Orain arte iritsitako datuen arabera, hamabi atxilotu izan dira Baionan, biziaren kariotzearen kontrako hirugarren mobilizazioaren egunean. Joan diren bi larunbatetan baino jende pixka bat gutiago bildu da, 3.000 lagun inguru, intersindikalaren arabera. Kolpatu bat ere izan da, kazetari lanetan zebilena.
Orokorrean, manifestazioa aski lasaiki pasatu da. Ibilbide ofizialetik abiatu dira manifestariak, Roland Barthes zelaigunera buruz joan ordez Espainiako karrika hertsitik barna sartu diren arte. Baiona Handia zeharkatu dute oihuka: Estatua, poliziak eta fatxak eraitsi eta Mundu guziak gorroto du polizia leloen oihartzunak entzun dira hirian gaindi. Orduan iritsi dira herriko etxearen inguruetara, prefeturak bezperan debekatu zuen arren.
Poliziek kaskoak jantzi, erredolak hartu, eta herriko etxearen alde banatan suprefeturara buruz doazen bideak blokeatu dituzte. Horien parean ezarri dira manifestariak, lasaiki. Luze iraun du momentu horrek, harik eta manifestariak dantzan hasi arte. Madison abestia dantzatu dute, baita Macarena ere. Poliziak abisuak eman dituen arte. Lehena, bigarrena eta hirugarrena. Negar gasa zabaldu dute, manifestariek dantza bukatu berri zutela eta pertsona elbarritu bat aulki gurpildunean parez zutela. Orduan hasi dira atxiloketak.
Goizean jadanik gazte bat atxilotu dute eskiko betaurrekoak eramateagatik; hau da, begitartea tapatzeagatik. Arratsaldean, geroz, beste hamaika pertsona. Orotara, orain arte jakinarazi denez, hamabi pertsona eraman dituzte. Herriko etxetik jendea barreiatu ondotik, zenbait objektu jaurti dituzte polizien kontra, baina San Izpiritu auzoan izan dira horiek, eta zenbait pertsona aitzinetik atxiki dituzte.Â
Ibilbide «ofiziala»
Prefeturak baieztatutako ibilbide ofizialetik abiatu dira manifestariak, Baionako geltokitik, 14:45 inguru. Han izan da Pierre ere, joan den larunbateko manifestazioan jasandako polizia indarkeria salatu duen manifestaria. Ezkerreko besoa uhalean, salatu du «hori bera dela [polizien] estrategia, beldur ematea», eta, orduan, ez duela etxean egon nahi izan, «arrazoia haiei ematea bailitzateke». Manifestazioetara joaten segitzeko borondatea agertu du, baita Pauline haren lagunak ere: «Mugimendua lizeotarrekin hasi zen, baina borrokek bat egiten dute: diskriminazio sistemikoak hautsi nahi ditugu, horrek du gobernua gaitzitzen».
«Manifestatzeko eskubidearen alde ere manifestatzen» dute orain, hainbat muga ezartzen hasi baitira urriaren 17tik geroztik, hala Frantzian nola Ipar Euskal Herrian: sindikatu ofizialek baizik ez ditzakete manifestazioak deklaratu, eta zenbait hiritako leku batzuetan elkarretaratzea debekatu dute. Baionan, erraterako, komisariako, auzitegiko, suprefeturako eta herriko etxeko inguruetan egotea debekatu dute hirugarren ekitaldirako.
CGT sindikatuak ostiralean salatu zuenez, eten dira prefekturarekin orain arte zituzten elkarrizketak, baita ibilbide «segurtatuak» bermatzeko ere: «Poliziak berak antolatutako desordena» gaitzetsi zuten joan den larunbateko manifestazioari begira, poliziek ibilbidea ez baitzuten zaindu, ezta garraioa kudeatu ere, eta ibilbide osoan autoen erdian izan zirelako manifestariak. Honakoan, halere, intersindikalak baieztapen ofiziala lortu du; «joan den astetik hobetu da», Julien Delion CGTko kideak ohartarazi duenez.
Baina izan dira leku debekatuak: «Prefeturaren agiria ostiral gauean baizik ez zuten publikatu, berandu. Galdetzen dugu, beraz, zein ote den gobernuak, Barne ministroak eta beraz prefetek segitzekoa duten dogma? Manifestazioa deklaratu dugun LAB, FSU, Solidaires eta CGT sindikatuen rola, bistan dena, manifestarien segurtasuna bermatzea da, baina baita poliziei oroitaraztea ere haien misioa zerbitzu publikoa dela, manifestarien aldekoa, haizu baitzaigu manifestatzea».