Gure Esku: «Euskal Herriarekiko konpromisoa berretsi eta jauzi egiteko milaka arrazoi ditugula erakutsiko dugu igandean»

Igande eguerdian, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herritarrak dantzan eta jauzika jarriko ditu Gure Esku-k, 'Zazpi jauziz, herri bat' ekinbidean. Ohartarazi dute herritarren eskubideak babesteko inoiz baino garrantzitsuagoa dela nazio burujabe izatea.

Gure Esku-ko ordezkari Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gure Esku-ko ordezkari Irati Alvarez eta Josu Etxaburu, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 25ean, igandearekin, Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Zazpi jauziz, herri bat ekinbidea ospatuko du. 12:00etarako jarri dute ordua, Euskal Herriko hiriburuetako plaza nagusietan, zazpi lurraldez osatutako euskal nazioa irudikatzeko eta aldarrikatzeko: «Dantzaren bidez zazpi lurraldez osatutako herri bat eraiki nahi dugula aldarrikatuko dugu», esan dute sustatzaileek.

Bilbo, Gasteiz, Donostia, Baiona, Iruñea, Donibane Garazi eta Maule izango dira «euskal nazioaren katebegiak», eta dantza, berriz, zazpi lurraldeak josiko dituen haria. Zazpi lurraldeetan aldi berean dantza egitearekin batera, testu bat irakurriko dute hamalau pertsonak —lurralde bakoitzeko bik—. «Euskal Herriarekiko konpromisoa berretsiko dugu, eta jauzi egiteko milaka arrazoi ditugula erakutsiko dugu», adierazi du Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak.

Hamahiru urteko ibilbidean, euskal nazioa irudikatzeko hainbat ekintza ikusgarri egin izan ditu Gure Esku-k. Besteak beste, milaka herritarrek osatutako giza kate bat eta mosaiko erraldoi bat egin zituzten, Pirinioetako bidean 300 gailur argiztatu zituzten, bost estadio jendez bete, eta Hamaika gara erreferendumak sustatu zituzten. Oraingoan, dantza aukeratu dute. «Dantza oso egoki ikusi genuen, ez baita kultur adierazpen soil bat, baizik herri baten memoria transmititzeko tresna», azaldu du Etxaburuk. Haren esanetan, dantzak badu beste elementu interesgarri bat: komunitatean egiten da, plazan, jendearen bistan. «Elkar hartuta, aurrez aurre, herri bat dantzan ipintzea, egun berean, ordu berean, zazpi hiriburuetan, hori oso ideia iradokitzailea iruditu zitzaigun».

Antolatzea erronka handia izan dela aitortu du Etxaburuk, baina tokian tokiko eragileen laguntza eta konpromisoa jaso dituztela nabarmendu du: «Euskal Dantzarien Biltzarrarekin jarri ginen kontaktuan, eta, horren bidez, herrietako dantza taldeekin aritu izan gara lanean». Euskal Herri osoan izan dute harrera ona, baina aipamen berezia egin dio Ipar Euskal Herriari: «Dantzak erakarpen izugarria du han, eta bereziki garrantzitsua izan da jaso dugun harrera», azaldu du, eskertuta.

«Jakin ezazue nazio gisa jauzi kualitatibo bat egiten badugu gure kulturari eta identitateari eusteko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko egingo dugula»

JOSU ETXABURUGure Esku dinamikaren bozeramailea

Aukeratutako dantza bera ere «oso irisgarria eta eskuragarria da», Etxabururen hitzetan: «Zazpi jauzi da euskal dantzekin hasten direnek lehenengoz ikasten dutenetakoa. Gainera, zazpi zenbakiak eta jauzi hitzak izugarrizko jokoa eman digu, hain zuzen, igandean helarazi nahi dugun ideia islatzeko».

Hamahiru urteko ibilbidea

Gure Esku dinamikak 2013an hasi zuen ibilbidea. Une goxoak izan zituen lehen urteetan, ea milaka herritar eta eragile sozial erakarri zituzten antolatu zituzten ekitaldi handietara. Gizartearen mobilizazioetan itsasgorak eta itsasbeherak daudela onartuta ere, Gure Esku-ren garai onenak etortzekoak direla sinetsita daude sustatzaileak.

