Marta Quintas. Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzailea

«Guraso etorkinek nahi dute seme-alabak unibertsitatera joatea»

Gurasoek seme-alaben hezkuntzan duten inplikazioa aztertu du Quintasek bere tesian. Garrantzitsua iruditzen zaio maila ekonomiko guztietako gurasoek parte hartzea eskoletako erabaki organoetan.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Gurasoek laguntzen al diete seme-alabei etxean irakurketa edo matematika lantzen? Hezkuntzari dagokionez, zer espero dute haiengandik? Aita-amak prest al daude eskolan boluntario aritzeko? Gurasoen inplikazioari buruzko galdera horiei eta beste hamaikari erantzun die Marta Quintas (Gasteiz, 1991) Mondragon Unibertsitateko irakasle ikertzaileak aurkeztu berri duen tesian: Gurasoen hezkuntza inplikazioa aniztasun sozioekonomikoa eta kulturala duten EAEko bi eskola eraginkorretan. Irakasleei eta guraso autoktonoei zein etorkinei egindako elkarrizketak izan ditu oinarri. Bikain cum laude lortu du.

Zein ondorio nagusi atera dituzu ikerketatik?

Literaturak esaten digu eskola eraginkorren ezaugarria dela familien inplikazioa. Ez dugu ikertu ea eskola hauetako gurasoak besteetakoak baino gehiago inplikatzen diren edo eskola hauek eraginkorrak diren familien inplikazioagatik. Konturatu gara aztertu ditugun bi eskolek nahiko estilo desberdinak dituztela, familien inplikazioari begira gauzak bestela egiten dituztela, baina biek dituztela indargune batzuk.

Zein indargune?

Hiru dira. Batetik, saiatzen dira familien desabantaila sozioekonomikoak konpontzen, edo, gutxienez, haurrek eta familiek besteen moduan parte har dezaten. Bigarrenik, lortzen dute guraso gehienekin informazio fluxua egotea haien eta irakasleen artean. Eta hirugarrenik, familia gehienak dira guraso elkarteko kide, organoetan parte hartzen dute.

Gurasoen etxeko inplikazioa eta eskolako inplikazioa bereizi dituzu. Zein alde dago?

Hezkuntza inplikazioa da gurasoek egiten dutena haurrei hezkuntza prozesuan laguntzeko. Etxean egiten denak garrantzi berezia du, eta, askotan, horretaz ahaztu egiten gara. Literaturak esaten du bereziki lotuta dagoela haurren arrakasta akademikoarekin. Etxekoa da, lehenbizi, itxaropen akademikoaren transmisioa. Baina hori baino gehiago da: alfabetatze prozesuan laguntzea; matematikako ariketekin laguntzea; haurrak nagusiagoak direnean, ikasten laguntzea; eskolaz kanpoko ekintzak; irteera hezigarriak... Denak dauka garrantzia haurren hezkuntza prozesu horretan. Eskolako inplikazioa ere badago: bileretara joatea eta eskolak martxan jartzen dituen jardueretan gurasoak presente egotea. Hurrengo urratsa da jarduera horiek antolatzen boluntario izatea eta organoetan parte hartzea, eskolako erabakiak hartzea.

Itxaropen akademikoa aipatu duzu. Zer da?

Haurrek etorkizunean zein lanbide edo ikasketa maila lortzea nahi den, modu errealista batean. Guraso etorkinek, orokorrean, seme-alabek unibertsitate ikasketak lortzea nahi dute, seme-alabek beraiek baino lan hobea izatea. Guraso autoktonoek, agian, garrantzi txikiagoa ematen diote:titulu akademiko bat edukitzea nahi dute, baina, agian, ez derrigorrez unibertsitate ikasketak izatea; Lanbide Heziketa ere izan daiteke. Ez dago hainbeste lotuta jatorriarekin, egoera ekonomikoarekin baizik.

Gurasoak zenbat inplikatzen dira etxean? Bada alderik autoktonoen eta etorkinen artean?

