EAko barne gatazkak bere hartan jarraitzen du. Sektore kritikoko militanteek, prentsa ohar bidez, gogorarazi diote Eba Blancori jarduneko idazkari nagusi dela, eta, alderdiko estatutuen arabera, bi hilabeteko epea duela hurrengo idazkaria hautatzeko prozesuari ekiteko. Larunbatean amaituko litzateke epe hori, eta, oraindik egin ez duenez, primarioetara deitzeko exijitu diote.
Iragan urrian, idazkari nagusia hautatzeko prozesuan, hauteskunde batzordeak atzera bota zituen Maiorga Ramirezen eta Juan Luis Cristobalen hautagaitzak. Ramirezi leporatu zioten, beste bi lehiakideek baino abal gehiago aurkeztu arren, irregularrak zirela 21 abal, eta, horrenbestez, ez zuela bete lurralde bakoitzean gutxienez 20 abal aurkezteko irizpidea. Hala, beste lehiakiderik ez zuenez, Eba Blanco Eusko Legebiltzarreko lehendakariorde lehena izendatu zuten idazkari nagusi. Erabaki hark sektore kritikoa haserrearazi zuen, eta salatu zuen sektore ofizialak esku hartu zuela Ramirez lehiatik kanpo uzteko.
Idazkari nagusi izendatu eta berehala, «zubiak berreraikitzeko» deia egin zuen Blancok, baina sektore kritikoak auzitara eraman zuen. Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak azaroaren 11n erabaki zuen Blancoren izendapena etetea. Haatik, sektore kritikoaren gaurko oharrean aipatzen denez, azaroaren 18an batzar nazionala deitu zuten, eta bertan jarduneko idazkari nagusi izendatu zuten Blanco. Sektore kritikoak salatu du sektore ofizialak kontrolpean daukala batzar nazionala, eta ez diela jaramonik egin alderdi barruko zein kanpoko auzitegien erabakiei.
Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako EAko lurralde koordinatzaileen abokatu Jose Luis Sodevillak kritikatu egin du jarrera hori: «Suposatzen da Eba Blanco alderdiko estatutuen arabera aukeratua izan dela, eta ez ebazpen judizial bati iruzur egiteko». Haren ustez, guztia maniobra bat izan daiteke, epai hori ez betetzeko eta epaitegiei izkin egiteko. «Epaia onartu bai, baina ez da betetzen».
Maniobra izan edo ez izan, militante talde horrek Blancori gogorarazi dio jarduneko idazkari nagusi batek bi hilabeteren buruan deitu beharko lukeela hauteskunde primarioetara.