Etxaburuk ulertzen du garai batzuetan erabakitzeko eskubidearen eztabaida bazterrean geratu izana. Gaur egungo egoera horren adibide. «Ulergarria da etxebizitza ordaintzeko arazoak dituen edo etxea galtzeko arriskua duen pertsona bat, lanik aurkitzen ez duen bat edo egoera latz batean dagoena ez egotea kezkatuta estatus berriaren inguruko eztabaidarengatik», berretsi du Etxaburuk. Nolanahi ere, mezua bidali die herritarrei: «Jakin ezazue nazio gisa jauzi kualitatibo bat egiten badugu gure kulturari eta identitateari eusteko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko egingo dugula; azken finean, erabakiak guk geuk hartzeko eta gure etorkizunaren jabe izateko». Etxabururen hitzetan, «Nikeriatik gutasunera jauzi egiteko garaia da».

Gernikako Estatutuaren erreferenduma

Urriaren 25 batean onartu zen Gernikako Estatutua, erreferendum bidez. 1979an izan zen hura. 47 urte igaro dira, eta oraindik ere estatusaren inguruan eta eskumenen transferentziak negoziatzen ari dira EAEn. «Estatus berriaren eztabaidan, gustatuko litzaiguke lurraldeen arteko kohesioan urratsak aurrera egitea, baita euskararen normalizazioan eta zabalkundean ere, zazpi lurraldeetan euskara hizkuntza ofiziala izatea», esan du Etxaburuk. Horrekin batera, Gure Esku-ren bozeramaileak funtsezko iritzi dio nazio aitortza lortzeari, «horrek eskubide batzuk emango bailizkiguke, eta, horrela, Espainiako Estatuarekin zer harreman eredu izan nahi dugun erabaki ahalko genuke». Behin hori lortuta, bi aukera leudeke: «Menpekotasun harremanarekin jarraitzea, edo erabakitzea ea aldebiko harremana nahi dugun, euskal herritarrok erabakitzen duguna onar dezaten».

Herritik sortutako ekinaldia dela argi utzita, azpimarratu dute ongi etorria dela erakundeen, alderdi politikoen eta gainerako gizarte eragileen parte hartzea, «haiek ere herritarrez osatuta dauden heinean».

«Gazteak badabiltza»

Gazteak erabakitzeko eskubidearen mugimendura erakartzeko estrategiaz galdetuta, zera erantzun du Gure Esku-ko bozeramaileak: «Burujabetza prozesuak ez dira belaunaldi bateko kontua, ez dira goizetik gauera burutzen, eta horregatik saiatu behar dugu adin guztietako herritarrengan ilusioa pizten». Gazteek, Etxabururen esanetan, «beste ohitura eta kezka batzuk dituzte, beste antolatzeko modu batzuk, baina ibili badabiltza eta, deialdiak egin izan ditugunean, gazteak hor egon dira, badakitelako ahalegin hau guztia haientzat ere badela».

Bestalde, berretsi du euskarak izan behar duela giltza Euskal Herrira etorri berriak ere euskal nazioaren eta burujabetza prozesuaren alde jartzeko. «Nahiz eta batzuen ahotan dabilen euskara gutxi batzuen pribilegioa dela eta baztertzailea dela, euskarak kohesiorako tresna izan behar du, eta ez gordeta zaindu behar dugun altxor bat. Euskaratik beste leku askotara iristea da gakoa. Horrela lortuko genuke bizitza hobe baten bila etorritakoak ere herri honen parte sentitzea eta herriaren alde jardutea».

Hain zuzen ere, Etxaburuk gogorarazi duenez, dantzan ardaztuko den igandeko ekinbidea ezin aproposagoa da jatorri eta pentsamolde desberdineko herritarrak elkartzeko. «Gonbidapena guztiei zabaldu diegu, eta eskuzabal hartuko ditugu guztiok».

'Zazpi jauziz, herri bat'

Urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauzi dantzatzera deitu du Gure Esku-k. Eguerdian izango dira ekitaldiak, toki hauetan: 

  • Maule: Maule Gaineko Arrabotuan. 
  • Donibane Garazi: merkatu estalian.
  • Baiona: Askatasunaren plazan, herriko etxearen aurrean.
  • Donostia: Plaza Berrian.
  • Iruñea: San Jose plazan.
  • Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazan.
  • Bilbo: Arriaga plazan.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA