«Ondo baino hobeto dakigu zer dagoen Canon Françaisaren bazkari horien atzean: eskuin muturra ez da ideia kontu hutsa; indarkeria da, pertsonen aurkako erasoak dira, jatorriagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo sexu orientazioagatik, tokiko militanteen aurkako erasoak ere bai». Arrazoi horiengatik, beraz, Canon Français enpresak azaroaren 28an Miarritzeko (Lapurdi) Irati aretoan egitekoa duen «euskal banketea» oztopatzeko asmoa du Herri Harresiak. Modu «herrikoi eta bizian» egin nahi dute hori, oturuntzaren «besta eredu baztertzaile eta frantseszalearen» kontra egiteko, nolazpait.
Azaroaren 3an, 19:00etan, bilkura publikoa eginen dute Baionako Lan Burtsan, mobilizazio kanpainan parte hartu nahi luketen guztiei informazioa helarazteko asmoz. Hori aitzin, Visa64 kolektiboak azaroaren 2an antolatu duen elkarretaratzera batzera deitu dute, Miarritzeko turismo bulegoan, 18:00etan.
Ikusi gehiago
Zeren Canon Françaiseko oturuntzak ez dira edozein bazkari: aitzitik, halakoetan irain arrazistak, homofoboak eta ikur naziak zabaltzen dituzte, zenbait hedabidetan frogatu izan dutenez. Bankete horien sortzaileak «Pierre-Alexandre Mortemard de Boisse eta Geraud du Fayet de la Tour aristokratak» dira. Enpresaren finantzatzaile nagusien artean, bestalde, Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliarduna dago, «zerga iheslaria» ere badena, Herri Harresia dinamikakoek oroitarazi dutenez.
Horregatik sortu zuten Herri Harresia, «gorrotoaren eta zatiketaren dinamikari» aurre egiteko asmoz. Harresi horren eraikitzeko asmoa urri hatsarrean egin zuten publiko, Euskal Herriko askotariko esparrutako ehun bat pertsonak izenpetutako manifestuarekin batera. Ehun pertsona horietako batzuk gaur goizeko prentsaurrekoan izan dira, hain zuzen, dinamika jende aitzinean aurkezten. Irati gela aitzinean egin dute aurkezpena, «euskal banketea» egitekoa duten tokian bertan. Manex Fuchs antzerkilaria horien artean izan da, eta zera adierazi du, kultura zer den hausnartzeko momentuan: «Erraten da kultura politikaren bikia dela... Gainera, hartu nahi dituzte gureak diren ikur zenbait, eta erabiltzen dute ustezko euskaltasun bat haien eskuin muturreko ideologia oinarritzeko, nonbait. Hori, zinez, ukatu behar den kontua da».
Ukatu, eta baita oztopatu ere, hori baitute helburua Herri Harresikoek, oturuntza ez dadila gerta. Orain arte, ordea, ez Miarritzeko auzapezak ezta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak ere ez dute adierazi ekitaldia bertan behera utziko dutenik. Kontrakoa izan da, preseski: Serge Blanco Miarritzeko auzapezak erran duenez, «ordena publikoa trabatzeko arriskua» izanen balitz baizik ez luke ekitaldia debekatzen ahalko, pribatua delako. Halere, Blancok adierazi du ordena publikoa trabatua izateko arriskuaz prefetari galdetuko ziola iritzia, debeku bat agindu ala ez, araberan erabakitzeko. Oraingoz, prefetak ez dio Blancoren galdeari publikoki erantzunik eman, ezta BERRIAri bere jarrera argitu ere.
Canon Françaisekoek oturuntza egiteko baimena baldin badute, beraz, Herri Harresiak segurtatu du Euskal Herriko milaka jende hurbilduko direla horren oztopatzera. Dituzten informazioen arabera, 2.000 pertsona inguru etortzekoak dira bazkaltzera, orduan espero dute hori bezain bat pertsona bilduko direla ekitaldiaren kontra. Baina «irudi alai, koloretsu, jendetsu eta herrikoia eraikiz» egin nahi dute hori. «Bakoitza bere musika tresna, kantu liburuxka eta bururatzen zaion guztiarekin» etortzera gomitatu dute. Izan ere, Patxi Amulet musikariak uste du «Euskal Herrian kulturak baduela karrika eta plazak hartzeko gaitasuna», eta, orduan, «sinpleki», hori dela azaroaren 28an egin behar dena: «Balia ditzagun ditugun ahalmen guziak —kultura barne— ekitaldi honi oztopo egiteko».