Itunpeko ikasgelen auziak krisi sakona sortu du Nafarroako Gobernuaren barruan

UPNren lege proposamena onartu dute Nafarroan, EH Bilduren eta Geroa Bairen abstentzioari esker. Remirez lehendakariordeak iragarri du «bilera batera» deituko dituela gobernu bazkideak. Geroa Baik nabarmendu du apustu irmoa egina dutela gobernuaren alde.

Jose Luis Arasti eta Carlos Gimeno kontseilariak, lehen lerroan, eta Geroa Baiko parlamentari Mikel Asiain eta Pablo Azkona, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Jose Luis Arasti eta Carlos Gimeno kontseilariak, lehen lerroan, eta Geroa Baiko parlamentari Mikel Asiain eta Pablo Azkona, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko maiatzaren 14a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itunpeko ikasgelak ixteari buruzko eztabaidak krisi sakona piztu du Nafarroako Gobernuan. Ikasgelak ixteko erabakiaren kontra azaldu dira Geroa Bai eta EH Bildu behin baino gehiagotan, uste baitute neurri horrek berebiziko kaltea eginen diela Nafarroako ikastolei; Hezkuntza Departamentuak, berriz, uko egin dio atzera egin eta erabakia aldatzeari. Soka tenkatu eta tenkatu aritu dira azken asteetan, eta orain beldur dira ez ote den apurtuko. UPNk egoera nahasia aprobetxatu du, itunpeko ikastetxeak blindatzeko lege proposamen bat aurkezteko eta, bide batez, gobernu barruko arrakala sakontzeko. Ongi atera zaio jokaldia. Azkenerako, EH Bilduren eta Geroa Bairen abstentzioari esker atera da aurrera UPNren legea —koalizio independentistaren zenbait zuzenketa onartzearen truke—. PSNk eta Zurekin Nafarroak ezezkoa eman diote proposamenari, eta gogor kritikatu dute talde abertzaleen jokabidea.

Ez dago argi zenbateko lurrikara politikoa eragingo duen Geroa Bairen eta PSNren arteko desadostasunak, baina uste izatekoa da gaurko osoko bilkurak soka luzea ekarriko duela. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak kazetarien aurrean iragarri du gobernu bazkide guztiak «bilera batera» deituko dituela egoera aztertzeko. Bilera horrek helburu argi bat izango du: «Bazkide guztien konpromiso politikoa berrestea legegintzaldia amaitu arte eta agian baita luzaroagorako ere». Nabarmendu du aurki lege berri asko iritsiko direla parlamentura, eta horiek «gobernua osatzen duten alderdi guztien konpromisoa» eskatzen dutela.

«Gobernuko kideak bilera batera deitu ditugu. Asmoa da bazkide guztien konpromiso politikoa berrestea legegintzaldia amaitu arte eta agian baita luzaroagorako ere»

JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko lehendakariordea

Tentsio handia izan arren, Pablo Azkona Geroa Baiko eledunak Remirezen bidetik jo du, eta hura ere giroa lasaitzen saiatu da. Haren hitzetatik ondorioztatu daiteke gobernu koalizioa ez dagoela arriskuan. Nabarmendu du Geroa Baik beti egin duela egungo gobernu eredu «pluralaren alde» eta «aurrerantzean ere» hala eginen duela. Ez du ezkutatu egoerak arduratzen duela, ezta prozesua «zaila» izan dela ere, eta horregatik eskatu dio Txibiteri lema har dezala krisia onbideratzeko: «Aldi garrantzitsua da, eta uste dugu presidenteak izan behar duela gidari akordioak egin eta egoera egonkortzeko».

«Geroa Baik beti egin du gobernuaren alde, eta horrela izango da aurrerantzean ere. Hala ere, presidenteari eskatzen diot gidari izan dadila egoera egonkortzeko»

PABLO AZKONA Geroa Baiko eleduna

Kritikoago mintzatu da Carlos Guzman Zurekin Nafarroako bozeramailea; izan ere, haren ustez, Geroa Bairengan zuten konfiantza «hautsi egin» da. Guzmanek talde horri egotzi dio emaniko hitza ez bete izana: «Koalizioan gobernatzen jakin behar da, baina, batez ere, sinaturiko eta hitzez adosturiko akordioak betetzen». Dena den, nabarmendu du gobernuko beste kideekin sinaturiko konpromisoa «hautsezina» dela.

