Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, gutxienez 4.814 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima Araba, Bizkai eta Gipuzkoan denera, eta sexu askatasunaren aurkako delituak %8,1 ugaritu dira epe berean. Datu horiek agerian uzten dute indarkeria matxistaren aurkako borrokak eta biktimei arreta emateko baliabideak indartu behar direla aurrerantzean ere, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu duenez. Hain zuzen, erronka horiek izan dituzte hizpide gaur Gasteizko Ajuriaenea jauregian, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko akordioaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian.
Pradales bera eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria izan dira ekitaldiaren buru. Lehendakariak nabarmendu du emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela, eta gizarte osoaren ardura dela hari aurre egitea. «Emakume bati erasotzen dionak euskal gizarte osoari erasotzen dio. Eta ez dugu onartuko», adierazi du.Â
«Indarkeria digitalari aurre egin behar zaio, alabak, ilobak eta bilobak ez daitezen horren biktima izan pantailaren bakardadean eta hotzean»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehendakariak ohartarazi du emakumeen askatasuna ukatzea, beldurrez bizitzera behartzea, haien ahotsa isilaraztea, aukerak kentzea eta haien iritzia gutxiestea ere indarkeria eta bazterketa direla. Gainera, nabarmendu du herritar guztiek dutela horri aurre egiteko ardura: «Beste aldera begiratu beharrean salatzea, eragoztea eta aurre egitea gure esku dago askotan. Har dezagun gure ardura».
Miren Elgarrestak, berriz, erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu du. Emakundeko zuzendariaren esanetan, koordinazioa funtsezko tresna da biktimen arreta integrala bermatzeko. Azken urteotan aurrerapenak egin direla aitortu arren, ohartarazi du indarkeria matxistaren bilakaerak erronka berriak ere badakartzala, eta, beraz, beharrezkotzat jo du aurrerantzean ere lankidetza indartzea.
25 urteko ibilbidea
Bortxa matxistaren aurkako erakunde arteko lehen akordioa 2001ean sinatu zuten. Pradalesek gogora ekarri du orduan ia hutsetik hasi zirela erakundeen arteko egitura osatzen, eta akordioak bidea ireki zuela biktimen arreta eta babesa erakundeen lehentasunen artean jartzeko.
Hain zuzen, azken 25 urteotan beste bi akordio sinatu dituzte erakundeek, 2009an eta 2023an, erantzun publikoa eguneratzeko eta indarkeria matxistaren adierazpen berrietara egokitzeko. Azken akordioak indarkeria mota guztiak hartzen ditu kontuan;Â bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaz gain, familia barrukoa eta sexu indarkeria ere bai. Biktimen seme-alabak eta inguruko beste pertsonak ere hartzen ditu aintzat.
2.100Osakidetzak zenbat andrazko artatu zituen 2024an: Osakidetzak 2.100 emakume baino gehiago artatu zituen 2024an indarkeria matxistaren ondorioz. Horietako mila inguru larrialdi zerbitzuetan artatu zituzten, beste mila lehen arretan, eta ehun inguru ospitaleetan. Urte berean, sexu indarkeriaren 374 biktima artatu zituen Osakidetzak; hamarretik lau, adingabeak.
Lehendakariak Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren ekarpena ere nabarmendu du, indarkeria matxistaren aurkako egitura instituzionalaren sustatzaileetako bat izan baitzen. Ibarretxek bideo bidez parte hartu du urteurren ekitaldian. Haren hitzetan, oraindik «eremu gris asko» daude, bidean argitu beharrekoak. «Gizona naizen aldetik, lotsa ematen dit oraindik emakumeen aurkako indarkeria egoteak», adierazi du. Feminismoaren barruan dagoen zatiketak kezkatzen duela ere esan du.
Bestalde, indarkeria matxistak forma eta eremu berriak hartu dituela ohartarazi du Pradalesek. Sare sozialen eta algoritmoen bidez ere gauzatzen da gaur egun, eta indarkeria digital horrek bereziki eragiten die gazteei eta nerabeei. Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da indarkeria mota horri aurre egitea, «alabak, ilobak eta bilobak ez daitezen horren biktima izan pantailaren bakardadean eta hotzean».
Osasun sistemak biktimen detekzioan eta arretan duen eginkizuna ere izan dute hizpide ekitaldiko mahai inguruan. Aritz Uriarte Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordearen arabera, erakundeen arteko akordioa «oso tresna baliotsua» izan da azken 25 urteotan jarraibide bateratuak ezartzeko eta koordinazioa indartzeko. Nabarmendu du osasun zerbitzuak indarkeria detektatzeko eta laguntza eskatzeko funtsezko eremu direla, batez ere emakumearen eta osasun arloko profesionalaren artean konfiantzazko harremana dagoenean.

