Hernaniko txosna batzordeak eta Amher SOS Arrazakeria taldeak agerraldia egin dute gaur iluntzean txosnen inguruan, eta azaldu dute San Joan festetan magrebtarren kontrako zortzi eraso gutxienez gertatu direla. Eta berretsi dute migratzaileen kontrako eraso antolatuak ere izan direla. «Euskal Herria ez da oasi bat», esan dute: «Eta Hernanin gertatzen dena ezin dugu gertakari bakan gisa ulertu». Kezka agertu dute munduko beste bazter batzuetan ikusten diren joerak herrian ikusteagatik, elkartasuna adierazi diete zaurituei, eta xenofobiaren eta faxismoaren aurka antolatzeko deia egin dute.
Larunbatean gertatu zen eraso horietatik lehena; gero, jakin zen San Joan gauean beste hiru eraso izan zirela, BERRIAk ere hala kontatuta, eta, hain zuzen, ohartarazi dute eraso «oso larriak eta antolatuak» izan zirela; gaur esplikatu dute gau hartan beste hiru eraso ere gertatu zirela, bost gazte magrebtarren kontra, eta astearte gauean beste bati egindako eraso baten berri ere izan dutela. Gainera, seguru daude gehiago ere izan zirela.
Ikusi gehiago
Hernaniko Errugbi Elkarteak, Bilgune Feministak, Denak Etxera-k, Kontrakantxa gaztetxeak, Mugimendu Sozialistak, Ernaik, Askapenak, Boltaiak eta Elkartasun Taldeak osatzen dute txosna batzordea. Talde horietako dozenaka kide eta Amherreko ordezkariak ere bildu dira agerraldian, eta kezka agertu dute «jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak» zabaldu direlako azkeneko asteetan, ez jaietan bakarrik: «Festek, errealitate hori kondentsatu, eta bere gordintasunean azaldu digute».
Elkartasuna adierazi diete erasoak jasan dituzten gazte magrebtarrei, eta magrebtar komunitatea jopuntuan jartzen ari dela ohartarazi. «Berriro esango dugu istiluak aitzakiatzat hartuta ezin direla jatorri magrebtarreko gazteak seinalatu, kriminalizatu eta jipoitu. Azpimarratu nahi dugu sare sozialen, komunikabideen eta Poliziaren erantzukizuna handia dela jarrera arrazistak indartzeko eta zabaltzeko garaian». Eta liskar giro hori sortzeko gezurrak, beldurra eta «segurtasunik ezari» lotutako mezuak nola baliatzen diren ere deitoratu dute: «Beldurra eta segurtasun ezaren pertzeptzioa eraiki egiten da, eta ez da errealitate osoaren isla».
Ikusi gehiago
Esaterako, gogora ekarri dute herrian eta sareetan bortxaketa bat izan zelako berria zabaldu zela, baina egiaz ez zela halakorik gertatu: «Oso larria da bortxaketa bat asmatzea arrazismoa hauspotzeko. Bortxaketak banalizatzeko modu bat da, gainera: ez erabili emakumeon gorputza eta gure ongizatea jatorri magrebtarreko gazteak kriminalizatzeko».
Bestalde, hala txosnetako nola Amherreko kideek nabarmendu dute horrelakoak ez direla Hernanin bakarrik gertatzen: «Munduko testuinguruari erreparatzen badiogu, hartutako bidea nabarmena da: faxismoaren gorakada, eskuin muturraren indartzea, militarizazioaren hauspotzea, matxismoaren normalizazioa, maskulinitate eredu atzerakoia sustatzea, pobreziaren areagotzea, migrazio politiken gogortzea eta atzerritartasun lege kriminalak babestea, besteak beste».
«Ez dugu onartuko horrelako erasorik»
Eraso arrazistak antolatzeko asmotan dabiltzanei mintzatu zaizkie: «Ez dugu onartuko horrelako erasorik, eta hau guztia antolatzen ari zareten taldeei argi esan nahi dizuegu aurrean izango gaituzuela. Bidea itxiko diegu faxismoari eta arrazakeriari». Herritarrei esan diete ardura pertsonal eta kolektiboak hartzeko, «eta ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei» aurre egiteko: «Sare sozialetan, Whatsappeko taldeetan, kuadrillan, lantokian, kirol taldeetan, parrandan, familietan...». Eta jendeari eskatu diote antola dadila «xenofobiari, arrazismoari eta faxismoari» aurre egiteko.
Horrez gain, astearte goizaldean Ertzaintzak erabili zuen indarra eta izan zuen jarrera ere salatu dituzte txosna batzordeko eta Amherreko kideek, hainbat herritar zauritu baitzituzten kolpeka, tartean baita egoera baretzen ahalegintzen ari ziren txosna batzordeko kideak eta herritarrak ere: «Ertzainak indarkeriaz saiatu ziren kalea hartzen eta txosnagunera hurbiltzen. Txosnagunea esparru politiko eta autogestionatua da, eta ez dugu Poliziaren presentziarik onartuko». Babesa agertu diete ertzainen kolpeen ondorioz zauritutakoei ere.