Hego Euskal Herrian bizi diren errefuxiatu palestinarrak «egoera larrian» daudela salatu du Gernika-Palestinak

68 iheslari palestinarren egoeraren diagnostikoa egin du plataformak, eta gaur aurkeztu du txostena. 2023ko urriaz geroztik Euskal Herrira heldutako errefuxiatuen osasuna, bizi eta lan baldintzak eta administrazio egoera aztertu dituzte, besteak beste.

Amaia Herrero, Ibon Meñika, Eneko Gerrikabeitia eta Mohammed Farajallah Gernika-Palestina herri plataformaren prentsaurrekoan, gaur goizean Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Herrero, Ibon Meñika, Eneko Gerrikabeitia eta Mohammed Farajallah Gernika-Palestina herri plataformaren prentsaurrekoan, gaur goizean Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko ekainaren 11
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Palestina plataformak abenduan jakinarazi zuen Hego Euskal Herrian dauden palestinar errefuxiatuen oinazeari «izenak eta abizenak» jarriko zizkiola. Ekainaren 20an ezarri zuten ikerketaren emaitzak argitaratzeko epemuga, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, hain zuzen; azkenean, ordea, bederatzi egun lehenago atera dute argitara 68 palestinarren «egoera larria» islatzen duen txostena: Palestina Euskal Herrian dago

2023ko urriaz geroztik Palestinatik Hego Euskal Herrira ihes egindakoen bizi baldintzen diagnostikoa egin dute dokumentuan, Amaia Herrero Emari Berdintasunerako Aholkularitzako kidearen arabera. Errefuxiatu palestinar bakoitzaren egoera jasotzeko, galdetegi bat baliatu dutela azaldu du, eta lortutako informazioarekin datu base bat osatu dutela. Besteak beste, lege eta administrazio egoerari, osasunari, bizi diren etxebizitzen edo aterpetxeen egoerari eta lan baldintzei erreparatu diete.  

Ikerketaren lagina Zisjordaniatik zein Gazatik etorri diren 23 helduk eta 45 adingabek osatzen dute. Haien egungo egoera, ordea, «askotarikoa eta aldakorra» dela zehaztu du Herrerok: adinez nagusiak direnen artean, hainbatek ez du beste pertsona heldu baten laguntzarik, eta, oro har, gutxi dira familia elkarrekin mantentzea lortu dutenak. Helduetatik hamabost bakarrik daude —gehienak emakumeak dira; hamahiru, hain justu—, eta guztiek dituzte adingabeak haien ardurapean. Batera dauden familiak, berriz, lau baino ez dira. 

«68 pertsonatik 21ek dituzte gaixotasun edo desgaitasun oso larriak, eta horietatik hemeretzi adingabeak dira» 

ENEKO GERRIKABEITIA Mundu Bat fundazioko presidentea

Iheslari palestinarren egoera zaurgarriaren adierazle dira osasunaren inguruan bildutako datuak, Eneko Gerrikabeitia Mundu Bat fundazioko presidentearen hitzetan. «68 pertsonatik 21ek dituzte gaixotasun edo desgaitasun oso larriak, eta horietatik hemeretzi adingabeak dira». Gainera, nabarmendu du elkarrizketatu dituzten pertsona guztiek laguntza psikologikoa behar dutela, eta ez dutela jaso. 

Laguntza programei esker eskuratzen dituzten prestazioak ere aztertu ditu Gernika-Palestinak. Prestazio horiek harrera programaren fasearen eta familia unitatearen pertsona kopuruaren araberakoak direla azaldu du Gerrikabeitiak, eta oro har, bizitzeko leku bat eta laguntza ekonomikoak eskaintzen dituztela. «Pertsona horien kexa nagusietariko bat da prestazio horiek ez direla nahikoa, eta batzuetan ez dakite ezta harrera programek noiz arte iraungo duten ere». 

Kasu batzuetan, Gerrikabeitiak salatu duenez, «oso egoera txarrean» daude harrera programetan eskaini dizkieten etxebizitza konpartituak eta aterpetxeak. «Asko umeekin daude jendez betetako aterpetxeetan, eta etxebizitzetan bizi direnen egoera ere ez da ona: oso txikiak direla esan digute», azaldu du Gerrikabeitiak. Herrerok erantsi du haien seme-alabekin bakarrik dauden bost emakumeri epe laburrean bukatuko zaiela prestazioa, eta etxebizitza topatu behar dutela. Hala egonik etxebizitza topatzea «ia ezinezkoa» dela nabarmendu du; batez ere, hizkuntza menperatzen ez dutelako eta «arrazakeria pairatzen» dutelako.

«Inolako laguntzarik ez»

Ikerketaren aurkezpenean iheslarien lan egoera ere izan dute hizpide. 23 helduetatik bik baino ez dute lanik, eta biak ala biak gizonak dira. Gainera, Herrerok azaldu duenaren arabera, orokorrean «ez dute inolako laguntzarik jasotzen» lana bilatzeko edo prestakuntzarako. 

Errefuxiatuen lekualdatze behartuak ere egon direla salatu du Gerrikabeitiak. «Errefuxiatu batzuei bat-batean esaten diete Euskal Herritik kanpora joan behar dutela, eta horietako asko euskal gizartean errotzen eta euskara ikasten hasiak ziren jada». Hiru familiari eta bakarrik dagoen emakume bati gertatu zaie hori. 

Ibon Meñika Gernika-Palestina herri plataformako bozeramaileak azaldu duenez, palestinarren bizi baldintzaz «arduratzeak eta kezkatzeak» ekarri dute txostena. «Gure asmoa izan da errefuxiatu palestinarren bizipenei eta errealitateei erreparatzea. Ez dagokigu guri lan hori egitea, eta ez dugu horretarako baliabide nahikorik, baina halako egoera batean aktibo izateko erantzukizuna genuela sentitu genuen». Hala ere, argitu du ikerketa errefuxiatu palestinarrek bizi dutenaren «lagin bat baino ez» dela, eta zenbakien atzean «aurpegiak, izenak eta bizitza osoak» daudela. 

«Dirua, etxebizitza eta lana baino lehenago, besarkada bat behar dute: bakarrik daude. Asko gara Euskal Herrian, eta 68 pertsona salbatu ditzakegu»

MOHAMMED FARAJALLAH Aktibista palestinarra

Pertsona horien minari ahotsa eman die txostenaren aurkezpenean Mohammed Farajallah aktibista palestinarrak, berak egin baititu ikerlana osatzeko elkarrizketak. Euskal herritarrei eskaera argia egin die ekintzaileak: «Badakit Euskal Herria harrera egiten duen herri bat dela, nik hamabi urte daramatzat eta hemen. Baina erakunde batzuek ez dute beren lana ondo egin. Dirua, etxebizitza eta lana baino lehenago, besarkada bat behar dute palestinarrek: bakarrik daude hemen. Asko gara Euskal Herrian, eta 68 pertsona salbatu ditzakegu». 

Ikerketa bukatuta dago, eta erakunde eskudunei aurkeztea izango da Gernika-Palestina herri plataformak egingo duen hurrengo urratsa. Hain zuzen ere, datorren asteartean bilduko dira Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo Euskal Foroarekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE