Helmuga: 2027an euskal preso eta iheslaririk gabeko lehen Bilboko Aste Nagusia egitea

Sarek eta Bilboko Konpartsek mobilizaziora deitu dute abuztuaren 28rako. Salbuespenezko legeen kontra eta «gatazkak utzitako ondorioak gainditzearen alde» egin dute.

Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsek mobilizazioa iragartzeko egin duten agerraldia. M. GARCIA MARTIKORENA
Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsek mobilizazioa iragartzeko egin duten agerraldia. M. GARCIA MARTIKORENA
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko abuztuaren 18a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare Herritarrak eta Bilboko Konpartsek azken euskal preso, iheslari eta deportatuak Euskal Herrian «aske» egoteko data zehaztu dute: 2027ko Bilboko Aste Nagusia. Helmuga argi dute, eta, egoera hobea dela jakitun diren arren, oraindik neurri gehiago hartu behar direla nabarmendu dute. Horiek horrela, mobilizaziora deitu dute abuztuaren 28rako: «Nahikoa luzatu delako salbuespenean eta mendekuan oinarrituta eraiki den espetxe politika bidegabea».

Euskal Herria hamarkada luzez egon zen gatazka politikoan murgildurik, indarkeria tarteko. Garai hura, baina, «gaindituta» egon beharko litzatekeela uste dute Sareko eta Bilboko Konpartsetako kideek. Hala adierazi dute gaur Arriaga antzokiko plazan egin duten agerraldian. Zenbait kontuk, ordea, bere horretan jarraitzen dute; eta, horregatik, adierazi dute euren poza oraindik ere ez dela «erabatekoa».

Gizarteak pauso bat aurrera eman behar duela iritzi diote, «gatazkak utzitako ondorioak gaindituz». Eta nabarmendu dute ez direla gaindituko euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak «etxean» egon arte. Gauzak horrela, herritarrei dei egin diete abuztuaren 28rako: 13:00etan elkartuko dira, Bilboko Plaza Eliptikoan hasi udaletxeraino egingo duten manifestazioan parte hartzeko.

Manifestazioaren ostean, herri bazkari bat antolatu dute kolektiboek, txosnetan. Horren ostean, 17:30ean, ekitaldi bat egingo dutela jakinarazi dute, Atzekaldean. Hiru ekintzak Bizkaiko Etxera Egunaren parte dira.

Hirugarren hiriburua

Abuztua mobilizazioz josi du Sarek. Gasteizko jaiak eta Donostiako Aste Nagusia zirela baliatuz, bi hiriburu horietan ere egin zituzten. Ohikoa da jai giroa aitzakia hartuta Sarek euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera salatzeko manifestazioak egitea; baina aurtengoek izan dute berririk ere: Donostiako Piratekin bat egin dute lehen aldiz. Abuztuaren 14an egin zuten topaketa Donostian, eta Gasteizen, bestetik, abuztuaren 5ean.

Baina, horren aurretik, beste egitasmo bat egin zuen Sare Herritarrak, Etxerat-ekin batera. Ehunka lagunek euskal presoentzako «behin betiko konponbidea» exijitu zuten abuztuaren 2an Euskal Herriko 11 hondartzatanHelmuga denak etxera lelopean. Hango hartan, oraindik erregimen itxian dauden 45 presoen egoeran —horietako 32 dira EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak— jarri zuten arreta, bereziki. Eta, Bilboko manifestazioan egingo duten gisara, Euskal Herriko hondartzetan salbuespenezko egoera amaiarazteko eskatu zuten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA