Guggenheim Urdaibai Stop plataformak salatu du materiala saltzeko baimena ukatu diela Gautegiz Arteagako alkateak

Alkateak emandako argudioa «mingarria eta iraingarria» dela azpimarratu dute. Egoera salatzeko, elkarretaratzera deitu dute etziko; 20:00etan bilduko dira, herriko parkean.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren protesta, Imanol Pradalesek lehendakari karguaren zina egin zuenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren protesta, Imanol Pradalesek lehendakari karguaren zina egin zuenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 30a
12:20
Entzun

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak asmoa zuen bihar materiala saltzeko postua jartzeko Gautegiz Arteagako jaietan (Bizkaia). Alkateak, baina, postua jartzeko baimena ukatu die. Plataformak salatu duenez, bigarren aldia da horrelako eskaera bat atzera botatzen duena. Egoera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute etzi, herriko parkean, 20:00etan.

Eskaera ukatzeko adierazpenean, alkateak zehaztu du jaiak ez direla «propaganda egiteko garaia», eta «horrelako manifestazioek ordena publikoa nahastu» dezaketela. Argudioa «mingarria eta iraingarria» iruditu zaie plataformako kideei, eta gogoratu dute Busturialdeko herrietako jai guztietan jarri dutela salmentarako postua, Gautegiz Arteagan izan ezik.

Materiala saltzeko postuaren helburua da plataformaren «kostu handiei» aurre egitea. Azaldu dutenez, proiektua «bideragarri» egiteko, hainbat erakunde legeak «aldatzen eta moldatzen» dabiltza, «diru publikoz betiere». Besteak beste, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak iaz moldatu zuen Kosta Legea, Urdaibaiko biosferako itsasertzaren babesa apalduz. «Trikimailu horiei guztiei» erantzuteko, abokatu bat kontratatu behar izan du plataformak, eta horrek «kostu handia» eragin du.

Plataformak adierazi du udalaren ardura dela ekitaldi publikoak antolatzea eta arautzea, ordena eta segurtasuna bermatzeko. Halere, berretsi dute euren materialak ez duela «mezu iraingarririk». «Aukera ematen du Guggenheim Urdaibai makroproiektuak izango lukeen inpaktuari buruz informatzeko eta kontzientziatzeko», zehaztu dute, eta erantsi herritar orok duela eskubidea proiektuaren inguruan informazioa jasotzeko eta kexak adierazteko.

Urte eta erdiko ibilbidea

Herri plataforma bat da Guggenheim Urdaibai Stop, «askotarikoa eta zabala». Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka daude, «kaltegarria» izango baita «ingurune naturalarentzat, herritarren bizi kalitatearentzat eta eskualdearen etorkizun duinarentzat». Gogoratu dutenez, urte eta erdiko ibilbidean, hainbat jarduera egin dituzte, betiere «kasuan-kasuan ezarritako arauak» betez. «Konpromisoa irmoa dugu udalak ezartzen dituen salmenta eta banaketa araudi guztiak betetzeko eta gure jarduerak errespetuz eta ordenaz gauzatzeko», adierazi dute.

Plataformaren esanetan, materiala saltzeko postua ukatzea «gizarte demokratikoa baten espirituaren» kontrako murrizketa bat da. Alkateari helarazi diote «herritar guztien alkate» izatea duela betebeharretako bat, «Guggenheim Urdaibai proiektuaren alde eta kontra dauden herritarrak berdintasunez hartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.