Sarek eta Etxerat-ek euskal presoentzat «behin betiko konponbidea» eskatu dute hondartzetan

Euskal Herriko 11 hondartzan mobilizatu dira ehunka lagun, 'Helmuga denak etxera' lelopean. Azpimarra egin dute oraindik erregimen itxian dauden 45 presoen egoeran, eta espetxe legedia arrunta aplikatzeko exijitu dute.

Sareren eta Etxerat-en mobilizazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sareren eta Etxerat-en mobilizazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko abuztuaren 2a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteroko irudia bilakatu da, baina azken aldiz errepikatu nahi dute: Sare Herritarrak eta Etxerat-ek deituta, ehunka lagunek euskal presoentzako «behin betiko konponbidea» exijitu dute gaur Euskal Herriko 11 hondartzatan. Helmuga denak etxera lelopean mobilizatu dira, «elkarbizitza justu eta iraunkor baterako eskubidea» aldarrikatzeko.

Zehazki, Gipuzkoako hiru eta Bizkaiko zortzi hondartzatan egin dute protesta. Bizkaian, Bakioko, Eako, Lagako, Laidako, Lekeitioko, Mundakako, Muskiz-Zierbenako eta Ondarroako hondartzetan mobilizatu dira; eta Gipuzkoan, berriz, Debakoa, Donostiakoa eta Zarauzkoa hautatu dituzte.

Azpimarra egin dute, bereziki, oraindik erregimen itxian dauden 45 presoen egoeran —horietako 32 dira EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak—; zehazki, espetxe legedia arruntaren aplikazioan sakontzeko eskatu dute, hala, preso horiek ere askatasuna berreskuratzen has daitezen. 

«Urte luzez mobilizatu gara abuztuko lehen asteburuan, eta argi dugu zein den helburua: gaurkoa izatea mobilizazio hau egin behar dugun azken aldia. Horrek erakutsiko lukeelako, legedia arrunta aplikatzera bidean, udan hondartzetan mobilizatu beharrik ez duen euskal gizarte bat», adierazi dute.

Sareren eta Etxerat-en iritziz, «iraganeko eszenatokiak gainditu eta elkarbizitzari zein etorkizunari begira jarri nahi badugu», ezinbestekoa da erbestean segitzen duten hamahiru iheslarien eta hiru deportatuen auziak ere konpontzea.

Sareren eta Etxerat-en mobilizazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sareren eta Etxerat-en mobilizazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea da, urte luzez sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen auziari konponbidea ematekoa, eta euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen dugunok argi dugu hori. Helmugara iristeko nahi eta beharra dugu; helmuga, denak etxean egongo diren eguna», esan dute.

Urteroko beste zita urtarrilean Bilbon egiten den manifestazio nazionala da, eta Sareko eta Etxerat-eko ordezkariek nabarmendu dutenez, aurtengoan ahalegina egingo dute «helmuga bat gurutzatu nahi dugula irudikatzeko, euskal presorik gabeko Euskal Herri bat ezagutu nahi dugula aldarrikatzeko». 2027ko urtarrilaren 9an egingo dute manifestazio hori.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA