Bozen aurreko azken txanpan, Anduezak «guztia ematera» deitu ditu PSE-EEko kideak

Donostian elkartu da udal eta foru erakundeetako ordezkari sozialistekin. Adierazi du herritarren eskakizunak adi entzun behar direla, eta kezka horiei «irtenbide aurrerakoi bat» bilatu.

Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Eneko Andueza, PSE-EEko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2026ko urtarrilaren 10a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabost hilabete geratzen dira foru eta udal hauteskundeetarako. Azken txanpa luzea oraindik ere, baina PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur erakutsi du helmuga horri begira dagoela jada. Alderdikideak «guztia ematera» deitu ditu. «Euskadi zuzentzeko helburua alboraezina da guretzat», esan du.

Foru eta udal erakundeetako ordezkariak elkartu ditu Donostian. Han izan dira, besteak beste, Jose ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia, Ane Oiarbide Donostiako Udaleko sozialisten eleduna, Denis Itxaso Etxebizitza hautetsia, Susana Garcia Mugikortasun Iraunkorreko hautetsia, Azahara Dominguez eta Goizane Alvarez diputatuak, eta Alberto Albistegi Batzar Nagusietako bozeramailea.

Anduezak, bere mintzaldian, gogora ekarri du duela urtebete PSE-EEk kongresua egin zuela Donostian bertan, eta hizpidera ekarri du orduan esandako zerbait: haren aburuz, sozialistek erakutsi dute badakitela «ongi kudeatzen». Duela urtebete, adierazi zuen beste urrats bat egitea falta zitzaiela, eta orain ere berretsi du «Euskadi zuzentzea» dutela helburu: «Gure asmoa argia da. Udal gehiago gidatzea, hautetsi gehiago lortzea, eta hala gure pisua nola ahalmena handitzea diputazioan. Gure hiriek eta lurraldeak dituzten erronkei aurre egiteko, ardura handiagoak hartu behar ditugu».

Haren esanetan, PSE-EE da «bermerik hoberena» herritarren erronkei aurre egin ahal izateko.  «Gipuzkoarren eta donostiarren beharrei erantzuten dieten bakarrak gara». Horren harira, EH Bilduren kudeaketa eredua kritikatu du. Besteak beste, gaitzetsi egin ditu EH Bilduk 2011ko legealdian hondakinen kudeaketan egindakoak. «Gipuzkoak zaborra esportatzen zuen, eta gu iritsi arte ez zen konpondu anabasa hura». 

Bestalde, Donostiako metroaren proiektua goraipatu du, eta sozialisten ekimenez abiatua dela esan. «Batzuek ezinezkoa zela zioten, baina guk bultzatu egin genuen, Patxi Lopezen agintaldian, eta aurten gauzatu egingo da». Haren esanetan, Iñaki Arriola Garraio sailburu sozialistak bultzatu du egitasmoa, baita Susana Garciak ere, Donostiako Udalean. «Ia-ia ez sinestekoa da Donostiako alkateak tanto hori bere buruari aitortzea eta esatea Donostia erdiguneko zatia inauguratzea dela aurtengo helburua». 

Ordezkari sozialistei eskatu die arreta jartzeko kaleari. «Adi entzun behar dugu gure bizilagunek zer esaten diguten, eta konponbide aurrerakoiak bilatu eskatzen diguten hori lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.