Sortuk hamabost laguneko zuzendaritza bat proposatu du, Iraola gidari lukeena

Sorturen Nazio Kontseiluaren proposamenaren arabera, alderdiko idazkaritzan jarraituko lukete Oihana San Vicentek, David Plak, Nuria Altzugaraik, Elena Belokik eta Haimar Altunak. Urtarrilaren 21etik 23ra bozkatuko dute militanteek.

Iraola, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iraola, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 7a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabi Iraola da Sorturen buruzagitzan Arkaitz Rodriguez ordezkatzeko proposatutako pertsona; halaxe jakinarazi zuten atzo. Gaur, berriz, Nazio Idazkaritza osatzeko hautagaitza osoaren berri eman du Nazio Kontseiluak. Denera, hamabost izen: zortzi emakume eta zazpi gizon. Hala, alderdiak nabarmendu du proposamena «inoizko orekatuena» dela sexuari eta lurraldeei dagokienez, eta «askotariko belaunaldiak» biltzen dituela. Sortuko kideek urtarrilaren 21etik 23ra bitarte bozkatuko dute, eta Irunen egingo duten ekitaldiarekin emango diote amaiera IV. Kongresuari, hilaren 24an.

Ontziaren lema hartuko duen burua aldatu badute ere, azken urteetan egindako lanari jarraipena eman nahi diote zuzendaritza berriarekin. Izan ere, hautagaitzan ageri diren hamabost lagunetatik bederatzi Rodriguezen lantaldean aritu dira. Iraola da horietako bat, baina zerrendan dira 2022an idazkariordetzak hartzeko hautatu zituzten hiru lagunak ere: Nuria Altzugarai Barne koordinatzaile izateko hautagaia da, Oihana San Vicente Harreman Sare Orokorraren arduradunetako bat izateko proposatu dute, eta David Pla, berriz, Eskola Politikoko ardura hartzeko. Ondo bidean, Elena Belokik ere Nazioarteko arduradun rolari eutsiko dio, eta Haimar Altunak Gatazkaren Ondorioen kudeaketari. Hura EH Bilduko Elkarbizitza idazkaria ere bada. Azkenik, Paul Lakak Bizkaiko arduradun izateari utziko dio, Harreman Sare Orokorraren arduradunetako bat izateko.

Esperientziari gaztetasuna ere txertatu nahi izan dio Sortuk, eta nabarmendu du azken urteetan «ikasleak eta gazte mugimenduetan militatzen hasitako» kideak ere badirela hautagaitzan. Hala, 35 urtetik behera dituzte bost hautagaik: Oihana Agirre (Barne Komunikazioa),  Maialen Kortabarria (Proiektu Estrategikoak), Asier Zamorano (Proiektu Estrategikoak), Maialen Arteaga (Komunikazioa) eta Txomin Poveda (Ipar Euskal Herria). Zuzendaritza berrira batzeko hautagaiak dira Itsasne Fernandez (Antolaketa) eta Iker Araguas ere (Estatu Biktimen Aitortza eta Memoria). Azkenik, Idoia Zengotitabengoa ere zuzendaritzako kide litzateke, Iratzar fundazioko arduraduna den heinean.

«Proposamen horrekin, Euskal Herria eraikitzeko begirada ezberdinak bildu eta josi asmo ditu Sortuk, nola ezker abertzaleko ibilbide militantean metatutako esperientziarena, hala ziklo politiko berrian ezker abertzaleko antolakunde eta borroka sozialetatik eratorritakoena», adierazi du Sortuk. Izan ere, batez besteko adina 39 urtekoa da. Bost kide gipuzkoarrak dira, lau bizkaitarrak, hiru nafarrak, bi arabarrak eta bat lapurtarra. Alderdiaren arabera, lurralde bakoitzeko afiliatu kopuruaren araberako banaketa da hori.

Militantziak hala baieztatzen badu, kide horien ardura izango da Herri gogoa txosten politikoan jasotakoak praktikara eramatea. 2025. urtea amaitu aurretik onartu zuten hura alderdiko militanteek. Haren arabera, Sorturen xedea da «eskala handiko nazio bulkada bat» martxan jartzeko lan egitea, eta bide horretan EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berresten du.

Halere, alderdiko militanteek hautagaitza alternatiboa aurkezteko modua dute. Urtarrilaren 14ra arteko epea dute horretarako. Hilaren 20an publikatuko lirateke hautagaitza guztiak, eta 21etik 23ra bozkatu. Alderdiak Irungo Ficoba erakustazokan emango dio amaiera prozesuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.