Bost kontinenteetako ahotsak izan dira Bihar nazioarteko kongresuan egunotan Bilbon eta Irunen (Gipuzkoa). 40 hiztun komunitate baino gehiagotako ordezkariak batu dira, hizkuntza gutxituak biziberritzeko diskurtsoen gaineko gogoetetan murgilduta, eta gaur biltzarra amaitu dute, elkarrekin sinbolo eder bat gorpuztuta: Irundik Hendaiarainoko (Lapurdi) bidea egin dute zurezko etxe bat garraiatzen —esanahiz betea: Joan Petit matxino okzitaniarraren etxea gogoan hartuta Okzitaniako egungo ekintzaileek egindakoa—. Altxa egin dute aurrena etxea; eraman egin dute gero, denen artean, giro ederrean. Etorbidearen zubian, propio, pausatu eta kongresuaren amaierako manifestua irakurri dute, bost hizkuntzatan. «Gure hizkuntzetatik, mundu bidezkoago, pluralago eta biziago bat eraikitzeko konpromisoa berresten dugu. Asko dugu munduari ekartzeko. Ez gara itzulpenak».
Irri eta irrintzi artean eraman dute zurezko etxea. Etxea denentzat sinbolo egokia dela sentitu dute: zuztarrak direlako, eta abaroa ere badelako. Petit Okzitaniako nekazari bat izan zen, eta 1643an Frantziako erregearen kontra matxinatu zen. Harrapatu egin zuten, torturatu, eta haren etxea birrindu. Eraitsitakoa berriz altxatzearen poza izan dute gaurko ekitaldian parte hartu dutenek. «Eraiki dugu Joan Petiten etxea; orain, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaroko dugu etxea garraiatzen», azaldu dute antolatzaileek. Eta gogotsu parte hartu dute ekinbidean mundu osoko hainbat eragilek. Bidean dantzan eta kantuan jardun dute, eta egunotan abiatutako solasetan sakontzeko modua ere izan dute. Izan ere, Hendaian bertan «zintzur bustitze alaitu bat» egin dute, eta horrexekin bukatu dute biltzarra.
«Ez dugu soilik laguntza eskatzen», aldarrikatu dute manifestuan. «Konpromisoa hartzen dugu elkarrekin sare sendoagoak eraikitzeko, elkarrengandik ikasteko, gure hizkuntzak ikusgarriago egiteko, gure komunitateak ahalduntzeko, eta hizkuntza guztien etorkizuna eskubideetan, baliabideetan eta benetako aukeretan oinarritzeko», adierazi dute. «Batez ere, geure buruari egiten diogu dei: ez itxaroteko, ez amore emateko, ez isiltzeko, hizkuntza bakoitza mundu bat delako. Eta mundu horiek bizirik iraungo dute, komunitateok elkarrekin bizirik mantentzen baditugu eguneroko erabileraren, transmisioaren eta ekintza kolektiboaren bidez».
Dei zuzenak ere egin dizkiete erabaki ahalmen handia duten eragileei. Erakunde publikoei, adibidez: «Eskatzen diegu hitzetatik ekintzetatik igarotzea: hizkuntza politika ausartak garatzea, baliabide egonkorrak bermatzea eta hizkuntza eskubideak benetan betearaztea». Eta akademiari: «Eskatzen diogu komunitateekin batera pentsatu eta lan egitea, haiekin batera ezagutza eraikitzea eta komunitateak bere jardunaren erdigunean jartzea». Eta nazioarteko erakundeei: «Hizkuntza aniztasuna gizateriaren ondare bizia dela aitortu eta babestea».
Gerora
Oraina usu ilunegia dela gogoratu dute. «Badakigu zer gertatzen ari den. Munduko hizkuntza gehiegi isilarazten ari dira. Ez naturaren legearengatik, baizik eta desoreken, bazterketaren eta homogeneizazioaren ondorioz». Kongresuan «aho batez eta ahots anitzez» idatzi duten manifestuan, ordea, gerora begira jarri nahi izan dute, bereziki. «Ez gaude hemen galera soilik kontatzeko. Hemen gaude etorkizuna aldarrikatzeko eta elkarrekin eraikitzeko. Hizkuntzak ez dira iraganeko oroigarriak. Bizirik dauden komunitateen arnasa dira. Duintasuna dira. Memoria dira. Ezagutza dira. Harremanak dira. Aniztasuna dira. Plaza dira. Eta etorkizuna eraikitzeko ditugun tresnarik indartsuenetarikoak dira».
Hizkuntzen munduko federazio bat sortzeko gonbidapena
Bihar kongresuan, biziberritzen ari diren hizkuntzen munduko federazio bat sortzeko gonbidapena egin du Garabidek. Aditzera eman dutenez, hizkuntza komunitateei, erakunde sozialei, administrazio publikoei, jakintza erakundeei eta hizkuntzen geroarekin konprometitutako guztiei egindakoa da gonbidapena. «Elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko eta elkarrekin jarduteko bokazioa du», azaldu zuten Garabideko kideek ostiralean, aurkezpenean. Urtzi Urrutikoetxeak eta Jon Sarasuak hartu zuten hitza. Haiekin batera, federazioaren «hasierako pausoak» gidatuko dituzten komunitateetako kideak ere izan ziren.