Pastor
Darwin eta gu

Haurdun eta futbolean?

2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joera antzina hasi zela esango nuke, ditxosozko esaldi harekin: «Haurdun gaude!». Lagunak bere aitagaitasunaren berri ematen zigun, begietan poza zeriola. Neska-laguna edo andrea haur-esperantzatan zegoen. Hilabete batzuen buruan gurasoak izango ziren, mundura haur bat ekarririk.

Mutil edo gizon haiek ez zeuden haurdun, noski. Denok genekien irudi, lizentzia literario baten moduko zerbait zirela haien hitzak. Gure lagun zakilduna ez zegoen nekatuta; ez zuen, inondik ere, botagurarik, ez likido-erretentziorik. Orkatilak ez zituen puztuta, ildorik ez azalean. Gero, eboluzionatzen hasi zen kontua. Ahozko adierazpenetik antzezpenera pasatu ginen. Ohitura mendea aldatzearekin bat edo hasi zen gorpuzten. Geroztik, han eta hemen zabaldu zaigu: gola sartu (edo ez), baloia hartu eta elastikoaren barrura eramaten dute zenbait futbolarik munduari berri ona emateko. Aitak izango dira. Eta?

Agerkeria hori, batez ere, eliteko futbolarien artean nagusitu da. Halaxe azaldu zaizkigu zelaietan eta hedabideetan. Izan ere, nori axola dio Hankagorri taldeko aurrelari tristea aita izango den edo ez? Futboletik kanpo, nekez ikusiko dugu halakorik bizitzaren beste arloetan. Gimnasia irakasleak ez du hala jokatuko bere ikasle nerabeen aurrean ariketei ekin aurretik: baloia hartu, kamisetaren barruan sartu eta patioan korrika hasi bidelaria koiotearen aurrean bezala —«zer ari da pailazoa?»—. Geografia eta Historiako irakasleak ez du gelan lur-globoa Malibu alkandoraren azpian ezkutatuko sabela itxuraz puzteko, udaren hondarretan praka motzak jantzita ikasleei Costa Rica eta Boli Kosta ez nahasteko azaltzen ari zaien bitartean, «bi lekuetan kafe eta kakao oso preziatuak ekoizten dituzten arren». Eta gazteak mozolo moduan begira: «Pitzatuta dago Tapioca kapitaina».

Puntako futbolariek guraso baimenik? Nahita ere ez. Zaleek beraiek, hango eta hemengo, akabatu egingo lituzkete.

Haurdun daude gure jokalariak. Eta futbolean segitzen dute, nahiz kontaktu-kirola ez zaien batere komeni. Keinu polita, nahi baduzu, baina hortik aurrera, zer? Aitatasun baimena eskatuko dute? Taylor Swift ezkondu zenean atsedenaldia hartuko ote zuen zurrumurruak zabaldu ziren sare sozialetan. Laura Snapes-ek, The Guardian egunkariko musika editoreordeak, eztenkada ederra eman zien kezka hori buruan zerabiltenei: «Ez dut uste inor ari denik galdera horiek guztiak futbol amerikarreko izarra den haren senarrari buruz egiten». Behin horretan hasita, zergatik ez zuen Travis Kelce-k etenaldirik egin behar? Azken batean, zeinek du bikote horretan ospe handiena, zeinek dirutza, zeinek dirdira? Hori guztia sakrifikatu behar zuen kantariak emakume hutsa izateagatik? Antonela Roccuzzo andrearekin ezkondu ostean —edo haren hiru haurdunaldietan— inori bururatu zitzaion Messik atsedenik hartuko ote zuen galdetzea? Edo, bere biloben bilobentzat behar adina diru metaturik, ez ote zuen futbola utzi eta etxeko gizon jardun nahi. Edo jatetxe exotiko bat ireki. Ez. Taylor Swiften kasuan, ordea, bai.

Puntako futbolariek guraso baimenik? Nahita ere ez. Zaleek beraiek, hango eta hemengo, akabatu egingo lituzkete. Munduko Kopa hasi baino hilabete lehenago jokatzeari utzi? Taldeak Txapeldunen Liga irabazteko aukerak izan eta bera joan umeari pixoihalak aldatzeko? Zer marikoikeria da hori? Ez larritu. Ez da halakorik izango. Futbolaria azken profesionala izango da, hori egingo duena.

Okerrena hauxe dugu, baina: inoiz, konjuntzio astral baten ondorioz, futbolari batek hori egitea erabakiko balu —kirola denbora tarte batez edo betiko uztea umeak haurtzaroan bidaide izan dezan— baliteke haren seme-alabek ere nagusitan ez eskertzea. «Aita, niri zure konpainiak ez zidan ardura. Nik izar nahi zintudan. Zutaz harro egon nahi nuen, zure argazkiak Insta-n zabaltzeko, eskolan lagunei erakusteko». Orduan, alaba edo semearen bisita amaitu eta iluntzean bakarrik geratzen denean, gizonak zeruari begiratuko dio zazpi izarreko zahar-etxeko urrezko leihotik. Eta pilula hartu ondoren jatetxe indonesiar batekin egingo du amets.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA