Etxebizitza eskubide bat da, inor ez aterperik gabe. Lelo horren aterkipean, ildo politiko ezberdinetako hainbat eragilek bat egin dute Bilbon, etxe eskubidearen aldeko mobilizazio sorta bati ekiteko. Printzipioz, hilean behin egingo dute protesta erakunde publikoen egoitzen parean, eta aurrerago mobilizazio handiagoak egiteko asmoa erakutsi dute. Lehenengoa duela hilabete egin zuten, Bilboko Kale Nagusian, Etxebideren egoitzaren atarian, eta bigarrena larunbatean izango da, 12:00etan, Arriaga plazan.
Gaur, Bolsan egin duten agerraldian, Lorea Ureta eta Bittor Villares aritu dira bozeramaile lanetan. Protestei zergatik ekin dieten azaldu dute: «Elkartu garen eragile guztiok ikuspuntu bera dugu; ikusten ari gara etxebizitza bat eskuratzea ezinezkoa dela herritar gehienentzat, eta etxeen prezio altua faktore bat dela pobretzean eta gizarte bazterketan».
«[Erakunde publikoen kudeaketa] espekulazioa bultzatzeko eta arazoa ezkutatzeko pentsatua dago»
LOREA URETA ETA BITTOR VILLARESÂ Etxe eskubidearen aldeko eragileen bozeramaileak
Mobilizazioen helburua administrazioei presio egitea dela adierazi dute, «pertsona guztiek etxebizitza bat izateko ahalegin guztiak egin eta baliabideak jar ditzaten». Haien iritziz, etxea izatea eskubide bat da, «merkatuaren logikatik kanpo» egon behar du, eta erakundeen erantzukizuna da eskubide hori bermatzea: «Etxebizitza politikek herritar gehienei etxe duin bat eskuratzea galarazten diete».
Egitasmoarekin bat egin duten eragileak hauek dira: ELE Etxeko Langileen Elkartea, Atxurigorri, Atxuri Harrera, AZET Etxebizitza Sindikatua, Belaunaldi Galdua, Berri-Otxoak, Bilboko EH Bildu, Bizizaleak, Goazen, Bilboko Bizilagunen Elkarteen Federazioa, Greska, LAB sindikatua, Ongi Etorri Errefuxiatuak, EAEko Ahal Dugu eta Sumar mugimendua. Azpimarratu dute mugimendura kolektibo eta pertsona gehiago batzea nahi dutela.
Esku hartzea
Urtarrilaren 20ko protestan bezala, gaur ere esan dute erakunde publikoek merkatuan esku hartzeko eta etxe eskubidea babesteko baliabideak dituztela, espekulazioari amaiera eman ahal diotela, baina, horren ordez, «espekulazioa bultzatzeko eta arazoa ezkutatzeko pentsatua» dagoela haien kudeaketa.
Horri aurre egiteko neurri zehatzak eskatu dituzte, hala nola alokairu sozialeko etxebizitza publikoen eskaintza nahikoa eta eskuragarria izango dela bermatzea, errenta ez dadin izan hileko diru sarreren %20 baino garestiagoa.Â

Salatu dutenez, gaur egungo etxebizitza politikek higiezinak inbertsio modura erostea sustatzen dute, eta ez dute geldiarazten etxebizitzen negozio turistikoa, «zeinak neurririk gabe puzten dituen prezioak». Gizarte eragileen irudiko, erakunde publikoek interes gutxi dute egoera konpontzeko; izan ere, Jaurlaritzak 482 milioi euro «soilik» jarriko ditu etxebizitzarako 2026an, osasunera 5.300 milioi eta hezkuntzara 3.300 milioi bideratuko dituen tarte berean.
Oraingo egoeran etxe hutsak «ezin onartuzko luxua» direla adierazi dute, eta, horregatik, «berehalako aprobetxamendu publikoa bermatuko duten kontrol, penalizazio eta desjabetze neurriak» hartu behar direla. Gogorarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 70.000 etxebizitza huts daudela; haietatik 9.000, Bilbon.