GIB giza immunoeskasiaren birusaren 95 kasu diagnostikatu zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oro har —2024an, 125 izan ziren—. Horietatik %61, berandu; %50 inguru izan ziren 2024an. Ondorioa nabarmena da: «Horrek zaildu egiten du tratamendua», infekzioak GIBdunen immunitate sistema ahultzen baitu, «eta, batez ere, beste pertsona batzuk kutsatzeko arriskua handitu». Adrian Llorente Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzako epidemiologoak eman du azalpena.
Kopuruari zehaztasun batzuk gehitu dizkio Oskar Aierdi Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Osakidetzako Planaren arduradunak: «Batez ere emakumeetan eta beste herrialde batzuetan jaiotako pertsonetan gertatzen da».
Gehienak gizonak
Hiesaren eta sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunen iazko balantzea egin du Eusko Jaurlaritzak. GIBaren kasuan, kutsatutako hamar lagunetik zortzi gizonak dira, batez beste 39 urte ingurukoak eta ia denak (%99)Â sexu harremanen bidez kutsatuak. Hiesaren, hau da, hartutako immunoeskasiaren sindromearen kasuak hemeretzi izan ziren iaz, orain arteko kopururik apalenetakoa.
«GIBa berandu diagnostikatzeak zaildu egiten du tratamendua, eta, batez ere, beste pertsona batzuk kutsatzeko arriskua handitu»
ADRIAN LLORENTEÂ Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzako epidemiologoa
«Hiesa eta sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak osasun publikoko arazo dira oraindik ere», ohartarazi du Llorentek. Garaiz atzematea da lehentasuna, eta horretarako diagnostiko probak herritarren eskura jartzea. Gaur egun osasun sistema publikoan egin daitezke, baina baita handik kanpo ere, farmazia batzuetan eta gobernuz kanpoko zenbait erakunderen bidez.
Klamidia: 2014an halako lau
Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen kasuak gora egiten ari dira, gazteen artean batez ere. Iaz 3.086 klamidia kasu diagnostikatu zituzten. 139 kasu dira 100.000 biztanleko. Tasa hori 2014koa halako lau baino gehiagokoa da: 31 izan ziren urte hartan. Kutsatze gehienak 20 eta 25 urte arteko gizonetan izan ziren.
Gonorrea kutsatzeak, berriz, 1.834 izan ziren iaz. 83 100.000 biztanleko, gehienak 25 eta 34 urte arteko gizonak. Sifilis kasuak, bestalde, gutxiago izan ziren: 345, hamabost 100.000 biztanleko. Gehienak 25 eta 45 urte arteko gizonetan.
Kanpaina berria
Gazteengana iritsi nahi dute batez ere. Eusko Jaurlaritzak kanpaina bat aurkeztu du sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen eraginaz jabetzeko eta prebentzioa bultzatzeko: Praktikatu sex care-a du leloa. Mezu positiboa zabaldu nahi izan dute, norbere buruaren zaintzan oinarritua, «beldurrik eta errurik gabea», Llorenteren arabera. «Natural hitz egin nahi dugu sexualitateari buruz».
«Sexu bidez transmititzen diren gaixotasun asko bakterioek eragiten dituzte, eta ez duzu sarketarik behar kutsatzeko: aho sexuarekin kutsa dezakezu, elkar masturbatuta... baina halakoen arriskua ez da ikusten»
MARCO IMBERTÂ Euskalsidako presidentea
Izan ere, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunei buruzko estigma indarrean dagoela uste du epidemiologoak. Eta estigma horrek prebentzio lana zailtzen duela: «Askok diagnostiko probak atzeratzen dituzte, edo beldurrez eta lotsatuta joaten dira proba egitera». Adierazi du horri aurre egiteko hitz egin behar dela gaixotasun horiei buruz.
Eusko Jaurlaritzak gazteengana iritsi nahi du, baina ohartarazpen bat egin du Marco Imbertek, Euskalsida elkarteko presidenteak: «Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunek eta GIBak ez dute jendea diskriminatzen adinagatik, sexu orientazioagatik edo egoera zibilagatik. Ez da gazteen kontua bakarrik». Hiesaren kontrako elkarteen federazioa da Euskalsida.
Informazio falta
Elkarte horiek herritarrak artatzen dituzte, eta informazio falta nabarmena ikusten dute haiengana jotzen duten herritarren artean: jende askok sarketarekin bakarrik identifikatzen ditu sexu praktikak, eta, horren ondorioz, ez daki beste sexu jarduera batzuek zer arrisku dituzten, edo arriskuok gutxietsi egiten ditu.
«Hori da prebentzio arloko arazo handia», Imberten esanetan. «Sexu bidez transmititzen diren gaixotasun asko bakterioek eragiten dituzte, eta ez duzu sarketarik behar kutsatzeko: aho sexuarekin kutsa dezakezu, elkar masturbatuta... baina halakoen arriskua ez da ikusten».
Nork bere burua zaintzearen garrantzia nabarmendu du Marco Imbertek: «Horrek esan nahi du zeure burua zaintzea, baina baita bestea ere zaintzea ere. Bizitza sexual aktiboa, atsegina eta arduratsua izan nahi badut, neure erantzukizunetik eta autozaintzatik abiatu behar dut».
Probak, urtero
Prebentzioak bakoitzaren egoerara eta bizimodura egokitu behar duela esan du Aierdik. Alde horretatik, diagnostikorako probak ezinbestekoak direla gehitu du Imbertek. Uste du probak egitea dela nork bere burua zaintzeko modurik onenetakoa, eta herritarrek horretaz jabetu behar dutela. Herritar guztiak gonbidatu ditu «urtean behin» probak egitera eta ohitura hori hartzera, «dentistarekin egiten den moduan».
Probaren emaitza negatiboa izanez gero, horrek «indartu egiten ditu hartutako neurriak»; positiboa izanez gero, berriz, «abantaila ematen du infekzioaren kontrola hartzeko».