Larunbatean V. Topaketa egingo du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak Bilboko Karmela gunean, Antolakuntza, gure berme bakarra goiburupean. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorraren atarian egingo dute topaketa sarea osatzen duten sindikatuek, eta hori nabaria da egitarauan, grebaren inguruko gogoetek eta prestatzeko lanek tarte handi bat hartuko baitute. Ane Salvador (Bilbo, 1991) AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Taldeko kidea da; Bilboko talde horrek eta Euskal Herri osoko beste bost elkartek osatzen dute sarea.
Zer gai jorratuko duzue topaketan?
Aurten izaera irekia eman nahi izan diogu. Orain arte sindikatuetako kideak eta kaltetuak elkartu izan gara; aurten, berriz, nahiko genuke herri mugimenduaren topagune izatea, eta etxebizitza eskubidearen aldeko borroka interesa duten guztiak gonbidatuta daude. Sarearen aurkezpena egingo dugu, gure azterketa eta gogoetak plazaratuko ditugu, eta, nola ez, arreta jarriko dugu greba deialdian. Hitzaldi bat antolatu dugu deialdiari ikusten dizkiogun arrisku eta potentzialtasunen inguruan, eta, arratsaldean, grebaren aldeko lan saio handi bat izango da.
Nolako bidea egin du sareak lehen topaketa egin zenutenetik?
Azken urteetako lanak balio izan digu hipotesi politiko bat baieztatzeko: koiunturak argi utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela oinarrizko behar materialen aldeko borroka, eta, bestalde, etxebizitzaren aldeko borrokak aukera ematen duela kapitalaren adierazpen konkretuen kontra borrokak antolatzeko auzoetan, eta klase sindikatuetatik eta herri mugimendutik urrunago egon diren subjektu batzuk antolatzeko.
Urteotan bi norabidetan aritu gara lanean: batetik, tokian tokiko lana jorratu dugu, uste baitugu herriz herri eta auzoz auzo egiten den lana oso garrantzitsua dela, eta, bestetik, nazio mailan, sarea indartzeko eta etsaiari parez pare begiratu ahal izateko.
«Guretzat ezinbestekoa zen gutxieneko eduki komun batzuk adostu eta deialdi bateratu bat egitea»
Greba deialdiari begira, zer giro sumatzen duzue?
Aurreikuspenak onak dira. Lan handia egiten ari gara tokian tokian eta nazio mailan. Ahalegin handia egin dugu deialdi bateratu bat aurrera ateratzeko, eta greba batzordeak bultzatzen ari gara herri eta auzoetan. Badaude baldintzak greba arrakastatsu bat egiteko: jendea haserre dago, eta amorru giro hori ere nabaritzen dugu. Orain dagokigu amorru eta haserre hori antolatzen jarraitzea.
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuok lan handia egin duzue azken urteotan, baina badirudi auziak lehentasuna hartu duela Maricarmen Abascalen etxegabetzearen ostean.
Argi dago zer testuinguru den. Hauteskunde batzuen atarian gaude, eta testuinguru horretan batzuei interesatzen zitzaien hori bultzatzea. Baina, beste aldetik, hori posible izan da etxebizitza sindikatuok urteetan egindako lanari esker, eta, bestetik, aurrekaririk gabeko etxebizitza larrialdi batean gaudelako. Jendea kezkatuta dago, haserre, eta, aldaketarik ezean, badakigu datozen urteetan egoera are okerragoa izango dela. Egia da guk ez genuela hain gertu ikusten Euskal Herrian etxebizitzaren inguruko greba orokor baten aukera, baina aukera hori zabaldu da.
Azken asteotan jende gehiagok jo du zuengana?
Bai, eta, gainera, ahalegin berezia egin dugu hori gerta dadin. Greba ezin da helburu izan; tresna bat izan behar du grebaren biharamunean gehiago izateko, eta indartsuago eta antolatuago egoteko. Greba borrokarako eskola izaten ari da gure kide askorentzat. Jende pilo bat gerturatu da sindikatura azken asteotan: haietako asko, etxebizitza arazo batekin eta gatazka bat aurrera ateratzeko gogoz, eta beste asko, etxebizitzaren aldeko borrokari ekarpen bat egiteko asmoz.
«Gure greba Euskal Herrikoa da, gure agendan kokatua, gure aldarrikapen zehatzekin eta gure borroka moldeekin»
Nolakoak izan dira harremanak lan arloko sindikatuekin?
Guztiontzat erronka izaten ari da. Guk argi ikusten genuen ezinbestekoa zela gutxieneko eduki komun batzuk adostu eta horien inguruan deialdi bateratu bat eskaintzea, kontuan izanda lehen aipatutako testuingurua, eta Espainiako Estatutik egindako deialdi bat izan dela, eta asimilaziorako eta marko espainolista bat zilegiztatzeko arriskua bazegoela. Beste aldetik, ikusten genuen etxebizitza sindikatuok zentraltasuna izan behar genuela greba honetan, eta gure ardura zela arazoaren erroa seinalatuko zuen diskurtso erradikal bat plazaratzeko. Alde horretatik, pozik gaude.
Soldatak igotzea ere bada deialdiaren aldarrikapenetako bat.
Aukera ona izan da klase sindikatuen eta etxebizitza sindikatuen arteko elkarlana jorratu eta etxebizitzaren eta soldataren arteko bidegurutze horretatik hitz egiteko. Euskal herritarrok soldataren erdia baino gehiago bideratzen dugu alokairua edo hipoteka ordaintzeko; etxebizitzaren aldeko borroka bada soldata berreskuratzeko borroka ekonomiko bat, eta, aldi berean, soldatak hobetzeko borrokak bere egin behar du etxebizitza unibertsalaren aldeko aldarria.
Grebarako deialdia Espainian hasi zen mamitzen, baina Euskal Herriko zenbait sindikatuk adierazi dute «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako deialdi bat» landu nahi zutela. Nola ikusten duzue?
Lehen aipatu dut esparru espainolistak asimilatzeko arriskua bazegoela, eta erronka eta ardura bat izan da deialdia Euskal Herriratzea. Horregatik zen garrantzitsua deialdi eta eskaintza bateratua egitea, uste baitugu euskal langileriaren esparru politikoa Euskal Herria dela. Gure greba Euskal Herrikoa da, hemengo klase sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek antolatua, gure agendan kokatzen duguna, gure aldarrikapen zehatzekin eta gure borroka moldeekin. Grebarekin dugun beste helburuetako bat da Euskal Herriko esparru politikoa indartzea, hemengo espekulatzaileen kontra borrokatuz, hemengo arduradun politikoak seinalatuz eta hemengo aldarrikapenak ezarriz.