Jose Luis Elejalde (Bilbo, 1970) Tecnaliako Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendaria da. Uztailetik beste kargu bat ere badu, orduan izendatu baitzuten Aclimako presidente —EAEko enpresa, industria, teknologia eta ingurumen zerbitzuetako erakundeak biltzen dituen klusterra—. Elejaldek Tecnalian gidatzen duen unitatean, 25 urte daramatzate hidrogenoaren inguruan ikertzen eta teknologia garatzen. Eskala txikiagoan hasi baziren ere, gaur egungo taldea 60 profesionalek osatzen dute.
Hilabeteotan, hidrogenoak interes berezia piztu du gizartean, jakin denean Mantle8 enpresak esplorazioak egiteko baimenak dituela Euskal Herrian —Aralarko natur parkean—, hidrogeno zuria edo naturala aurkitzeko itxaropenez. Energia mota horren bultzatzaileek diote «etorkizuneko iraultza» izango dela; esploratzeko baimenek eragindako herrietan, baina, zalantzak dira nagusi.
Euskal Herrian hidrogeno naturala egon daitekeela zabaldu da, baina oraindik ez dago garbi zer aukera eman dezakeen energia iturri horrek. Zertan da? Etorkizuneko iraultza izan daiteke?
Hiru hidrogeno mota nagusi ustiatzen dira: hidrokarburoen findegietan sortzen dena —jatorri fosilekoa—, hidrogeno berdea —energia berriztagarrietatik eratorria—, eta naturala —lur azpikoa—. Herrialde batzuetan hidrogeno hobien mapa potentzial bat marrazten ari dira, baina oraintxe ikerketa fasean dago, eta gaur-gaurkoz ez da aukera bat hidrogeno hori ustiatzea. Gainera, nik uste dut epe oso luze batean ere ez dela izango, ez baitago ia esperientziarik. Malin soilik atera dute, baina salbuespena da. Gainera, argitu behar da lur azpian dagoen hidrogenoa ez dela berriztagarria. Poltsa horietan dagoena ateraz gero, ez da berritzen. Hobien mapak egitea garrantzitsua da, eta, hori etorkizuneko aukera bat izanik ere, Euskadin jadanik esku artean daukagunaren aldeko apustua egiten dugu, eta hori hidrogeno berriztagarria da.
Tecnalian 25 urte daramatzazue hidrogeno berdea garatzen. Zeintzuk dira aukerak?
Batetik, deskarbonizatzen lagunduko genieke elektrifikatzeko oso zailak diren industriei: esaterako, zementu fabrikak, siderurgia, findegiak eta galdategiak. Aldi berean, erregai berriztagarri horiek sortzeko, jarduera ekonomiko berri bat garatzen arituko ginateke, eta, horrekin batera, lanpostuak sortzen. Herri bezala, apustu estrategikoa da erregai berriztagarrietan industria sektore berri bat garatzea. Aukera paregabea dugu.
Energia berriztagarriek —energia eolikoak eta fotovoltaikoak, kasurako— arrastoa uzten dute mendian, eta horrek proiektuen inguruko kezka eta kontrakotasuna sortzen dute herritarren artean...
Gaur egun gehienbat petrolioa eta gas naturala kontsumitzen ari gara, eta hori jada ez da gehiago sortuko. Hurrengo belaunaldiei energia alorrean uzten ari garen egoera guk hartu genuena baino okerragoa da. Panel fotovoltaikoek eta haize errotek, berriz, inpaktua dute paisaian, baina, hidrokarburoena ez bezala, berriztagarrien inpaktua itzulgarria da. 50 urte barru beste energia iturri bat aurkituko bagenu, eguzki panelak eta haize errotak kendu ahalko genituzke eta lehengo moduan geratuko litzateke mendia.
Ingurumena zaintzeko ardurak ez ezik, hidrokarburoen etengabeko garestitzeak zerikusia izan du trantsizioaren beharra garbiago ikusteko?
