30 pertsonatik gora Donostiako Zardoya Otis pabiloitik irten dira, atzo kaleratze agindua jaso ostean

Hiritarron Harrera Sareak pabiloira gerturatzeko deia egin du, kaleratuei «laguntzeko eta babesa emateko».

Ertzainak Donostiako Zardoya Otis pabiloian. BEÑAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA
Ertzainak Donostiako Zardoya Otis pabiloian. BEÑAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA
Julen Urrestarazu
2026ko irailaren 24a
07:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiritarron Harrera Sareak salatu du 30 pertsonak baino gehiagok Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia husteko agindua jaso zutela atzo, Donostiako Herrera auzoan. Irutxuloko Hitza-ren arabera, bertan zeudenak Udaltzaingoa eta Ertzaintza iritsi baino lehen irten dira eraikinetik.

Harrera sareak azaldu du pertsona horiek «egun bat lehenago» jaso zutela kaleratzearen jakinarazpena, eta ez zaiela etxebizitza alternatibarik eskaini oraingoz. Azaldu dute kaleratu dituztenak «administrazio-erregulazio prozesuan» daudela eta «formakuntzak» egiten ari direla. Gehitu dute Harrera Sareko boluntarioak izan direla «kontaketa egin» eta «zer behar duten galdetzeaz» arduratu direnak.

Kaleratuentzako premiazko beharrak eramateko eskatu dute: kanpadendak, mantak, lo zakuak eta ekarpen ekonomikoak, «lehen egunei aurre egiteko». Salatu dute Donostiak «geroz eta zailago» jartzen diela hirian bizitzea ikasten eta prestatzen ari direnei.

Bertaratutako poliziek gunea itxi dute zintekin, eta segizio judizial batek eraikina ofizialki itxi du. Lehenago, Jolastokieta kalean hainbat eragiletako 30 lagun inguru elkartu dira, «laguntzeko eta babesa emateko». Ez da istilurik eta identifikaziorik izan.

Bigarren kaleratzea Zardoyan

Gaur egingo dutena zenbatu gabe, Donostian hiru eraikin hustu ditu Poliziak azken hilabeteetan. Aurten bigarren aldiz hustu dute Zardoya Otis eremuko 4. pabiloia: urtarrilaren 26an, 31 lagun etxegabetu zituzten. Maiatzaren 22an, hamar lagun kanporatu zituzten Oxigraf pabiloi abandonatutik, hori ere Herrera auzoan. Iaz, ehundik gora poliziak 111 pertsona kanporatu zituzten Martutene auzoko agustindarren eraikin zaharretik, abenduaren 4an.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA