Gorraizko jaietan gertatutako eraso LGTBIfobo bat salatu dute

Sarrigurengo Lafarruka batukada taldeak «irainak, presioak eta diskriminazioa» pairatu zituen jaietako txosnan LGTBI bandera paratzeagatik. Aldarri frankistak ere aditu zituzten. Elkarretaratzea egin dute zenbait elkartek, gertatutakoa gaitzesteko.

Eguesibarko zenbait kolektibok atzo Gorraitzen eginiko elkarretaratzea. BERRIA
Eguesibarko zenbait kolektibok atzo Gorraitzen eginiko elkarretaratzea. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko urriaren 2a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 11tik 13ra bitartean ospatu zituzten Gorraizko jaiak (Eguesibar, Nafarroa). Txupinazoa jaurti eta minutu gutxira, Sarrigurengo Lafarruka batukada taldeko kideek LGTBI bandera paratu zuten jaietako txosnan, eta zenbait pertsona oihuka hasi zitzaizkien. Lekukoen arabera, erasotzaileek «irain homofoboak» oihukatu zizkieten, mehatxu egin, eta lelo frankistak abestu. Hori guztia salatzeko, Eguesibarko zenbait kolektibok elkarretaratzea egin zuten atzo Gorraizko udaletxearen parean.

Hau ez da Gorraitzen salatutako lehen eraso LGTBIfoboa. Duela urtebete, Berhezi berdintasun aholkularitzako zerbitzuko bi langilek salatu zuten irain «homofobo eta transfoboak» egin zizkietela, harreragune feministan lanean ari zirela. Orduko hartan ere, erasotzaileek ikur «frankistak eta falangistak» zeramatzaten.

Lafarrukakoek pairatutako «presio, irain eta diskriminazio egoera» gaitzetsi zuten protestariek. «Bizikidetzaren aldeko oinarrizko printzipio bat argi utzi behar da: inork ez luke diskriminaziorik, beldurrik edo seinalatzerik jasan behar aniztasuna defendatzeagatik edo LGTBIQ+ pertsonen eskubideei konpromisoa adierazteagatik», adierazi dute plazaratu berri duten manifestuan. Sarrigurengo gazte asanbladak, Eguesibarko Feministek, Joakin Lizarraga eta Uriz Pi eskoletako guraso taldeek, Eguesibarko konpartsak eta eskualdeko hainbat musika eta dantza taldek sinatu dute agiria, besteak beste.

Jaiak eta gune publikoak «herritar guztienak» direla berretsi zuten atzoko protestan: «Topaketarako, parte hartzeko eta bizikidetzarako guneak izan behar dute, zeinetan sentsibilitate, identitate, kultura eta bizimodu anitzek lekua izan dezaketen, betiere pertsona guztien giza eskubideak eta askatasuna errespetatuz». Horrez gain, «jokabide homofobo, transfobo, arrazista, sexista eta diskriminatzaile oro» gaitzetsi zuten, «baita pertsona batzuek gure herrietan lekurik ez dutela sentiaraztea, baztertzea edo beldurtzea helburu duen edozein adierazpen ere».

Talde politikoei deia

Horrez gain, erasotzaileek frankismoari gorazarre egin izana ere txarretsi zuten manifestariek, halako jokabideak «balio demokratikoekin eta oinarrizko giza eskubideekin bateraezinak» direla iritzita. Horiek horrela, Eguesibarko Udaleko talde politiko guztiak premiatu dituzte iritzia jendaurrean ematera, «eta argi adieraztera elkarbizitzarekin, aniztasunarekin, berdintasunarekin eta pertsona guztien eskubide eta askatasunen defentsarekin duten konpromisoa».

Elkarteek gogorarazi zuten jaietako txosna puntu more gisa prestatua zegoela —horretarako prestakuntza jasoa zuten txosnan lanean ari zirenek—, eta halakoen garrantzia azpimarratu zuten. «Halako guneen presentziak ez ditu banatzen edo aurrez aurre jartzen herritarrak; aitzitik, laguntzen dute jaiak gune seguruagoak izan daitezen eta pertsona guztiek berdintasunez gozatu ahal izan ditzaten».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA