'Altsasu auzia'

Gorenaren epaiaren "bidegabekeria" salatu dute Altsasun

Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazte auzipetuei ezarri dizkien zigorrak "proportziorik gabekoak" direla salatu dute manifestariek.

Altsasuko gazte auzipetun gurasoak, Altsasun gaur egin duten manifestazioaren buruan. ALTSASU GURASOAK @ALTSASUGURASOAK
2019ko urriaren 9a
20:32
Entzun

Altsasuko plazan elkarretaratzera deitu dute Altsasu auzian akusatutako zortzi gazteen gurasoek, eta herritarrek ez dute hutsik egin. Bizilagunek herriko plaza bete dute gazteei eta beren senideei babesa emateko eta Gorenaren epaia gaitzesteko. Elkarretaratzea manifestazio bihurtu da ondoren. Altsasukoak aske eta Hau ez da justizia leloak oihukatu dituzte herriko kaleetan barrena.

Auzitegi Nazionalak Altsasuko gazteei ezarri zizkien zigorrak murriztu ditu gaur Auzitegi Gorenak, baina, hala ere, bederatzi urte eta erdira arteko zigorrak ezarri dizkie. Auzitegiak ez du ikusi ideologiagatiko astungarriak ezartzeko arrazoirik, ezta gehiegikeria zantzurik ikusi ere agintearen aurkako erasoaren kasuan.

Epaia salatu dute gazteen gurasoek haren berri izan eta gutxira. Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda auzipetuaren amak adierazi du "astakeria judizial ikaragarria" dela. Amaia Izko defentsa abokatuaren esanetan, auzitegiaren erabakia "oso larria" da, zigorrak "proportziorik gabea" izaten jarraitzen duelako. Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgoko auzitegira jotzeko aukera aztertuko dute. Hainbat alderdi politikok ere Gorenaren epaia salatu dute. Nafarroako Gobernuak "errespetua" adierazi dio Gorenaren erabakiari.

Altsasuko gurasoek agerraldia egingo dute bihar eguerdian, Iruñean, epaia sakonago baloratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.