Lehendakari nor izatea nahiko luketen badakitenen artean, gehienek Otxandiano nahi dute

EITB Focusen bigarren atalak lehenengoaren joerak baieztatzen ditu, bi aldetatik: batetik, zalantzatiak erabakigarriak izango dira; bestetik, EH Bilduren goranzko joera berresten du.

Eusko Legebiltzarreko irudi bat. ASIER BASTIDA / FOKU
Eusko Legebiltzarreko irudi bat. ASIER BASTIDA / FOKU
2024ko martxoaren 22a
15:40
Entzun

EITB Focusen bigarren atalak berresten du Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 21eko hauteskundeetan lehia estua izango dela EAJren eta EH Bilduren artean. Hurrengo lehendakaria nor izatea nahi duten galdetuta, %40k erantzun dute ez dakitela, baina, badakitenen artean, %26,1ek EH Bilduko Pello Otxandiano nahiko lukete; %26ek, EAJko Imanol Pradales. Hirugarren aukera oso urrun geratu da: PSE-EEko Eneko Andueza nahiko lukete %4,1ek.

Horrenbestez, atzo plazaratutako inkestaren haritik doaz erantzunak. Lehendakaria nor izatea nahiko luketen galdetuta, hamarretik lauk erantzun dute zalantzak dituztela. Nori botoa eman zalantza dute hamarretik zortzik, atzo argitaratu zituzten inkesten arabera. 

Bestetik, EH Bilduren goranzko joera berresten du inkestak, Otxandiano baita garaile lehendakariaren hautaketan, hamarren baten aldearekin. 

Akordio posibleei buruz ere galdetu dute inkestan. %28,1ek ez dakite zein akordioren alde egingo luketen. Baina, dakitenen artean, abertzaleek elkarrekin gobernatzearen aldeko aukera da garailea. %22,8k EAJren eta EH Bilduren arteko itun bat nahiko lukete. %19,4k EAJren eta PSEren arteko itunaren alde egin dute. Urrun geratzen da hirugarren aukera: %4,7k EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen artekoa nahiko lukete.

Koalizio gobernu bat izango dela gutxik jartzen dute zalantzan. %2,5ek EH Bilduk bakarrik gobernatzea nahiko lukete, eta %2,2k, EAJk gobernatzea.

Kezka nagusien artean lan etorkizuna, osasuna eta segurtasuna aipatu dituzte galdetutakoek. 

Inkesta martxoaren 8tik 14ra egin dute, telefonoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 600na pertsonari deituta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.