Hegoaldeko aireportuak handitzeko AENAren asmoak kritikatu ditu Jauzi Ekosozialak

Uste dute beharrezkoa dela berotegi gasak murriztea, eta nabarmendu dute aireportuak handitzea helburu horren kontrakoa dela. Eskatu dute inbertsio horiek jar ditzatela trenbide sareak hobetzeko.

Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
inaut matauko rada
2025eko irailaren 24a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko lau aireportuetan azpiegiturak hobetzeko eta handitzeko lanak egingo dituela iragarri zuen aurreko astean AENAk, Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak. Gaineratu zuen inbertsioek moldaketak egiteko balioko dutela handitzen ari den eskariari erantzun ahal izateko, baina albiste hori ez da denen gustukoa izan. Jauzi Ekosozialak ohar bat kaleratu du, gogoraraziz hegazkina dela garraio modurik kutsagarriena, eta, haren ustez, garraiobide hori sustatzeak zuzenean dakar berotegi gasen isuria handitzea.

Loiuko aireportuan (Bizkaia) egingo dute esku hartzerik handiena: terminala handitu nahi dute, aireportuak kudeatu ditzakeen hegaldiak bikoizteko asmoz. Jauzi Ekosozialak azaldu duenez, zazpi milioi bidaiariren langa gainditu zuen iaz aireportuak, eta handitze lan horrek bidaiari kopurua halako bi izatea ekarriko luke. Forondako (Araba) eta Noaingo (Nafarroa) aireportuetan pista hobetzeko lanak egingo dituzte, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuko terminalean ere hobekuntza lanak egiteko asmoa dute. 2027 eta 2031 bitartean egingo dituzte lanak.

Jauzi Ekosozialak nabarmendu du urtero handitzen ari direla hegazkinen sektorearen isuriak, eta gogorarazi dute 1990. urtetik bi halakotu egin direla, hain zuzen «isuriak murriztu behar ditugun garaian». Azaldu dutenez, Europako karbono isurien %5 dagozkio sektore horri, eta Jauzi Ekosozialak nabarmendu du desberdintasun handia dagoela munduan: «Isuri horien erantzuleak nor diren aztertuta, egoera oso desberdina da. Izan ere, munduko biztanleen %80k ez dute inoiz hegazkinik hartu, eta urtero hegaldi bat hartzen dutenen kopurua ez da biztanleen %10era ailegatzen. Hortaz, munduko biztanleen %1ek eragiten ditu hegazkinen isurien erdiak; horrek agerian uzten du zer lotura dagoen desberdintasun sozialen eta aireko garraioaren artean».

Azkenik, eragile ekologistak nabarmendu nahi izan du aireportuek eragina izaten dutela inguruko herritarren osasunean, bereziki zaratak eta airearen kutsadurak eragindakoa. Hori dela eta, uste dute Loiuko aireportua handitzeak arazo hori areagotuko duela, eta hedapen inbertsio horiek salatu ditu. Jauzi Ekosozialaren ustez, inbertsio horiek trenbide sare konbentzionala eta aldirietako trenak hobetzeko egin beharko lirateke, eta nabarmendu du hori egiteak batez ere langile klaseari egingo liokeela mesede.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.