Urte hauetan izaten ari garen krisiek —Ukraina eta Errusiarena hasieran, eta orain Irangoa— inoiz baino ageriago utzi dute zer ahula den Europa energia alorrean. Hori dela eta, energia eta erregai berriztagarrien aldeko apustuak garrantzi berezia hartu du: orain arte ingurumena zaintzeko beharra nabarmentzen bazen ere, gero eta gehiago Europan, eta hemen ere, Euskadin, energia burujabetza lortzeko giltzarri bihurtu dira berriztagarriak. Energia alorrean, mundua banatuta dago erregai fosilak dituztenen eta ez ditugunen artean. Zein da ez daukagunon aukera? Gas eta petrolio sortzaile handien menpe egotea, eta, beraz, gure etorkizuna ere haien esku uztea. Horren ondorioak onartzeko prest gaude?
Herrialde batzuetan hidrogeno hobien mapa potentzial bat marrazten ari dira, baina oraintxe ikerketa fasean dago, eta gaur-gaurkoz ez da aukera bat hidrogeno hori ustiatzea
Industria garatzea eta ingurumena zaintzea: betiereko etsaiak...
Euskadi herri industriala da, eta hamarkadak daramatzagu ingurumenaren zaintzaren eta industriaren garapenaren arteko orekaren alde lanean. Gai delikatua da interes asko daudelako tartean, baina gure estrategia da deskarbonizazioan aurrera egitea gure ekonomiari eusteko gaitasuna galdu gabe; prozesuan lanpostuak, soldatak eta industria ehuna bermatu behar ditugu.
Egin daiteke energia trantsizioa sektore ekonomiko batzuk bazterrean utzi gabe?
Teknologiak eta araudiak eskutik helduta joan behar dute. Trantsizioa ezin da iraultza bat izan, deskarbonizazioa ezin da egun batetik bestera lortu, bestela enpresa askok itxi beharko bailukete, eta jende askok lanpostuak galduko bailituzke. Ondo pentsatutako trantsizioa egin behar dugu, eta deskarbonizazioaren prozesua baliatu behar dugu beste sektore ekonomiko bat sortzeko. Prozesu horretan, gainera, langileak gaitasun desberdinetan formatu behar ditugu, eta produktu batzuk aldatu. Euskadik bi erronka ditu: 2050ean batere isuririk ez izateko helburura iristea, eta gai izatea deskarbonizazioa lortzeko beharrezkoa den teknologia garatzeko eta Europan eta mundu osoan saltzeko.
Hidrogeno berdea garatzeko, funtsezkoa da energia eolikoa eta fotovoltaikoa ere garatzea, baina EAEn badira horretarako zenbait muga. Horrek atzeratu dezake zabalpena?
Gure lurraldean garapen mugatua dugu arlo horretan, baina zorionez gertu dugu Espainia, energia berriztagarrien sortzaile handia. Hortaz, luzera begira, seguruenik, energia elektrikoa inportatzen jarraitu beharko dugu, baina, aldi berean, aukera dugu erregai berriztagarrien sortzaile eta teknologia garatzaile izateko.
Luzera begira, seguruenik, energia elektrikoa inportatzen jarraitu beharko dugu, baina, aldi berean, aukera dugu erregai berriztagarrien sortzaile eta teknologia garatzaile izateko
Zer baldintza behar lirateke hidrogeno berriztagarria sendotzeko?
Segurtasuna bermatzea, kostua apaltzea, eta araudia egokitzea. Segurtasunari dagokionez, hidrogenoa manipulatzeko zaila da, baina, teknologiari esker, hori lortzen ari gara. Araudiaren kasuan, Europak berriztagarrien alde benetako apustua egin nahi badu, CO2 emisioen eskubideak garestitu beharko lituzke. Enpresek ezarritako CO2 kantitateaz gaindi emititzeagatik gehiago ordainduko balute, orain garesti ateratzen diren teknologia batzuek merkatuan sartzeko aukera edukiko lukete. Baina benetan funtsezkoa prezioa da, energia eta erregai berriztagarri merkeak sortzeko gaitasuna lortzea, oraingoz hidrogeno berdea sortzea erregai fosilak baino garestiagoa baita.