Orokorrean, gurasoak inplikatzen dira, bai etorkinak, bai autoktonoak. Eta guraso etorkinak inplikatzen dira estereotipoak esaten duena baino gehiago. Gainera, aztertutako eskolek sustatzen dute gurasoak inplikatzea.

Askotariko egoera sozioekonomikoak dituzten bi ikastetxez ari zara. Guraso batzuek izan ditzakete muga gehiago seme-alaben hezkuntzan inplikatzeko?

Bai, badituzte. Eskola hauek ahalegintzen dira desabantaila ekonomiko hori gainditzen.

Nola?

Bereziki, inguruarekin harremana izanda. Zuzendaritza taldeek oso ondo ezagutzen dituzte herrietako aukerak, eta bilatu egiten dute beren ingurua aprobetxatzeko modua. Adibidez, zuzendaritza talde batek harreman iraunkorra du Caritasekin. Azaltzen diete familiek ezin dituztela eskolaz kanpoko jarduerak edo familien elkarteko kuota ordaindu, eta Caritasek jartzen du dirua.

Gurasoek eta irakasleek esandakoaren artean aldea nabaritu duzu. Zertan?

Bereziki, etxeko inplikazioaren inguruan. Gurasoek gauza batzuk adierazten dituzte, adibidez, inplikatzen direla eta itxaropen akademiko handia dutela. Familia etorkin gehienek seme-alabek unibertsitate ikasketak lortzea nahi dute; irakasleek esaten dute bereziki haurrak zoriontsu izatea nahi dutela, eta desabantaila ekonomikoan dauden familiek nahi dutela lanbidera ahalik eta azkarren gerturatzea.

Horrek eragina izan dezake haurren ikasketetan?

Pentsatzen dut baietz. Interesgarriena da komunikazioa lortzea, bi noranzkokoa, eta benetan irakasleok jakitea etxean zer gertatzen den eta gurasoek jakitea eskolan zer gertatzen den, eta biek elkarrekin norabide bat markatzea, denok ildo berean joatea. Ez dut esaten egiten ez dutenik, baina, agian, gehiago egiten da egoera gatazkatsu bat dagoenean, eta komunikazio positibo gehiago egon behar litzateke.

Eskolaren eta familiaren arteko loturak ere aztertu dituzu. Oro har, gurasoek parte hartzen al dute eskolako ekintzetan?

Batez ere, bileretara joaten dira, eta eskolak antolatzen dituen jardueretan presente egoten dira, baina ez dira hainbeste boluntario gisa aritzen jardueren antolaketan. Izan daiteke hobetzeko antzeman dudan alderdi nabarmen bat, eskola batean bestean baino gehiago.

Zer egin daiteke parte hartzea hobetzeko? Guraso elkarte indartsu batek laguntzen al du?

Ikasturte hasieran bilerak ditugu, bertan gurasoek elkar ezagutzen dute, eta tutorea ere ezagutzen dute. Parte hartzea garrantzitsua da. Interesgarria da aldibereko itzulpenak egitea, familia denek bilera hori ulertu ahal izateko. Boluntario gisa aritzeko, nire ustez, interesgarria izan daiteke lehendabizi proposatzea gelan bertan boluntario gisa aritzea; gero, errazagoa da eskola mailako jardueretara batzea. Garrantzitsua da lortzea guraso denek parte hartzea eskolako organoetan, baita desabantaila ekonomikoan daudenek eta etorkinek ere.

Zer behar da horretarako?

Lehendabizi, guraso denak guraso elkarteko kide izatea. Normalean, kuota bat egoten da; ordaindu ahal izateko moduak bilatu behar ditugu. Eskoletako batean, gurasoak elkarteko kide dira haurrak eskolan matrikulatzen dituztenetik; ez du aukeran jartzen, eta finantzatzeko moduak bilatzen dituenez, posible da. Gero, bilatu beharko genituzke moduak guraso guztiak —baita desabantaila ekonomikoan daudenak eta etorkinak ere— organoetako kide izateko. Bereziki organo horietan hartzen dira erabakiak, eta lortu behar genuke haiek ere erabakitzeko eskubidea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.