Umetako esperientziak kontatu dituzte askok —txikitako argazki eta guzti—, familiako arbasoen bizipenak, helduaroan egin ahal izan dituzten ahalduntze prozesuak... Hizkuntza gutxituetako hiztun komunitateetako nazioarteko Bihar kongresuan, gaur, Irunen (Gipuzkoa), toki handia izan dute lehen pertsonan harilkatutako gogoetek eta oroitzapenek. Izan ere, hizkuntzaren transmisio faltak, hizkuntza gutxituen inguruan sakon zuztartutako lotsek, edota kontrara, galdutako ahotsa berreskuratzeko bidean bizitako esperientziek antzaldatu egiten dituzte sarri pertsonak: barrutik. Eta munduko punta aski urrunetako hiztun komunitateetako solaskideak izan arren, badira, muinean, antzekotasunak guztien artean.
Goiza horren adierazgarri izan da: Rahera Cowiek ordezkatuko du maori hiztun komunitatea, Paolina Vercouterek kitxuarena, eta Nabraj Lamak tamang hiztunena. Berez, Zeelanda Berria —Aotearoa esaten diote maoriek—, Ekuador eta Nepal hiru puntu urrun dira mapan, eta ordezkatzen dituzten hiztun komunitateek unibertso aski bereziak eta bakanak dituzte. Baina, bestetik, sakon-sakonean, ez dira hain ezberdinak.
«Eskolara joateko beldur nintzen, nepaleraz hitz egiten ez nekielako» NABRAJ LAMA
 Tamang hiztun komunitateko ordezkaria

Hirurek aipatu dituzte, esaterako, hizkuntzaren zapalkuntzak eragindako orbainak. Gurasoen belaunaldiak pairatutako «asimilazioa» aipatu du, adibidez, Cowiek: maorieraz aritzeagatik eskolan pairatutako «zigorrak». Halakoen metatzearen ondorioz, «gizarte zurira» egokitzeko ahaleginak orokortu ziren toki askotan.
Hizkuntza gutxituari egindako «burlak» gogora ekarri ditu Vercouterek, eta horien arrasto sakona; esaterako, kontatu du berak, zapalkuntza askori erreparatuta, politikaren bidea gaztetan hasi zuela, baina hizkuntza gutxituaren garrantzia aurrerago ulertu zuela: Euskal Herrian izan zen, Garabiderekin egindako bisita batean. «Nik neuk lan pertsonal bat egin behar izan nuen». Lamak 7 urte zitueneko argazki bat erakutsi du: «Eskolara joateko beldur nintzen, nepaleraz hitz egiten ez nekielako». Egun ere zapalkuntza horren arrastoak badirela gogoratu du, eta gordinak direla: esaterako, uholdea izan da abuztuan Nepalen, eta horren arriskugarritasunari buruzko informazioa ez zen era egokian zabaldu tamang hizkuntzan. Ondorio larriak izan zituen horrek. Â
«Hizkuntza altxorra da, ez dago maoriekin horri buruz eztabaidatu beharrik; gure nortasunaren parte da»Â
 RAHERA COWIE Maori hiztun komunitateko ordezkaria
Cowiek gogora ekarri du zein garrantzitsua den hizkuntzak ikasteko prozesua kulturaren munduko praktikekin uztartzea; zehazki, ehungintzak maori hizkuntzaren eta kulturaren biziberritzean duen lotura aztertzen du berak, eta bide horretan egindako hainbat esperientziaren berri eman du. «Hizkuntza ez da gramatika bakarrik, kultur praktikak ere badira». Horren jakitun, Zeelanda Berrian, adibidez, propio «hizkuntza eta tradizioa bizirik mantentzeko etxeak» ere badirela azaldu du. «Elkarrekin lo egiten dugu, elkarren zurrungak aditzen ditugu; horrelako lekuak behar ditugu, horrelako lekuetan inbertitu behar dugu, horrela sortzen dugulako konexio kulturala». Errituen eta kantuen garrantzia ere agerian utzi du.Â
Maori hizkuntzak egun lege babesa badu, alde horretatik aurrerabide batzuk egin dira, eta biziberritzen ari da. Horren gaineko ikerketak ere egin dira Euskal Herrian: Imanol Miner eta Beñat Garaio ikertzaileek egin dituzte urteotan. Gazteen hats indartsuak hauspotutako mugimendua dela esan du Cowiek: «Gazte oso konprometituak ditugu». Eta hiztun komunitate osoan, oro har, txertatuta dagoela: «Hizkuntza altxorra da, ez dago maoriekin horri buruz eztabaidatu beharrik; gure nortasunaren parte da».

Zauriak osatzen saiatzeko
Askotan indigenak «idealizatzera» egiten dela salatu du Vercouterek bere hitzaldian. Aldiz, lohiak ere badira: «Modernitateak, historiak, patriarkatuak eta auzi ekonomikoek zeharkatzen gaituzte». Eta hor sortzen diren zauriak osatzen laguntzeko hizkuntza gutxituak aintzat hartzea onuragarria dela azaldu du. «Niretzat, hizkuntza erreminta bat izan da, adibidez, indarkeria matxistaren aurka egiteko». Imbabura probintzian helburu horrekin egindako politiken berri eman du: kitxuari lekua egin diote andreen egoeraren berri izateko ekinbideetan eta haiei begirako arta antolatzeko orduan. Esate baterako, profesional elebidunak hautatu dituzte politika publiko horiek aurrera eramateko.Â
«Hizkuntza erreminta ezinbestekoa da politika publikoek eragina izateko» PAOLINA VERCOUTERE
 Kitxua hiztun komunitateko ordezkaria
Halakoak orokortzeko, ordea, hizkuntzak aitortza instituzional handiagoa behar duela gogoratu du Vercouterek. Izan ere, egun Ekuadorreko Konstituzioan aipatzen da herrialdearen izaera «eleaniztuna», baina lege organiko bat falta da gero hizkuntza horien aldeko neurriak ezartzeko. Ondorioak ditu horrek, hizkuntza gutxituaren kalterako: «Kitxuek ez dute beharrezkotzat jotzen hizkuntzaren transmisioa, edota ez dute prestigiozko ikusten». Politika publikoetan kitxuari lekua eginda hori iraultzen hasteko abiaburu bat ikusten du. «Hizkuntza erreminta ezinbestekoa da politika publikoek eragina izateko». Hizkuntzari «prestigioa emateko» bide bat ere bada, eta ikusi du ahalduntze hori kitxuaz mintzo diren hiztun askoren begiradan. Tamalez, ez da beti horrela ulertzen, eta gutxitua zapaltzaile dela adierazteko mezuak ozentzen dira han ere, beste toki askotan bezala. «Beste alde batetik, arrazista naizela ere esan didate».
Â
Â