Sortzen elkarteak asmo argi batekin ireki zuen Jauzi.eus ataria 2024an: Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduera guztiak leku bakar batean biltzea, eta, bide batez, familiek jarduera horietan izena emateko aukera izatea. Maiatzaren hondar egunetan irekita egon da jarduera horietan izena emateko epea, eta emaitzen berri eman du orain Sortzen elkarteak: gora egin du izena eman dutenen kopuruak, eta 2.500 matrikula jaso dituzte euskara hutsez eskainitako 230 jardueretan.
Emaitza ikusita, pozik agertu dira elkarteko koordinatzaile Aitziber Garmendia eta Iñigo Otxoa. Matrikulazioak gora egiteaz gain, talde asko sortzea lortu dute; zenbaitetan, hain zuzen, lehen halako hiru talde sortzea ere lortu dute. Gainera, atzeman dute eskainitako jarduera guztiak leku bakar batean biltzeari esker gero eta familia gehiagok ematen dutela izena euren ikastetxekoak ez diren jardueretan: «Elkarlanean euskara hutsezko eskolaz kanpoko gertuko eskaintza osatzen denean eta hezkuntza komunitatearen eragileek horren aldeko bultzada koordinatua egiten dutenean, familiek eskaintza horri erantzuten diote».
Elkarteko kideek uste dute apurka-apurka «arlo akademikotik kanpoko euskara hutsezko ordu asko» irabazten ari direla, eta horren garrantzia nabarmendu dute: «Iruñerriko D ereduaren euskara diagnosiari erreparatuta, argi dago arlo akademikotik harago euskarazko esperientziak ugaritzea dela gaur egungo erronka nagusietako bat».
Gaitasuna eta konfiantza
Izan ere, Sortzen-ekoek uste dute «gaitasun eta konfiantza nahikoa ez izatea» dela euskara gehiago ez erabiltzeko arrazoietako bat. Ikasleek euskarazko jarduera gehiagotan parte hartuta, «ahozko gaitasun erosoa» garatzeko eta «erabilera hauspotzeko» bideak ugaldu egiten direlakoan daude.
Sortzen elkarteko kideek eskerrak eman dizkiete egitasmoan parte hartu duten guraso, ikastetxeetako zuzendaritzetako kide, udal eta begirale guztiei, eta aukera baliatu dute guraso euskaltzaleei dei egiteko, guraso elkarteetara batu daitezen: «Euskarak hezkuntza komunitate indartsuak behar ditu». Bide batez, bat egin dute ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxarekin.