Nafarroako Gobernu barruko tentsioa baretu dute hiru bazkideek

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak goi mailako bilkura izan dute gaur hezkuntzako krisiari heltzeko. Sozialisten arabera, gobernu akordioa berretsi dute hiru alderdiek. Geroa Baik proposatu du hezkuntzaren etorkizunari buruzko mahai bat osatzea.

Pablo Azkona, Geroa Baiko bozeramailea, eta Unai Hualde, legebiltzarreko lehendakaria, gaur, parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Pablo Azkona, Geroa Baiko bozeramailea, eta Unai Hualde, legebiltzarreko lehendakaria, gaur, parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Joxerra Senar - Ion Orzaiz
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 18a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baloia jo aurrera, eta arazoa konponduta. Iragan astean, hezkuntza itunen kontura sortutako krisiak eztanda egin zuenean, jendaurrean agerian geratu zen Nafarroako Gobernuko kideen arteko harremanak —batez ere PSNren eta Geroa Bairen artekoak— ez direla ziruditen bezain sendoak. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak ostirala arteko epemuga du hauteskundeak aurreratzeko, baina ez du botoi gorririk sakatuko. Gaur arratsaldean egindako bileran, hiru bazkideek amaitutzat jo dute krisia. Bilera amaituta, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako eledunek hiruren arteko akordio programatikoaren aldeko konpromisoa berretsi dute.

Udaberriko ekaitz baten gisakoa izan da hezkuntzaren arloko desadostasuna, baina alderdi bakoitzak goi mailako ordezkaritza bidali du bilkurara, eta agerian utzi dute garrantzi handia eman diotela: PSNren izenean, Maria Txibite gobernuko lehendakaria, Javier Remirez presidenteorde lehena, Ainhoa Unzu eleduna, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, eta Esther Iso PSNko Antolakuntza idazkaria. Geroa Bairen ordezkari gisa, Ana Ollo presidenteorde bigarrena, Unai Hualde parlamentuko presidentea, Uxue Barkos senataria, Pablo Azkona eleduna; Zurekin Nafarroaren izenean, berriz, Begoña Alfaro presidenteorde hirugarrena, Carlos Guzman eleduna, Txema Mauleon Iruñeko hautetsia eta Fatima Andreo Ahal Dugu-ko ordezkaria. Bilera 16:30ean hasi da, eta bi ordu eta erdi geroago amaitu. 

Nor joan den bezain garrantzitsua izan da nor ez den bertaratu; Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria. Itunpeko hainbat ikastetxetan ikasgela batzuk —tartean Lizarrako ikastola— ixteko erabakiak piztu zuen kalapita, eta Geroa Baik ohartarazi zuen horrelako erabakiak ezin direla hartu kontsentsurik gabe. Osteguneko osoko bilkuran, UPNk aurkeztutako lege proposamena aurrera atera zen, Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin zirelako, eta ikasgelak ixteko erabakia atzeratu egingo da urtebetez. Emaitza horrek PSNren eta Zurekin Nafarroaren haserrea eragin zuen.

«Parlamentuak onartutako agindua betearazi nahi dugu, aurretik ere eskatu genuelako erabakia atzeratzeko eta hezkuntza sistemako ikasgelarik ez ixteko» 

PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna

Gaurko bilkuraren ostean, Geroa Baiko Pablo Azkonak berretsi du ostegunean onartutako legea indarrean dagoela. «Parlamentuak onartutako agindua betearazi nahi dugu, aurretik ere eskatu genuelako erabakia atzeratzeko eta hezkuntza sistemako ikasgelarik ez ixteko, ez itunpekoak ez eta publikoak ere». Arazoaren muinean kontsentsu falta izan dela gogoraraziz, Azkonak «elkarrizketarako deia» egin die bi bazkideei, eta proposatu die mahai bat osatzea EH Bildurekin batera, «hezkuntzaren etorkizunaz eztabaidatzeko».

Krisia amaitutzat ematen al duen galdetuta, Azkonak ez du zuzenean erantzun. Azpimarratu du egoera bideratzeko konponbidea dela parlamentuak onartutakoa betetzea eta bazkideen arteko elkarrizketa. Geroa Bairen eta PSNren artean sortutako pitzadurek jarraitzen al duten galdetuta, argudio bera erabili du. «Egoera bideratu dugu, proposamen bat dagoelako Nafarroako hezkuntzaren etorkizunaz mintzatzeko. Jaiotze tasa apaltzen ari da, eta erronkei aurre egin behar zaie. Eseri gaitezen hartu beharreko norabideaz eztabaidatzeko». Argitu du erabakiak ezin direla aldebakarrez hartu.

«Gobernuko hiru taldeek erakutsi dugu gobernu akordioarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa, bai eta hura sendotzekoa ere»

AINHOA UNZU PSNko eleduna

Osteguneko bozketak PSN haserrearazi zuen, baina gaur Ainhoa Unzuk lasaitasun mezua eman du. «Egun zailak izan dira, ezin dut ukatu». Dena den, koalizio gobernuetan horrelako gatazkak ohikoak direla uste du. Hala, haren esanetan, bilkuraren emaitza «oso ona» izan da. «Gobernuko hiru taldeek erakutsi dugu gobernu akordioarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa, bai eta hura sendotzekoa ere». Gaineratu duenez, ez dute zalantzarik izan «bidean aurkezten den oztopo oro» gainditzeko asmoa zutela hiru indarrek.