Eztabaida parlamentarioak argi utzi duen gauza bakarra da konfiantza falta nabarmena dela gobernuari eusten dioten talde batzuen eta besteen artean. Bilkura hasi denetik, hara eta hona ibili dira parlamentariak, areto nagusitik korridoreetara ateratzen eta berriz sartzen, negoziazio eta bilera inprobisatuetan. Ahalegin guztiak, baina, alferrikakoak izan dira, gobernukideek ez baitute lortu ados jartzea botoa emateko ordurako.

«Geroa Bairengan genuen konfiantza hautsi egin da, baina gobernuko beste kideekin sinaturiko gure konpromisoa hautsezina da»

CARLOS GUZMAN Zurekin Nafarroako bozeramailea

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak gogor hitz egin du UPNren eta, batez ere, Geroa Bairen kontra. Esan du koalizioak ikastolei mesede egiteko «prebarikatzea» baino ez diola proposatu: «Eskatzen ari zarete ikasgela hutsak edo erdi hutsak diru publikoarekin finantzatzeko». Geroa Baiko Itxaso Soto Diaz de Zeriok gezurretan aritzea egotzi dio Gimenori: «Eskatu dizuegun gauza bakarra da orain arteko prozedurari eta irizpideei eustea».

EH Bilduren zuzenketak

EH Bilduren izenean, Eneka Maiz eledunak esan du «txarrenari onena atera» nahi izan diotela, eta horregatik aurkeztu dituztela zazpi zuzenketa, UPNren lege proposamena aldatzeko. Azkenean, hiru baino ez dira aurrera atera: legearen izenburuari eta hitzaurreari dagozkienak, batetik, eta Gimenoren erabakia atzera botatzeko eskatzen zuena, bestetik.

PSNren bilera
Maria Txibite, Inmaculada Jurio eta Carlos Gimeno kontseilariekin hitz egiten, parlamentuko korridoreetan. JESUS DIGES / EFE

Koalizio independentistak aurkeztutako punturik garrantzitsuenak, baina, atzera bota dituzte, hala nola ikasgelak ixteko erabakia bi urtez atzeratzea eta hemezortzi hilabeteko epean ratioak murrizteko lege proposamen bat egiteko konpromisoa ezartzea. Geroratze horren helburua litzateke «segurtasun juridikoa bermatzea» eta «atzeraezina izan daitekeen kalterik ez eragitea», baina UPNk kontra egin du puntu horietan.

Bezperan, oso bestelakoa zirudien egoerak: eguerdi partean, PSNk eta Geroa Baik iragarri zuten oinarrizko akordio bat egina zutela itunpeko ikasgelen auzia konponbidean jartzeko. Handik ordu gutxira, baina, Geroa Baik atzera egin zuen, akordioa aplikatzeko «bermerik ez» zegoela argudiatuta. Bi aldeek uste zuten posible izanen zela ados jartzea gaurko bozketaren aurretik, baina ez da hala izan. Eta egoerak okerrera baino ez du egin azken orduetan: sozialisten ustez, Geroa Baik «ez du emandako hitza bete», UPNren proposamenaren alde bozkatuta. Uxue Barkos buru duen koalizioaren irudiko, ordea, PSNk iruzur egin zien akordioa aurrez aurre negoziatzen ari zirela, eta gero, dokumentuaren xehetasunak irakurtzean, konturatu ziren ez zegoela bermerik, besteak beste, Lizarrako ikastolako ikasgelei eusteko.

Lizarrako kasua erdi-erdian

Izan ere, hori dago orain zurrunbiloaren erdian: zer gertatuko den Lizarra ikastolatik kanpo utzitako haurrekin. Aurtengo matrikulazio kanpainan, 31 haurrek eman zuten izena ikastolan, eta ikastetxeko zuzendaritzaren asmoa zen bi ikasgela irekitzea: bat hamasei ikaslekoa, eta bestea hamabostekoa. Hezkuntza Departamentuak, ordea, ikasgela bakarrerako ituna onartu du, eta, gela bakoitzeko gehienezko ratioa 25 ikaslekoa denez, sei haur kanpoan utzi dituzte. Hezkuntza Departamentuaren asmoa da ikasle horiek D ereduko Remontival ikastetxe publikoan sartzea. Han ere, bi ikasgela izanen dituzte euskarazko lerroan, hamabina ikaslekoak. «Gure helburua da Lizarran guztira euskarazko lau ikasgela izan daitezen bermatzea. Eta hori konpontzeko, PSNk mugitu beharko du», esan du Pablo Azkona Geroa Baiko eledunak, osoko bilkurara sartu aurretik.

Sindikatuen protestak

Osoko bilkura hasi aurretik, Steilas sindikatuko kideak parlamentuaren kanpoaldean elkarretaratu dira UPNren legea publikoaren kaltea lelopean. Komunikabideen aurrean, Aitor Laka eledunak parlamentariei galdetu die «nork defenditzen duen sistema publikoa», eta «sen onari» eustera deitu ditu. «Eskatzen diegu hezkuntza publikoko ratioak jaisteko neurriak har ditzatela, langileak egonkortzeko neurri mamitsuak indarrean jar ditzatela, eta itunpeko ikastetxeak publifikatzeko urratsak egiten has daitezela behingoz».

ELAren protesta.
ELAk protesta egin du parlamentuaren kanpo aldean. GORKA RUBIO / FOKU

Lakaren esanetan, lege proposamenaren bidez UPNk «egoera egokia» topatu du sare publikoari kalte egiteko. Gogora ekarri du sistema publikoak bere gain hartzen dituela Nafarroako ikasleen bi herenak (%68), eta salatu du Hezkuntza Departamentuak herri txikietako hamabi eskola itxi dituela 2017tik. «Eskola publikoak, bereziki txikiak, behar bezala babesten ez badira, askoz gehiago hustuko dizkigute laster».

Steilasek salatu du UPNren lege proposamenak «sare publikoa segregatzen eta ahultzen lagunduko» duela aurrera ateraz gero. «Datorren ikasturtean unitate bakar bat ere ez ixtea berma dadila, horixe eskatzen dugu. Ez da onargarria sare publikoak bere gain hartzea murrizketa guztiak», gaineratu du.

ELA sindikatuak ere protesta egin du gaur goizean, baina ez UPNren lege proposamenaren aurka, baizik eta itunpeko ikasgelen itxierak kalean utziko dituen irakasleen eskubideak aldarrikatzeko. Nafarroako Gobernuaren parean eginiko elkarretaratzean, Gimeno kontseilariari gogorarazi diote hamalau lanpostu «amildegiaren ertzean» daudela, eta gobernuak erantzukizuna duela horretan. Hori dela eta, ratioak jaistea eta kaleratutako profesional guztiak beste lanpostu batean jartzea galdegin dute.

Lizarrako ikastolako guraso kaltetuen arabera, «onartezina» da gelak hustea

Lizarrako ikastolako guraso kaltetuek gutun bat bidali diete komunikabideei UPNren lege proposamena eztabaidatu aurretik. Haien hitzetan, «onartezina» da gelak hustu nahi izatea, horri erantzuteko eskaria badagoelako eta gurasoek hala eskatzen dutelako. Idatzian aipatzen dutenez, Hezkuntza Departamentuak irizpideak aldatu ditu aurrematrikulazio garaian, gobernuarekin hitzartutako itun publikoa «kolokan geratu da», eta «mehatxu» egin du sei haur «tokirik gabe» utziko dituela.
Idatzian, kritikatu egin dituzte Carlos Gimenoren departamentuak aurkeztutako argudioak. Gurasoen arabera, aurrematrikulen datuetan oinarrituta badago modua D ereduko lau ikasgelari eusteko —Lizarrako ikastolan bi eta Remontivalen beste bi—.  Gogora ekarri dute LOMLOE hezkuntza legeak ezartzen duela ratio apalak izatea, eta uste dute horrek aukera ematen duela kalitatezko hezkuntza emateko. «Lizarra Ikastolan eta Remontivalen banatuta dauden hamabi eta hamasei ikasle bitarteko lau ikasgelak bat datoz administrazioak berak ratioen egokitasunerako proposatu duen ildoarekin». 
Salatu dute gobernuak aurrematrikulazioa amaituta hartu duela gelak husteko erabakia, eta larritzat jo dute hori. «Aipatu behar da, halaber, oraindik ikastolan matrikulatuta daudenentzat egoerak okerrera eginen duela nabarmen, gela 25 ikaslekoa bihurtuko baita, eta hori, argi eta garbi, adin horretarako gomendatzen diren ratioetatik kanpo dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE