CAF urteroko akziodunen batzarra egiten ari da gaur Beasainen (Gipuzkoa), eta horren aurka manifestazioa egin dute ehunka lagunek eguerdian, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Hala ere, goizean goizetik protestak egin dituzte CAF enpresaren inguruetan, eta hainbat ekintzailek desobedientzia ekintzak egin dituzte. 08:30 aldera, CAFera doan errepideetako bat itxi dute, eta bertan kateatu dira, enpresak Jerusalemen eta Tel Aviven dituen proiektuak salatzeko. Enpresarako bidean den zubian ere hainbat lagunek eserialdia egin dute, ibilgailuei bidea moztuz. Gainera, zubitik bertatik eskegi dira bi ekintzaile Palestinaren aldeko banderak erakutsita. Ertzaintzak hainbat ekintzaile identifikatu ditu, baina ez da atxiloturik egon.

Plataformak jakinarazi duenez, ekintzaren helburua izan da CAFek Israelekin dituen harreman ekonomikoak eta Palestinako lurraldeetan garatzen dituen jarduerak salatzea. Ekintzaileek adierazi dute enpresak «sekulako erantzukizuna» duela Palestinan gertatzen ari denari dagokionez, eta haren jarduera ekonomikoa genozidioarekin lotu dute.

Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek azaldu dutenez, «Palestinako genozidioaren negozioarekin ateratzen dituzten etekinak» banatuko dituzte gaur egiten ari den akziodunen batzarrean. Horregatik, ekintzaileek euren gorputzak protesta tresna gisa erabiltzea erabaki dutela adierazi dute. Halaber, CAFen jarduna ez ezik, Palestinarekin lotutako negozio harremanetatik etekin ekonomikoak ateratzen dituzten euskal enpresak ere seinalatu dituzte. Plataformaren arabera, beharrezkoa da harreman horiek salatzea eta haien aurka mobilizatzea.
Manifestazio jendetsua
«Israel CAFen ere hasten da». Esaldi horrek ongi laburbiltzen du eguerdian Beasaingo kaleetan egin den manifestazioaren mezua. CAFeko akziodunen batzarra egiten ari ziren bitartean, ehunka lagun mobilizatu dira Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Pankarta nagusiaren atzean abiatu da martxa, txalo, oihu eta Palestinako banderen artean. Mobilizazioak herriko erdigunea zeharkatu du, eta, CAFen egoitza inguratu dutenean, goizeko protestetan desobedientzia ekintzak egin dituzten lagunak batu egin dira manifestaziora. Bidean behin eta berriz entzun dira Israelgo Estatuaren aurkako salaketak, baina baita Euskal Herriko erakunde eta enpresen erantzukizuna seinalatzen zuten leloak ere.
Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek «genozidioaren eta apartheidaren konplize» izatea egotzi diote CAF enpresari. Gogorarazi dute konpainiak kontratuak dituela Israelgo Shapir enpresarekin batera Jerusalemgo eta Tel Aviveko tranbia sareetan, eta azpimarratu dute azpiegitura horiek ez direla garraio proiektu hutsak: «Kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemekin lotzen dituzte, palestinarrak bakartuz eta okupazioa iraunaraziz».

Plataformaren ustetan, CAFek Israelgo kolonizazio proiektuari mesede egiten dio, bai azpiegituren bidez, bai Israelgo enpresekin dituen harreman ekonomikoen bidez. Gainera, gogorarazi dutenez, Nazio Batuen Erakundeak CAF okupazioarekin lotutako enpresen datu basean sartu du.
Akziodunen batzarrari erreferentzia eginez, manifestariek gogoratu dute CAFek aurten 52 milioi euro banatuko dituela dibidenduetan, inoizko kopururik handiena, eta irabazi horiek «odolaren gainean eraikitako etekinak» direla. Haien esanetan, enpresaren etekinen zati bat Israelen garatzen dituen proiektuei lotuta dago, eta horregatik jo dituzte «etekin kriminaltzat».
Eusko Jaurlaritzari ere egin dizkiote kritikak. Antolatzaileen arabera, gobernuak babes politiko eta ekonomikoa eskaintzen dio CAFi, eta, enpresan duen partaidetzaren bidez, haren jardueren erantzule ere bada. «Diru publikoa genozidioaren konplize diren proiektuak indartzera bideratzen da», adierazi dute. Era berean, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiari galdegin diote Israelekin lotutako harreman ekonomikoak eten ditzan.
Antolatzaileek ohartarazi dute Israelekin harreman ekonomikoak dituzten beste hainbat enpresa eta erakunde ere badaudela Euskal Herrian —besteak beste, Irizar, Sidenor, Kutxabank, Baskoniaren zuzendaritza eta Ertzaintza— , eta horiek guztiak «seinalatzen» jarraitzeko asmoa dutela.
Amnesty Internationalen protesta
Amnesty Internationalek ere elkarretaratzea egin du goizean Beasainen, eta parte hartzaileek Stop Apartheid. CAF, jaitsi trenetik leloa zeraman pankarta handi bat zabaldu dute. Elkarteko ordezkariek gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz irakurri dute hamabi gobernuz kanpoko erakundek sinatutako manifestu bateratua. Testuan, CAFi eskatu diote Jerusalemgo tren arinaren proiektuan duen parte hartzea amaitzeko, eta gogorarazi dute nazioarteko hainbat erakundek legez kanpokotzat jo dituztela Palestinako lurralde okupatuetan eraikitako kokalekuak.