Hego Euskal Herriko elikagai bankuek asteburuan egingo dute urteroko bilketa handia: zehazki, ostiralean eta larunbatean. Bildutako elikagaiak jatekoa behar dutenei ematea da asmoa, eta, ohi bezala, supermerkatu handietan aukera egongo da ekarpenak egiteko, bai elikagai bidezkoak, bai ekonomikoak. Ipar Euskal Herrian joan den asteburuan egin zuten bilketa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako taldeek gaur eman dute kanpainaren berri. Hiru lurralde horiek ordezkari bana izan dute, eta hirurek, hitza hartu, eta zehaztu dute zein den lurralde bakoitzaren helburua. Araban, kasurako, asmoa da 48.000 kilo janari biltzea, 90.000 euro supermerkatuetan kontsumitzeko bonuen bidez, eta 90.000 euro dohaintzen bidez; Gipuzkoan, berriz, denera bi milioi kilo bildu eta eman nahiko lukete aurten —gaur-gaurkoz, 1,4 milioi kilo janari banatu dute—; Bizkaian, espero dute lau mila boluntarioren laguntza jasotzea. Nafarroan, aurreko astean eman zuten kanpainaren berri, eta iragarri helburua dela oraindik lortzeke dituzten berrehun boluntario eskuratzea.
Antolatzaileen arabera, janariaren eta oro har produktuen garestitzearen ondorioz, «ahalegin handia» egin beharko dute urte bukaeran eta 2027an, eta ezinbestekoa izango da herritarren elkartasuna. Zehaztu dute kontserbak, lekaleak, olioa eta jaioberrientzako produktuak behar dituztela gehien. Lurralde guztietako supermerkatuetan egingo dute diru eta elikagai bilketa. Halere, tokian tokiko webgunearen bitartez eta Bizum bidez ere onartuko dituzte dohaintzak.Â