Bilboko Casilla plazatik abiatuko da larunbatean Gure Esku-k antolatutako mobilizazioa, Herri libre bat, Euskal Herriak erabaki lelopean, eta Casilla aukeratu dute herritarrak mobilizazioarekin bat egitera gonbidatzeko. Erakustaldi horren bitartez «herri aktibazioa» lortzea izango dute helburu: «Herri honetan ezer ez da lortu herri aktibaziorik gabe», gogorarazi du Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk. «Eta herri aktibazioa ezinbestekoa izango da, herri gisa aurrera egingo badugu».
Mobilizazioaren xedeak zerrendatu ditu Etxaburuk: euskal nazioari bultzada ematea, burujabetzaren bidean urratsak egitea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzen hastea. Izan ere, sinetsita daude Euskal Herriko hiru administrazio eremuetan abiatutako prozesu eta eztabaidek aukera eman dezaketela aurrera egiteko lurraldeen arteko «artikulazioan» eta «burujabetza tresna gehiago eta hobeak» eskuratzeko bidean. Horregatik, aukera hori baliatu behar dela pentsatzen dute, «anbizioz» eta «herri ikuspegiz» jokatuta.
Etxaburuk mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egin die herritar guztiei: «Gure aniztasunean oinarrituz bidea elkarrekin egiteko. Munduari zazpi lurraldez osatutako nazio bat erakusteko. Etorkizuna beldurrik gabe denon artean eraikitzeko. Komunitatea egiteko».
Kalea bete ikurrin
Gure Esku-ko kide Miriam Camposek erantsi du larunbatekoa «herri agerraldi» bat izango dela, eta irudi argia bidaliko diola mundu osoari: «Herri argazki bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak ikusiko gaitu: askotariko herri bat garela, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena eta bere ikurrak maite dituena».
«Herri argazki» horretan «gutxitan ikusitako irudi bat» sortzea nahi du Gure Esku-k: Bilboko Autonomia kale osoa ikurrinez beterik egotea. Horregatik, dei egin diete mobilizazioan parte hartuko duten herritar guztiei ikurrinak eraman ditzaten agerraldira: «Larunbatean, Autonomia kalea ikurrinen kalea izango da. Eta gu haizea izango gara, ikurrinak astinduko dituena, herri honen burujabetza nahia bultzatuko duena».
Mobilizazioaren eguna hurbildu ahala, ugaltzen ari dira haren aldeko atxikimendu eta babesak. Maiatzean, euskalgintzako eta euskal kulturgintzako 144 norbanakok eta taldek manifestu bat sinatu zuten mobilizazioari sostengua adierazteko; egun, 200 baino gehiago dira agiri horrekin bat egin duten eragileak, eta oraindik ere atxikimendu gehiago iristen ari dira.
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek, Etxalde mugimenduak, Bilgune Feministak, Euskalgintzaren Kontseiluak, pentsiodunen mugimenduak, EGI eta Ernai gazte antolakundeek eta beste hainbat eragilek ere bat egin dute mobilizazioarekin. EH Bilduk ohar baten bidez iragarri du mobilizazioan parte hartuko duela «Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzen duten milaka euskal herritarrekin batera», eta hara joateko deia egin die «Euskal Herriak bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea duela uste duten herritar guztiei». EAJren ordezkaritza bat ere iragarri du Gure Esku-k; baita Ahal Dugu-rena ere.
Etxaburuk azaldu duenez, «atxikimendu eta babesetatik harago», mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete erakunde eta eragile guztiei, haiekin izandako bileretan: «Parte hartzea gauzatu nahi dugu, eta larunbatean desberdin pentsatzen duten herritar asko ikustea da gure helburu nagusia». Horretarako, «etengabeko harremanetan» daude eragile nagusiekin, eta halaxe egongo dira mobilizazioaren ostean ere, «ezaugarri horixe baitago Gure Esku-ren DNAn; ez gaude hemen lubakiak sortzeko, zubiak eraikitzeko baizik».
EGUN OSOKO EGITARAU JORIA
Goiz-goizetik, ekitaldi ugari izango dira Bilbon, Gure Esku-k hizpide duen «herri librea» irudikatu eta giroa pizteko. Zazpikaleetan, Santiago eta Unamuno plazak eta Plaza Barria izango dira gune nagusiak, eta goizean umeentzako ikuskizunak, herri kirolak, bertsolarien emanaldia eta bestelako ekitaldiak izango dira. Mobilizazioaren amaiera ekitaldian, Palestinako Sol Band musika taldeak hartuko du parte, eta hura bukatutakoan festarekin jarraitzeko aukera egongo da Bira kulturgunean, Iratzar erromeria taldeak joko baitu.