«Poliziek lurrera bota naute, kolpeak hartu ditut, borraz jo naute buru gibelean, herrestaka tiratu naute... Momentu horretan besoekin babesten nintzen, ene burua defendatzen entseatzen, ulertu arte galdekatzeko atxikiko nindutela; orduan gelditu nintzen [ezin delako kontra egin]». Burua akiturik, lotura bat kopetan, ezkerreko besoa uhalean, orri batzuk esku artean, bere lekukotasunaren kontatzen hasi da Pierre U., CGT sindikatuko kideekin eta joan den larunbateko manifestazioaren testigantza ematera bildu diren Pauline eta Kevin manifestariekin.
Ikusi gehiago
Poliziak lepauztaiaren lotailuak urratu dizkio Pierreri, larrialdi zerbitzuan lau jostura puntu egin behar izan zizkioten buru gibelean, eta medikuak hamar eguneko lan geldialdia manatu dio. Besoa ezin du erabili, gauean lorik ez du egiten, «egunean anitz negar» egiten du, izerditan iratzartzen da, oharkabean «beldurrez jauzi» egiten du. Oraino buruan itzulika baititu larunbateko manifestazioan gertatu zitzaizkionak.
«Jaurtigaiak botatzeagatik» harrapatu omen zuten. Nork ote? «Haien artean ere ez zekiten nork atxiki ninduen hasieran». Gaua atxilo pasatu zuen, binaka ohe bakarreko zelulan, «estalkirik gabe». Zertako? Ezer ez: hiriko bideozaintza kamerek erakutsi dutenez, jaurtigairik ez zuen bota; kargurik gabe ateratzen utzi zuten igandean. Salaketa ezarriko du polizia indarkeria larriagotuagatik.
«Zehar kaltea»
Egoera Baionako suprefeturaren aitzinean hasi zen gaiztotzen. Pierreren arabera, han hasi ziren negar gasa erabiltzen; «haurrak daude, haurrak daude», oihukatu zuen emazte batek mikrofonoan. Paulinek eta Kevinek berretsi dutenez, negar gasak erasan zien «baita manifestazioan parte hartzen ez zuten oinezkoei ere, haur kotxean ziren niniei, adinekoei, haurrei».
Gasak hedatzen segitu zuten, jendea Baionako herriko etxera buruz eraman nahian. Pierrek aitortu du «momentu horretan gaizki ebaluatu» zuela zer gertatzen ari zen: «Uste ukan nuen herriko etxearen aitzinaldean blokeatuko gintuztela denak, besterik gabe». Ez zen horretan gelditu, ordea, zeren BAC kriminalitatearen kontrako brigada lasterka iritsi baitzen orduan: «Jendeari bultzaka eta joka hasi ziren; ene lagun bat lurrera bultzatu zuten, eta harengana hurbildu nintzen laguntzera, [Poliziarekin] elkarrizketa bat ukaiten entseatzera, baina batek gibeletik bultzatu ninduen». Orduan hasi zen, hain zuzen ere, Pierrek salatu duen polizia indarkeria.
Lurrean herrestaka tiratu ondotik, zehaztu du borraz jo zutela, baita buruan ere. Fite adierazi zien lepauztaian min zuela, baina ez omen zioten kasurik egin. Galdetu zien kolpatua zenetz ere, eta ezezkoa jaso: Patxi Beltzaiz BERRIAko argazkilariak harrapatu duenez, ordea, buruan odola zuen atxiloketaren momentuan.
Komisariara joan ziren gero. «Burua odoletan nuen; egiazki beldur nintzen». Mediku bat ikustea galdegin zuen; bi oren berantago iritsi zen, «eta poliziei gomendatu zien larrialdi zerbitzuetara joateko». Eskuburdinak ezarri zizkioten berriz, «baieztatua izanik ere lepauztaian arazo bat» zuela. Larrialdietan, medikuak eskuburdinen kentzea galdegin zien poliziei, baina azterketa bakoitza bukatu bezain laster ezarri zizkioten berriz.
Hemezortzi oren pasatu eta, azkenean, abokatu bat ikusi zuen. Hogei oren pasatu, eta, orduan, auzi poliziari bere bertsioa kontatu zion. «Oren bat gehiago atxiki ninduten preso, zelulan; bideozaintza kameren edukia begiratu zuten tarte horretan». Eta erran zion batek: «Zintzoa izan zara, azkenean! Barkamenak, zehar kaltea izan zara».
Haustura Poliziarekin
Baionako CGT sindikatuko delegazioak ere gertatutakoak salatu ditu. Patricia Glory idazkari nagusiak salatu du Poliziak «neurrigabeko indarkeria» erabiltzen duela: «Gaur hitza hartzen badut, Polizia horren funtsa aipatzeko da, jendea borraz eta itsuan jotzen dabilen horrena». Erabilitako armez ere ohartarazi du sindikatuko kideak, «macroniaren hasieratik indarrean sartu diren armak, eraso terroristetarik babesteko izan behar zutenak eta herritarren kontra erabiltzen direnak orain». Oroitarazi du arma horiek «bizi osorako mutilatzen» dutela, lizeotarren mobilizazioetan ikusi den bezala.
Gloryren ustez, helburua «mugimendu sozial ororen isilaraztea da», «Poliziari eskuak libro» utziz, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak adierazi zuenez. Gainera, harreman zuzenik ez dute gehiago estatuko ordezkaritzekin: adierazi dutenez, joan den asteko manifestazioaren baimen idatzirik ez zaie iritsi, eta, momentuz, ber egoeran daude biharko manifestaziorako.
Sindikatuak «Poliziak berak antolatutako desordena» gaitzetsi du urriaren 24ari dagokionez. «Normalean harremana dugu haiekin, ibilbidea trenkatzeko; nolabaiteko segurtasuna bermatzen du. Egun hartan, deus ez zen egin: ibilbide osoan autoen erdian izan gara, nehork ez zuelako garraioa kudeatzen; Poliziak nahitara desordenatu du manifestazioa, manifestariak probokatuz hasieratik». Pierrek: «Mandelak zioen bezala, kuraia ez da beldurrik ez izatea, beldurtzen gaituenaren gainditzea baizik; larunbatean, berriz ere, karrikan izanen gara».