Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ofizialtasuna eman diote atzo azken unean lortuko akordioari, eta, horrenbestez, Gasteizko gobernuarenak dira jadanik Gernikako Estatutuan jasota dauden beste bost eskumen: langabezia sarien kudeaketa, kotizazio gabeko prestazioena, eskola aseguruarena, itsas salbamenduarena eta makineria egiaztatzeko zentroarena. Horrenbestez, Gizarte Segurantzaren atal batzuk kudeatzen hasiko da Jaurlaritza lehen aldiz urtebete barru, 2027 urtarrilean.
Bi gobernuek gaur izenpetu dute eskumen horien eskualdaketa, Madrilen. Jaurlaritzako ordezkaritza zabal baten buru izan da Maria Ubarretxena, Gobernantza, Autogobernu eta Administrazio Digitaleko sailburua, eta Espainiako Gobernuko Lurralde Lurralde Politikarako ministro Angel Victor Torresekin bildu da joan den urteko uztailetik irailera adostutako transferentziak gauzatzeko. Luze jo duen eta korapilatsua izan den negoziazio fase bat bukatu dute gaurko sinadura ekitaldian, eta, era berean, beste bat zabaldu, Gernikako Estatutua osatzeko falta diren hamasei transferentziak adostekoa, jakinda jada luzapenean dela aldi hori, betiere EAJk eta PSOEk adostutakoa aintzat hartuta.
Oraingo urratsa ez da kontu txikia, dena den. Izan ere, beste bost eskumen bere gain hartuta, Eusko Jaurlaritzak kudeaketa gaitasun handiagoa izango ditu aurrerantzean, Ubarretxenak nabarmendu duenez: «Gure kudeaketa gaitasuna hazten ari da, eta, horrekin, euskal herritarren ongizatea ere hazten da: autogobernu handiagoa izateak ongizate handiagoa izatea esan nahi baitu». Baina bereziki garrantzitsua da atea zabaldu diolako urte askoan ezinezkotzat jo izan den eskumenari: Gizarte Segurantzari. Espainiako Gobernuaz bestelako erakunde batek kudeatuko ditu aurrenekoz haren atal batzuk, eta horrek «hainbat mugarri» ezartzen dituela azpimarratu du Jaurlaritzako eledunak.
«Gure kudeaketa gaitasuna hazten ari da, eta, horrekin, euskal herritarren ongizatea ere hazten da: autogobernu handiagoa izateak ongizate handiagoa izatea esan nahi baitu»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako Autogobernu sailburua
Izan ere, datorren urteko urtarrilaren lehenarekin batera Lanbide arduratuko da langabeziari lotutako sariak ordaintzeaz, bai eta kotizazio gabeko prestazioak eta eskola aseguruak kudeatzeaz ere. Urte hasierarekin batera desagertuko dira SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzuaren bulegoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, eta Lanbidera lekualdatuko dira horietan lan egiten duten 468 funtzionario ere. Urtebete barru leihatila bakarra izango da EAEn, beraz, eta Jaurlaritzak osorik kudeatuko ditu enplegu politika aktiboak eta pasiboak.
Eskualdaketa Kontzertu Ekonomikoaren finantzaketa ereduari jarraituta egitea adostu dute gainera, baina kotizazioen kutxa bakarra hautsi gabe. Hau da, dirua Jaurlaritzak jarriko du, eta Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion zerbitzuengatik jasotzen duen kupoari kenduko dio gero, %6,24 indizea kontuan hartuta. Ez da kopuru txikia: langabezia sariei dagokienez, 822 milioi euro izan ziren iaz. Jaurlaritzak kalkulatu du, halaber, kotizaziorik gabeko prestazioengatik 100 milioi inguru deskontatu beharko direla kupotik eta 270.000 euro eskola aseguruengatik.
Halere, bi gobernuen arteko koordinazio organo bat sortuko dute, eta hilero bilduko da kontuen jarraipena egiteko. Jaurlaritza diru laguntza horien kudeaketaz arduratuko da soilik, eta Madrilen esku geratuko da zenbatekoak zehazteko eta horiei buruz arautzeko ahalmena; hala dago jasota 1979ko estatutuan. Edozelan ere, Jaurlaritzari kudeaketa gaitasun handiagoa emateaz gain, orain arte estatuarenak ziren eginkizun batzuk ordezkatzeko aukera emango dio, hala nola Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarena. Aurrekari bat ezarri da horrekin.
Gainerakoak, aurten
Gizarte Segurantzarekin, Jaurlaritzak urrian 1ean hartuko du bere gain itsas salbamenduaren kudeaketa, eta segurtasun publikoaren sisteman integratuko da. Gasteizko gobernua arduratuko da Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzeko uretan bilaketa, erreskate eta salbamendu zerbitzuak planifikatzeaz, koordinatzeaz eta egiteaz. Haren eskumenekoak izango dira, halaber, itsas erreskateen tasen eta zigorren kudeaketa ere. Kasu honetan ere, Madrilen esku geratuko da eskumen arautzailea.
Zerbitzua Jaurlaritzaren esku geratuko denez, kupoari ere eragingo dio eskualdaketa horrek: ia bi milioi euro kendu beharko zaio. Eta beste 100.000 euro inguru Gurutze Gorriarekin egindako hitzarmenagatik. Horrez gain, Madrilek sei milioi euro emango dizkio Jaurlaritzari bi ontzi erosteko eta langileak kontratatzeko. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2024an 300 erreskate egin ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienak aisialdiko ontziei lotuta.
Makineria egiaztatzeko Barakaldoko zentroa ere (Bizkaia) aurten geratuko Jaurlaritzaren esku, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batera. Osalan arduratuko da hura kudeatzeaz, eta aurretik jasotako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko beste eginkizun batzuei batuko zaie, 1985ean jasotakoei zehazki. Kasu honetan, baina, bitartekoak eta funtzioak eskualdatuko dituzte baina langileak ez. Halere, lantalde bat eratuko dute honi lotuta ere, koordinazioa errazteko. Jaurlaritzak uste du eskualdaketari esker ezbeharrei lotutako gastuak %60 murriztu daitezkeela sektore batzuetan.
Negoziatzeko «beste modu bat»
Lortutakoaren garrantzia alboratu gabe, Ubarretxenak gogorarazi du lanak ez dituztela amaitu, oraindik beste hamasei eskumen geratzen direlako 1979ko Gernikako Estatutua bururaino eramateko. Tartean dago zailena edo korapilatsuena dena: Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarena. Horrez gain, portuena eta aireportuena, turismo paradoreena, zirkulazio baimenen espedizioarena, ibilgailuen matrikulazioena eta udal hauteskundeen antolakuntzarena, besteak beste. Bada, atzo esandakoaren bidetik, Ubarretxenak negoziatzeko «beste modu bat» eskatu dio Madrili, azken egunetako presa eta tentsio girotik urrun: «Beste modu lasaiago bat denontzat izango da ona».
Lekuan bertan jaso du Espainiako Gobernuaren erantzuna, Torres ministroak azpimarratu baitu emandako hitza beteko dutela, zailtasunak zailtasun: «Bidean desadostasunak egon daitezke, baina garrantzitsuena da akordioak itxi egiten ditugula». Bide beretik, Mikel Torres Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde sozialistak nabarmendu du Sanchez buru duen gobernuak transferentzia guztiak egiteko borondate politikoa duela, eta gaurko akordioa horren isla dela.