Luis Larrañaga. Sohateko kidea

«Gorputz Heziketako orduen murrizketa erraz alda dezake Eusko Jaurlaritzak»

Iñaki Larrañaga Sohat elkarteko kideak nabarmendu du hezkuntza komunitateak Gorputz Hezkuntzari ematen dion garrantzia 2007ko hezkuntza dekretuak aitortzen diona baino handiagoa dela.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bost urte beteko dira aurki Eusko Jaurlaritzak 2007ko hezkuntza dekretua indarrean jarri zuenetik. Dekretu horrek irakasgaien gutxieneko ordutegiak zehaztu zituen, eta Gorputz Hezkuntzan murrizketa gogorra ezarri zuen. Sohat Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldeak eta Kirolaren Zientzietako Lizentziadunen Euskal Herriko Elkargoak ikerketa bat sustatu dute gai horri buruz. Luis Larrañaga Sohateko kideak (Azkoitia, 1965) ikerketa horren gakoak azaldu eta gaur egungo egoeraren hausnarketa egin du.

Zeintzuk dira ikerketaren ondorio nagusiak?

2007ko dekretuak ezarritako gutxieneko ordutegia ez dator bat hezkuntza komunitateak irakasgaiari ematen dion garrantziarekin. Bultzatu beharreko hirugarren irakasgaia dela uste dute zuzendaritza taldeek, irakasleek, gurasoek eta ikasleek, atzerriko hizkuntzen eta euskararen atzetik.

Dekretua kontraesankorra dela uste duzu, gutxieneko ordu kopurua murriztu arren arloak duen garrantzia aitortu duelako.

Kontraesana hortik dator. Diagnostiko pedagogikoekin estatuen arteko konparazioa egiten hasi ziren. Diagnostiko horien emaitzak hobetzeko, erabaki pedagogiko argia hartu zen: arlo batzuk indartzeko, beste batzuk kaltetu behar ziren. Erabaki horren atzean ez dago ez barne ebaluazio bat, ezta ikastetxeetatik ateratzen den gogoeta bat ere.

Zer eragiten du horrek?

Gutxieneko ordutegiak ezartzean arlo batzuk indartu dira: hizkuntzak, zientzia eta matematikak. Ikasleen motrizitatearen eta gaitasun artistikoen garapena alde batera utziz gero, ordea, oreka galtzen da.

PSE-EEk gogorarazi du ikastetxeekautonomia dutela ordutegia moldatzeko.

Egiazko proposamena izan balitz, 1996ko gutxieneko ordutegiei eutsi eta ikastetxe bakoitzak askatasunez aukeratuko zuen zer indartu. Soin Hezkuntzaren %40ko murrizketa legez ezarrita dago, eta zuzendaritza taldeek nekez joango dira lege baten aurka. Legez agindutako horren aurka egiteak ahalegin berezia eskatzen die.

Borrokan?

Administrazioak erreferentziazko ordutegiaren arabera banatzen ditu langileak. Ordea, ikastetxeek doikuntzak eskatzen dituztenean ez ditu aldaketak errazten. Gipuzkoako zuzendari askok egoerari aurre egin, eta akordio bat egin zuten Hezkuntza Sailarekin Gorputz Hezkuntzako irakasleak mantentzeko. Bizkaian eta Araban, ordea, ez.

Ikastetxeek nola jokatu dute ordutegiak egitean?

Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxetik batek aurreko ordutegiari eutsi dio, beste batzuek ordu erdi murriztu dute ordutegia, eta izan dira gutxienekoetara jo dutenak ere.

Eta zein da zuen proposamena?

Astean bi orduko gutxieneko ordutegia dekretuz ezartzea Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailaguztietarako.

Eusko Legebiltzarrak eskaera hori bera egin berri dio Jaurlaritzari.

Oso ondo iruditzen zaigu. Gutxieneko ordutegia aldatzearen aurkako 74.000 sinadura lortu genituen. Sindikatu guztien babesa ere lortu genuen. Orain, alderdi politiko gehienek gure proposamenaren alde egitea lortu dugu. Eusko Jaurlaritzak erraz alda dezake Gorputz Hezkuntzako murrizketa.

PSE-EE izan da, Jaurlaritzan dagoen alderdia, ordutegia aldatzeko proposamenaren aurka bozkatu duen legebiltzar talde bakarra.

Oso garbi utzi digute Gorputz Hezkuntzan eta irakasle espezialistetan ez dutela askorik sinesten. Bozketan berriro ikusi da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.