Donostiak bi lursail utzi dizkio Jaurlaritzari, alokairuko 263 etxebizitza egiteko

Gazteentzat eta adinekoentzat izango dira txandakako pisu horiek. 180 egingo dituzte Morlansen, eta 83 Loiolako Erriberan.

Loiolako Erriberan eraiki asmo dituzten etxebizitzen irudia. IREKIA
Loiolako Erriberan eraiki asmo dituzten etxebizitzen irudia. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 17a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitz egindakoa beteko dutela dirudi. Gaur, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Donostiak bi partzela uzteari, haietan 263 alokairuko pisu eraiki ahal izateko, txandakakoak, gazteei eta helduei bideratutakoak. Morlansen egingo dituzte 180, eta Loiolako Erriberan 83.

Loiolako Erriberako lursailari dagokionez —1.456 metro koadro ditu—, Etxebizitza Sailak adierazi du jada kontratazioko batzorde nagusian ari direla prestatzen obra lizitatzeko lehiaketa, eta, ondo bidean, udazkenean hasiko dela hautaketa prozesua, udalak obra egiteko baimena ematen duenean. Egitasmo horrek 17,7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Morlanseko tramiteak, berriz, azkarrago egingo dituztela uste du Jaurlaritzak, eta 2028. urterako eraikitzen hasi ahal izango dutela. Hango lurzatiak 3.464 metro koadro ditu, eta 30 milioi euro inguruko kostua izango du obrak.

263 pisu horiek «belaunaldi arteko etxebizitza eredu bat» sustatuko dute. Batetik, 18 eta 35 urte arteko gazteei alokatuko dizkiete, gehienez ere bost urterako. Bestetik, euren lehen etxebizitza Bizigune egitasmo publikoari utzi dioten 70 urtetik gorakoak biziko dira han, epemugarik gabe. Bizigunek alokairu sozialera bideratuko ditu adineko horien etxebizitzak.

Elkarlana

Azkenaldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak etengabe errepikatu du erakundeen  elkarlana beharrezkoa dela eraikuntza epeak murrizteko, eta hala egin du beste behin ere: «Bizitoki larrialdiaz ari garenean, epeez ari gara. Eta epeak betetzen dira erakundeak koordinatuta, adimenez izapidetuta eta proiektuak anbizioz bultzatuta». Jaurlaritzaren arabera, gaur egindakoa «urrats erabakigarria» da eskuragarri dagoen lurzorua sustapen zehatz bihurtzeko, Donostiako Udalak hamasei urte baitzeramatzan Jaurlaritzari lurrik utzi gabe.

Itxasok goraipatu egin du abenduan onartu zuten Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea ere. Azaldu duenez, hari esker epea luzatzen zuten prozedurak saihestuko dituzte. «Araudi berriak oso zentzu zehatza du: tirabira desagertzea, publikoa dena lehenago heldu dadin. Itzulinguru gutxiago eta egikaritzeko ahalmen handiagoa», esan du. 

Insaustik herrerako pabiloietako egoera «konpondu» nahi du

Urtarrilean, Donostiako Herrera auzoko Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia hustu eta bertan bizi ziren 31 lagunak etxegabetu zituzten, baina oraindik ere berrehun lagun inguruk pasatzen dute gaua hango beste bost pabiloietan. Jon Insausti alkateak aitortu du «kasuistika konplexua» dela, jabeek fabrikak botatzeko baimena eskatua dutelako, eta orain egoera «konpondu» nahian dabiltzala adierazi du.

 Esan du ez lukeela nahi konponbidea epaile baten kaleratze agindua izaterik, baina «hala izan behar badu» hala izango dela. 

Hortaz gain, alkateak kontatu du «harrera eta gizarteratze zentro» bilakatu duten La Sirena aterpetxean 60 lagun bizi direla gaur egun, eta ehunentzako tokia dagoela, betiere ostatu hartzen duten pertsonak Aukerak izeneko programan sartzeko prest badaude: «Udalak irtenbide zehatzak eskaintzen ditu, ikuspuntu humanistarekin, aukerak eskainiz, baina konpromisoa exijituta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.