Greba deialdiaren harira, «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die Kristau Eskolak sindikatuei

Lehengo astean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek iragarri zuten greba egingo dutela beste hamar egunez, eta Kristau Eskolak, ohar baten bidez, azaldu nahi izan du akordio «bideragarri» bat lortzeko borondatea duela.

(ID_13419878) (Aritz Loiola/@FOKU) 2023-12-11, Bilbo. ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk deituta, greba egin dute Kristau Eskolako et...
Kristau Eskolak ikastetxe sareko langileak, protesta batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 2a
12:45
Entzun

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoek beste hamar egunez egingo dute greba. Bost sindikatuek ohar bateratu baten bidez eman zuten deialdiaren berri, lehengo astean. Gaur, Kristau Eskolak ohar bat atera du; «atsekabea» azaldu du langileen ordezkariek hartu duten bidearengatik, eta «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die: «Izan ere, beren lan aldarrikapenak ikasgeletaraino eramateak ikasleen hezkuntzarako eskubidean eragin negatiboa du, eta familia kontziliazioan zailtasun gehiago eransten dizkie».

Kristau Eskolaren eta IZEA patronalaren esku dauden eskoletako langileen lan baldintzak hobetu nahian antolatu dituzte sindikatuek grebak, 2021eko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzeko. Greba deialdiaren harira, Kristau Eskolak azaldu nahi izan du akordio «bideragarri bat» lortzeko ahaleginak egiteko prest dagoela.

Negoziazio mahaia oztopatzea egotzi diotela ere esan du Kristau Eskolak, eta gezurtatu egin nahi izan du hori: «Azken bileran Kristau Eskola izan zen hurrengo lan bilerak egitea proposatu zuena, aurrerapausoak ematen jarraitu ahal izateko». Uste du «adostutako konponbide posibleak» lor daitezkeela, eta horiek lortzean egin behar dela indarra. «Horregatik, irakasleen oporraldiaren ondoren, urtarrilerako aurreikusitako hitzarmen mahaira joateko gonbita egiten jarraitzen dugu», esan du. Azken bilera Lan Harremanen Kontseiluan egin zela adierazi du, patronalek deitua izan zela, eta akordioetara heltzeko borondatea badela.

Langileak aspaldi ari dira mobilizazioetan. 2023an bederatzi greba egun egin dituzte guztira.

Giroa ez da egokia matrikulaziorako

Urtarrilaren 17an eta 18an, eta 23tik 25era bitarte, eta otsailaren 6tik 8ra bitarte, eta 19an eta 20an. Grebak egun horietan egitea da asmoa. Egutegi horrek ekarriko dituen arazoez ohartarazi du Kristau Eskolak. «Egutegi horren planteamenduak lau astean baino gehiagoan eragina edukiko du, eta, gainera, giro ez-egokia sortuko du: kontuan edukiaz, bestalde, 2024-2025eko ikasturterako matrikulazio kanpainarekin kointzidituko duela». Hain justu ere, jaiotza tasa apalaren ondorioz matrikulazio kopurua «etengabe» urritzen ari dela gogoratu nahi izan du, eta mobilizazio giroak ildo horretan ere izan ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi.

Matrikulazioetan izaten ari den beherakadarekin lotuta, egoera zeinen «kezkagarria» den adierazteko, datu bat gogoratu nahi izan du Kristau Eskolak gaur atera duen oharrean: «Haur Hezkuntzan, 2012. urteaz geroztik, matrikulen beherakada gehitzen ari da, eta joan den ikasturtean kalkulatu zen 20.000 matrikula baino gehiago galdu zirela azken urteetan».

Jaurlaritzari ere deia

Lan gatazka bideratze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere zeresana duela uste du Kristau Eskolak, eta haren «parte hartzea» eskatu du. Oroitu du oraintxe onartu dela hezkuntzaren gaineko irizpideak eraberritzeko lege berria Eusko Legebiltzarrean; hain justu ere, abenduaren 21ean eman zitzaion oniritzia, eta gogoratu du hezkuntzako eragile guztiek parte hartu beharko dutela lege hori ondo garatzeko.

Kristau Eskolak 122 ikastetxe ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 7.000 langiletik gora. 110.000 ikasle ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.