«Harrotasunaren espiritu aldarrikatzailea» berreskuratu dute LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean

Manifestazioak egin dituzte hegoaldeko lau hiriburuetan. LGTBI komunitatearen memoria eta borroka aldarrikatu dituzte, baina «bazterretan bizi diren kolektiboen» beste zenbait borrokari protagonismo berezia eman diete aurten.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Iruñean, eguerdian. IÑIGO URIZ / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Iruñean, eguerdian. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 28a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko kaleak ostadar koloreko banderaz eta aldarriz bete dira gaur, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Komunitate horren aldeko aldarriz, noski, baina ez horiez bakarrik. Izan ere, aurten, mugimendu feministak, arrazakeriaren kontrako elkarteek eta, oro har, kolektibo minorizatuen alde ari diren kolektiboek bat egin dute gaur Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzten manifestazioekin.

Azken urteotan mundu osora hedatu den «olatu erreakzionarioa» dela medio, denbora luzez eta esfortzu handiz lortutako eskubideak kinka larrian daudela ohartarazi dute Euskal Herriko mugimendu sozialek, eta eskuin muturreko eragileak eta gobernuak hauspotzen ari diren oldarraldi horri erantzun kolektiboa emateko deia egin dute.

Gasteizen, esaterako, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik irten den manifestazioarekin bat egin dute kolektibo hauek: Lumagorri, Eginaren Eginez, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Gasteiz Antirrazista, Gasteizko Mugimendu Feminista, Sumud Flotilla Euskal Herria eta Oneka. Autoritarismo arrazistaren aurrean kuir antolakuntza zioen eraman duten pankartak.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Gasteizen, eguerdian. BERRIA
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Gasteizen, eguerdian. BERRIA

Manifestazioaren osteko agerraldian, zera adierazi dute: «Bazterretan bizi garen kolektiboen aurkako oldarraldi bat dago». Eta erantsi dute ekainaren 28a borroka anitzez harro egoteko eguna dela: «Borroken arteko intersekzionalitatea indartzeko garaia dela uste dugu. Kapazitismoaren aurkako borroka gurea ere bai baita; euskararen aurkako oldarraldiak gure gorputzen eta desioen aurkako oldarraldiarekin bat egiten baitu; pertsona arrazializatuen eta migratuen aurkako gorrotoak ez baitu lekurik gure artean; eta pinkwashing-aren eta homonazionalismoaren bidez feminismoa eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aitzakia bihurtzen baitira genozidioak eta herrien aurkako bestelako zapalkuntzak justifikatzeko».

Jarraian, manifestaziora deitu duten eragileek banan-banan hartu dute hitza. EHEk aldarrikatu du zapalkuntzei eta olatu erreakzionarioari aurre egiteko bidea dela «euskaraz ikastea, bizitzea, maitatzea, kantatzea eta borrokatzea»; Onekak «askotariko, ageriko eta diskriminaziorik gabeko zahartzaro bat» defendatu du; eta Eginaren Eginez-ek, berriz: «Ez dago justiziarik aniztasun funtzionala dugun pertsonok herritartasun osotik kanpo jarraitzen dugun bitartean».

Gasteizko Mugimendu feministak esan du «ertzetako bideak okupatzen» dituztenen bizitzatik sortu nahi dutela «mundu zaharraren alternatiba»; Sumud Flotilla Euskal Herriakoek azaldu dute Palestinako aktibistentzat genero eta sexualitate askapena ezin dela bereizi nazio askapenetik eta arraza justiziatik; eta Gasteiz Antirrazistak «arrazializatutako gorputz eta identitate disidente guztien erresistentzia» aldarrikatu du.

«Duela 57 urte, Stonewallen, mundua eraldatzeko sua piztu zuten. Belaunaldiz belaunaldi, borroka horren sugarra bizirik mantendu dugu. Batzuen interes merkantilisten aurrean, gurea memorian eta borrokan sustraitutako harrotasun bat da», esanez amaitu dute ekitaldia.

Iruñea, Donostia eta Bilbo

Iruñean ere eguerdian mobilizatu dira ehunka lagun, Baluartetik, Gaur eta beti orgullo antifaxista lelopean. Han ere olatu erreakzionarioaren aurka egin dute, eta, besteak beste, «Harrotasuna merkantilizatzen duten erakundeen eta enpresen kontra» ere bai.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Iruñean, eguerdian. IÑIGO URIZ / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Iruñean, eguerdian. IÑIGO URIZ / FOKU

Iruñeko Udala kritikatu dute kolektiboen jardun autogestionatuak Alde Zaharretik atera nahi izateagatik «bizilagunei ez molestatzeko»: «Itxuraz, argudio horrek ez du balio ekintzak erakundeak berak edo leku publikoak merkantilizatzen dituztenek antolatzen dituztenean».

Azkenik, transen aurkako diskurtsoak ere hedatzen ari direla gogorarazi dute, «bai eskuinaren partetik, baita ustez feministak direnen partetik ere»: «Klase diskurtso bat izan beharrean, kolektibo zaurgarrienei eta prekarizatuenei botatzen diete bizi dugun egoeraren errua».

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Bilbon, arratsaldean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa Bilbon, arratsaldean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Donostian ere eguerdian egin dute manifestazioa «faxismoaren aurka», ErreakZio faxistaren aurka, borroka transmaribolloa leloarekin. Gipuzkoako trans asanbladak, Ehgamek eta Donostiako asanblada «trans bollo marika» mugimenduek proposatu dute faxismoaren gorakadari erantzuteko gizarte mugimenduen arteko «aliantzak eta borroka transmaribibolloa» plazara ateratzea. 

Bilbon arratsaldean mobilizatu dira Kuir amorrua antolatu lelopean. «Harrotasuna data politiko eta subertsibo gisa aldarrikatzen dugu. Antolatutako queer amorrutik sortua, eta ez merkatutik. Pride korporatibo, despolitizatu eta kapitalistaren aurrean, harrotasun antikapitalista, antirrazista eta boterearentzako deserosoa defendatzen dugu», azaldu dute.

Harrotasun erradikal bat irailean, Baionan

Ipar Euskal Herrian ez dute manifestaziorik antolatu gaurko, baina indarra batzen ari dira irailean egin asmo duten ekitaldirako. Izan ere, jakinarazi dutenez, kolektibo «transmaribibolloa» —queerrak eta transfeministak— kolektiboki antolatzea erabaki dute, eta uda ostean «Harrotasun erradikal bat» antolatzeko asmoa dute Baionan: «Behar-beharrezkoa dugu harrotasun politikoa, borrokalaria eta antifaxista, salatzen dituena bizi ditugun zapalkuntzak eta instrumentalizazio saiakera homonazionalistak». Gogorarazi dutenez, «harrotasuna beti izan da matxinada bat», eta iraileko aurkezpen ekitaldia antolatzeko bat egiteko deia egin dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA