantzipazioan lagundu» dutela esan du, eta aldundiak uda baino lehen martxan jarri zuen etxebizitza politiken inguruko informazioa emateko bulegoak «ehun pertsona inguru» artatu dituela. Datozen hilabeteetan, berriz, udalek etxebizitza publikoak egiteko edo erosteko laguntza gehiago espero ditu aldundiak.

Datozen egunetan alderdi politikoen eledunekin bilduko dela iragarri du Gonzalezek, «amaierara arte lanean eta akordioak erdiesten» jarraitzeko asmoz. Foru gobernuak erdietsiriko azken akordioetako bat EH Bildurekin hitzarturikoa izan da, koalizio abertzalearekin adostu baitituzte AP-68 errepidearen bidesari berriak. Azken kontu horretan ere izan ditu berritasunak Gonzalezek. Aipatu du Arabak aplikatuko duen bidesarien %70eko beherapena Gasteiz-Bilbo tarte osora hedatuko dela erabiltzaile arabarrentzat. Izan ere, Bizkaiko Aldundiak aplikatu duen beherapena txikiagoa da, baina arabarrek tarte guztian %70eko beherapen hori izatea da aldundiaren asmoa. 

Bihar alderdien txanda izango da, Gonzalezek esanei erantzuteko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA