Herri Lanen zuzendari ohia: «Beste modu batean egin izan bagenu, Belate ez zen aurrera aterako»

Abenduan kargugabetu zuten Pedro Lopez Bera Belateko tunelaren gainkostuen ondorioz. Irmo adierazi du proposatutako aldaketak ustekabeen ondorio izan zirela eta ez enpresei komeni zitzaielako: «Ez nator bat inondik ere Kontu Hartzailearen azalpenarekin».

(ID_15748619) Pedro Lopez Bera, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen kontseilari ohia, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Pedro Lopez Bera, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen kontseilari ohia, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 4a
19:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belateko tunelaren adjudikazio prozesua oso korapilatsua izan zen 2023an. Sei hilabete iraun zuen, kontratazio mahaiko kideen artean eztabaida handiak izan ziren, eta, azkenean, pilota Pedro Lopez Bera orduko Nafarroako Gobernuko Herri Lanen zuzendari nagusiaren teilatuan geratu zen. Hark aurrera jotzea erabaki zuen, eta kontratu publikoa sinatu zuen Accionak, Osesek eta Servinabarrek osatutako enpresa elkarte irabazlearen alde. Gaur Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, zuzendari izandakoak baieztatu du ez dela horretaz damutzen.

Zurekin Nafarroako Miguel Garridok gogorarazi dio oso ezohikoa dela kontratazio mahai batean boto partikularrak izatea —zehazki, hiru izan ziren prozesuaren aurka—, eta, ondorioz, galdetu dio zergatik ez zuen auzia egoera horiek aztertzen dituen kontratazio batzordearen esku utzi. «Okerrago izango zen», erantzun du Lopez Berak: «Beste modu horretan egin izan bagenu, askoz gehiago luzatuko zen, eskandalua are handiagoa izango zen, eta, azkenean, baliogabetuta geratuko zen adjudikazioa. Ez zen aurrera aterako», arrazoitu du.

Nahiz eta eskuineko oposizioak ustelkeriaren susmoa Belateko tunelaren obrara zabaldu nahi duen, Lopez Bera «konbentzituta» dago prozesu garbia izan zela. Sinetsita dago bertan parte hartu zuten pertsona guztiek profesionaltasunez jardun zutela, «gauzak ahalik eta hobekien egiteko asmoz». Kontratazio mahaiko kide gehienak bere ardurapean zeuden, baina ez du haienganako mesfidantzarik. «Bestela ez leudeke nire taldean». Hala, uste du euren artean izandako desadostasun handiak irizpide teknikoen ondorioz izan zirela. «Oso deseroso nago txutxu-mutxuez eta kontu pertsonalez hitz egitean», esan du. Alta, Garridok galdetu dio ea mahaia osatu aurretik euren arteko tentsioak gauzak erraztu ote zituen: «Baliteke ezetz», ihardetsi dio.

Gainkostuen harira

Lopez Bera zurrunbilo politikoaren erdian egon da. Iazko azaro amaieran, Nafarroako Gobernuko kontu hartzaile nagusiaren txosten batek ondorioztatu zuen Belateko tuneletan izandako zortzi milioi euroko gainkostuetatik 6,2 milioi justifikatu gabe daudela. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoa argitzeko eskatu zuten, eta abenduan Maria Txibite lehendakariak Pedro Lopez kargugabetu zuen. Gaur onartu du ez diotela erabakiaren inguruko azalpenik eman.

Kontu hartzaile nagusiak txosten horretan azaldu zuen enpresa elkarteak proposatutako hiru aldaketa ez zirela ustekabeen ondorio, «enpresaren komenentziaren araberakoak» baizik. «Ez nago inondik ere ados», erantzun du irmo Lopez Berak, horri buruz galdetuta.

Haren esanetan, 2024ko apirilean obrak hasi zirenetik lanen nondik norakoak azaldu dizkiote kontu hartzaileari: «Edozein susmoren berri eman izan baligu, edo bide onetik ez gindoazela esan, norabidez aldatu edo behar zen guztia egingo genuen», aipatu du, eta gaineratu: «Baina ez zigun ezer txarrik esan, eta bat-batean, urte eta erdi geroago, halako txostena plazaratzen du». 

«Ziurtatu dezaket tentsioa ezin handiagoa dela Belateko obra zuzentzen duen taldearen eta enpresaren artean»

PEDRO LOPEZ BERA Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilari ohia

Lopez Berak ohartarazi du Belatekoa oso lan konplexua dela. 2018an, gobernuak azterketa geologiko bat egin zuen, eta hark bildutako informazioaren inguruan egituratu zen lizitazioan definitutako proiektua. Lopez Beraren arabera, lau taldek «informazio berean oinarrituta irizpide tekniko desberdinak» eman zituzten, eta horregatik uste du ustekabeen ondorio direla behin lanak hasita enpresak proposatutako aldaketa nagusiak — tunelaren estalgarriari eta zulatze metodoari buruzkoak—.

Hori egin ezean tunelaren segurtasuna kolokan egon ote daitekeen galdetuta, erantzun du «baietz». Haren esanetan, hara joatea besterik ez dago ikusteko ur asko dagoela, eta horrek arroka hauskor bihurtzen duela. Adierazi du obra zuzentzen duen taldearen irizpideak bete dituztela. «Ziurtatu dezaket tentsioa ezin handiagoa dela obra zuzentzen duen taldearen eta enpresaren artean». Aitortu duenez, «harremana aldatu» egin da iragan ekainean Guardia Zibilak bere txostena kaleratu zuenetik.

Garridok galdetu dio ea zer pentsatu zuen Guardia Zibilak Santos Cerdan Servinabar enpresarekin lotu zuenean. «'Falta zitzaiguna!', pentsatu nuen». Aurrekontu aldaketa salaketa horrekin lotuko zela jabetu ziren berehala Lurralde Kohesioko Departamentuan, eta azaldu «eskandalizatuta» geratu zirela. Dena den, «ziur dago» Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiak ez zuela esku hartu herri lan horren adjudikazio publikoan, eta Jesus Polo kontratazio mahaiko presidentearengan konfiantza duela esan du. 

maria torresek hartuko du lopezen lekukoa

Pedro Lopez abenduan kargugabetu zuen Nafarroako Gobernuak, eta haren postua bete gabe zegoen. Gaur jakinarazi dute Maria Torresek hartuko duela haren lekukoa. Lurralde Kohesioko kontseilari berria Bideetako ingeniaria da, eta 2023tik ari da lanean departamentu horretan, Proiektu eta Herri Lanen Zerbitzuan. Aurretik 23 urtez egin du lan eraikuntza sektorean, hala arlo pribatuan nola publikoan. Galiziarra da, eta 47 urte ditu. 

Nafarroako Gobernuaren arabera, «Nafarroarentzat estrategikoak diren proiektuak zuzentzeko ardura hartu du». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.