«Mundua astintzen ari den olatu erreakzionarioaren aurrean» eraikiz erantzutera dei egin du Gure Eskuk: «Euskal Herria eraiki, eskubideak eraiki eta demokrazia eraiki». Josu Etxaburu bozeramaileak adierazi duenez, «jauzi bat egin behar dugu XXI. mendeko erronka erraldoei heltzeko. Eta jauzi bat egin behar dugu geure nazio sena indartzeko, geure identitatea, hizkuntza eta kultura biziberritzeko, eta geure jendartearen eskubideak babesteko eta zabaltzeko».
Zazpi jauziz, herri bat ekimena egin dute gaur eguerdian, aldi berean, Baionako Askatasunaren plazan, Bilboko Arriaga plazan, Donibane Garaziko Merkatu Estalian, Donostiako Plaza Berrian, Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan, Iruñeko San Jose Plazan eta Mauleko Arrabotuan. Haietan elkartutakoek Zazpi Jauzi dantza egin dute, aipatutako mezua zabaltzeko: euskal nazioak jauzi bat egin behar duela aurrera.

Dantza egin ondoren, Etxaburuk irakurri duen testu bera irakurri dute hiriburu guztietan. Besteak beste, erakunde publikoek, alderdi politikoek eta gizarte eragileek «herri ikuspegiaz, arduraz eta anbizioz» jokatu behar dutela esan dute, «garai honetan inoiz baino gehiago»: «Denon ardura da nazio jauzi hori bultzatzea eta denon ardura da jauzi horretarako aukera oro aprobetxatzea».
Gure Eskuren arabera, gaurkoa sinbolismo handiko ekimena izan da, lehen aldiz egin delako mota horretako ekimen bat, aldi berean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan. Gehitu dute ekimenean «adin eta sentsibilitate guztietako herritarrak» elkartu direla, «gure herriaren aniztasunaren erakusle».

Ekimena posible egiteko lan egin duten herritarren eta dantzarien inplikazioa eskertu du Gure Eskuk. «Beste molde bat erabili dugu aldarrikapenak egiteko eta jauzi hori eskatzeko: dantzaren bitartez egin dugu, giro ederrean, dantza ere herria egiteko bidea delako, eta poz-pozik gaude emaitzarekin. Gaur, berriz ere, Euskal Herriarekiko eta beren herrikideekiko konpromisoa erakutsi dute euskal herritarrek», esan du Etxaburuk.
Amaitzeko, gogoan izan du Euskal pilota selekzioak Munduko Txapelketan izan duen parte hartzea, eta iragarri du parte hartuko dutela bihar goizean Loiuko aireportuan egingo zaion harreran. Dei egin dute, aldi berean, futbol selekzioak azaroaren 14an San Mamesen jokatuko duen partidara joatera.