Gure Esku-k «pozik» hartu du Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuan jasota dauden beste bost eskumen jaso izana. Hori esanda, «anbizioa, determinazioa eta ardura» eskatu ditu «burujabetza osoa lortzeko».
Gure Esku-ren arabera, Euskal Herriak eta haren egitura politiko juridikoek ahalik eta autogobernu esparru gehien izan behar dituzte, «herritarren beharrei hobeto erantzuteko eta XXI. mendeko erronkei arduraz eta eraginkortasunez aurre egiteko».
Gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak eta EAJk salatu duten moduan «gorabeheratsua» izan dela eskumen horien aldaketa, eta Jaurlaritzak jakinarazi duela txosten bat egingo duela Espainiako Gobernuak «betetakoak» eta «bete gabekoak» jasotzeko. «Dena dela, erabakiak Euskal Herrian hartzeko bidean egindako edozein urrats oso positiboa da».
Burujabetza osoa aldarrikatu du, ordea, Gure Esku-k, «ezinbestekoa baita herri gisa bizirauteko eta gure hizkuntza eta kulturari eusteko. Ezinbestekoa baita euskal gizartearen beharrak asetzeko».
Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan horren inguruko urratsak egiten ari direla gogorarazi du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatutu berriaren inguruan; Nafarroako Parlamentuan, Foru Hobekuntzaren inguruan; eta Ipar Euskal Herrian, gaur egungo autogobernua zabaltzeko mugimenduetan. Eta dei hau egin du: «Erantzukizun historikoz jokatzeko garaia da. Eragile politiko eta sozialek eta herritarrok anbizioz eta determinazioz aritu beharra daukagu, eta une politikoari dagokion garrantziaren neurriko urratsak egin behar ditugu».
Horiek ikusita, jauzi bat egiteko garaia delakoan dago Gure Esku. «Eskumen gehiago behar ditugu, jakina, baina hortik harago, eskumen horiek blindatu behar ditugu, nazio gisako aitortza behar dugu, eta erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko modu praktikoak jorratu behar ditugu. Aukera aprobetxatu beharra dago. Beraz, eragile sozial eta politikoei, epe labur eta luzera, arduraz jokatzea dagokigu. Anbizioa, determinazioa eta ardura».
«Debaluatuak irits ez zitezen»
Aitor Esteban EAJren EBBko buruak ere hizpide izan ditu azken bost transferentziak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, eta, bidean zailtasunak izan direla berresteaz gain, ohartarazi du zailena etortzeko dagoela: Gizarte Segurantzan egin behar diren prestazio kotizatuak. Uste du erresistentzia handienak hor topatuko dituztela, eta Eusko Jaurlaritzak arlo horretan etxeko lanak aurreratuta dauzkala gaineratu du, baina ikusteko dagoela Espainiako Gobernuak zer jarrerarekin erantzuten duen.
Izan ere, azpimarratu du «deigarria» izan dela iazko uztailean 2025eko abendurako hitzartu zituzten eskumen aldaketak ere ez bete izana : «Urtarrilaren 16rako onartu ez balituzte, ulertuko genuke Espainiako Gobernuak ez zuela borondaterik gurekin hitzemandako akordioak betetzeko». Negoziazioaren azken egunak tentsio handikoak izan zirela esan du. Azaldu du zergatik: haren esanetan, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari helarazi zion eskualdatzekoak ziren transferentzietan zenbait gai ondo itxi behar zirela «debaluatuak irits ez zitezen. Behar den baldintzetan jaso behar dira, edo ezin da izan, eta azkenean akordio batera iritsi ahal izan zen».
Azken egunera arte Pradales eta Sanchez hizketan eta mezuak trukatzen aritu zirela esan du, eta gehitu du bien arteko bilera ere hil honetan bertan egin beharko dela, hurrengo eskumen aldaketez hitz egiteko. «Lehenbailehen izan behar du, eta beste eskumen sorta bat adostu beharko litzateke».
EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko estatutu berriaren negoziazioa ere izan du hizpide Estebanek. Esan du aste gutxi barru jakingo dela aurrera edo atzera egingo duen. Sanchezek negoziazio horien nondik norakoen berri ere baduela zehaztu du. «Ondorioren batera iritsi beharko dugu laster. Inportantea da gauden unea, auzi funtsezko bat eztabaidatzen ari gara eta».