Unzuren arabera, bilkuran mahai gainean jarri dira euren arteko koordinazio mekanismoak hobetzeko neurriak. «Oraindik ere onartu gabeko gaiak errepasatu ditugu, aurretik ditugun neurriak aztertzeko eta haietako batek desadostasunik eragingo ote duen ikusteko, gai honekin gertatu den bezala». Sortu nahi den hezkuntza mahaiaz galdetuta, erantzun du auzi hori gobernu akordioan zegoela jasota. «Hainbat auzi aztertu behar ditugu: ratioak, progresibotasuna, irakasleak, D ereduko ikastetxeen eta eta ikastolen arteko elkarbizitza, landa eremuko eskolak...».

Ika-mika batik bat PSNren eta Geroa Bairen artekoa izan bada ere, Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek dei egin die beste bi bazkideei akordio programatikoa «osorik» betetzera eta «hezkuntza sistema publikoa blindatzera». Geroa Baik eskatu du iragan ostegunean onartutako legea betetzeko eta atzeratzeko itunpeko ikastetxeetako ikasgela batzuk ixteko erabakia. Haatik, Guzmanen arabera, neurri horrek «segurtasun juridikorik eza» eragingo dio hezkuntza sistemari. «Gure bazkideei eskatu diegu ahalik eta azkarrena azter dezatela onartutakoa, ez dezan inongo kalterik sortu Nafarroako Gobernuaren sare publikoko planifikazioan». Geroa Baik traizio egin al dien galdetuta, ihes egin dio kritikari. «Duela hiru uda sinatutako akordioan oinarritzen da gure konfiantza, eta haren gainean mugitzen gara». 

Nafarroako Ahal Dugu-k gobernutik ateratzeko eskaera egin dio Zurekin Nafarroari. Ez da hori egiten duen lehen aldia, eta horregatik alderdi moreak berretsi du krisia ez dela «gertaera isolatu bat». Bere ustez, hobe da kanpotik gobernua babestea «ezkerreko proiektuak» bultzatzen baditu. Kritikatu du Geroa Baik eta EH Bilduk bizkarra eman diotela eskola publikoari.

Azken egunetan urduritasun politiko handia eragin du krisiak, eta hauteskunde hotsak ere entzun dira. Egunotan argitara atera denez, PSNk txosten juridiko bat eskatu zuen parlamentuan, jakiteko ea noiz arte duen epea hauteskundeak aurreratzeko —aste honetan egin dezake hori, beranduenez—. Horri buruz galdetuta, Unzuk erantzun du txosten hori apiril hasieran eskatu zutela, «zalantza juridiko batzuk argitzeko asmoz», baina ez duela loturarik iragan asteko polemikarekin.

Bilera aurreko jarrerak

Gaur arratsaldeko bileraren aurretik gaiaz mintzatu dira parlamentuko talde guztiak, tartean oposiziokoak. EH Bilduko Mikel Zabaleta parlamentariak nabarmendu du hezkuntzari dagozkion erabakiak ezin direla hartu «presaka eta adostasunik gabe», eta horixe egin zuela Nafarroako Gobernuak. Zabaletak aitortu du koalizio independentistak ez zuela gustuko UPNren lege proposamena, eta erabakia zutela aurkeztutako zuzenketak erretiratzea —eta proposamena erortzen uztea—, gobernu barruan ados jarri izan balira: «Azkenerako, baina, ez zen halakorik gertatu; beraz, zuzenketei eutsi behar izan genien, bi helburu nagusirekin: batetik, ikasgelen itxiera urtebetez geroratzea, eta, bestetik, ratioak apaltzeko foru lege bat sustatzea».

«Nafarroan badago gehiengo aurrerakoi bat, eta ezinbestekoa da gehiengo hori gobernuan ardazten asmatzea, akordio sendoen bitartez» 

MIKEL ZABALETA EH Bilduko parlamentaria

EH Bilduk une oro «arduraz» jokatu duela azpimarratu du eledunak: «Elkarrizketa diskretuak izan ditugu batzuekin eta besteekin, eta saiatu gara zarata handiagorik ez ateratzen». Gobernuaren etorkizunari buruz, berriz, esperantza agertu du gobernuari eusten dioten talde guztiek «erantzukizunez» jokatuko dutela. «Nafarroan badago gehiengo aurrerakoi bat, eta ezinbestekoa da gehiengo hori gobernuan ardazten asmatzea, akordio sendoen bitartez».

UPNko buru Javier Esparza izan da hitza hartzen azkena. Irribarretsu azaldu da kazetarien aurrera, eta esan du «ahul» ikusten dituela hala Nafarroako Gobernua nola lehendakaria bera. Horren adibidetzat jo ditu azken asteetako eztabaidak, eta gogora ekarri ditu Belateko tunelen auzia, Osasunbideko itxaron-zerrendak eta etxebizitzaren arazoa. Esparza ziur da Txibitek «asmoa» zuela hauteskundeak aurreratzeko, baina atzera egin duela azken momentuan: «Hauteskundeak egin dituzte Andaluzian, eta Txibitek ikusi du PSOE hondoratzen ari dela erkidego guztietan. Beldurtu egin da, eta bukaeraraino aguantatzea erabaki du, Pedro Sanchezen antzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE